Lesbianoi sarri entzungo zeniguten (eta bestela hemen dator) zein zinema erreferentzia gutxi izan dugun beti, zenbat “lesbianen film” gutxi dauden, eta dauden gutxietan, oro har, zein gaizki doakigun. Beti bukatzen dugu triste, izorratuta, zoratuta, edo onenean, hilda. Azken urteotan hainbat pelikula berri izan ditugu, eta hori ona delakoan nago, nahiz La vida de Adelek bollo-drama bat irudikatu digun, edo Habitación en Roma pastelosoa gure iruditegitik ezabatu nahi izan dugun.
Ez gara konformistak, hori ere izango da (edo hori izango da batik bat). Dugun gutxia lupaz behatzen dugu. Eta lesbianak alde batera utzita, ikusteko gehiegi itxaron dudan Loreak filma dut barruan dantzaka. Izugarri gustatu zait, izugarri. Bene-benetan diot. Baina bat-batean ohartu naiz, inkonformismo hori ere ukitu didala. Hiru emakume eta hiru destino: menopausiak jotako zoro-obsesiboa, emazte hotza edota memoria galdu arteko amaginarreba bihozgabea izatea. Destino petrala gurea.
Baina pentsatu dut, ezin diodala erru guztia zineari bota, agian gure bizitzak zoriontsu irudikatuta ikusi nahi baditut beste nonbait bilatu beharko nukeela; besterik ez.