Zorraren auditoria, Grezian eta hemen

Ilusioa da edozein aldaketarako akuilu nagusia eta Syrizaren garaipenak zerbait ekarri badu horixe da, ilusio haize bolada ederra Troikak menderatzen duen Europako gotorlekura. Ilusioaren aurretik, alabaina, pobrezia, etsipena eta etorkizun eza norbere larrutan jasatea ezinbestekoa bide da bestelako aukerei ateak irekitzeko.

Horixe izan da Grezian gertatutakoa eta orain ikusteko dago miseria barreiatu den Europako beste herrialdeetan Greziakoak zein eragin izango duen. Espainian, Portugalen, Italian… pobrezia eta etsipen maila sakonagoa beharko da erantzuteko edo hangoak balio dezake hauek lehenago erreakzionatzeko? Datozen hilabeteetan lehen erantzunak ikusiko ditugu, bereziki Espainian, eta Grezian moduan, Podemos indar politiko berrian finkatuko dira Europa osoko begiradak.

Alexis Tsiprasek ate berriak ireki ditu Grezian eta orain guduaren ordua da. Europako demokrazia ereduak erakusten du herritarren sostengua lortuz gero, egiazko alternatiba aurkezten duen indar batek eskura dezakeela gobernua; orain ikusi beharko da, Syrizari horretarako egiazko aukerarik uzten zaion, indar mediatiko eta ekonomiko nagusiak greziar oligarkiaren esku daudenean. Troikak bereziki lagunduko duen Greziaren oligarkia indartsuaren aurka egin beharko du lehenik Tsiprasek; eta, aldi berean, Troika beraren aurka.

Oligarkiarekiko borrokan bere pribilegioen murrizketari ekin beharko dio, aberastasuna era justuagoan banatzeko modu bakarra; eta Europar Batasunarekin bere zor publikoaren negoziazioa bideratu beharko du (240.000 milioi euro, BPGren %175), zati bat kitatuz eta beste bat epe luzera bideratuz. Tresna interesgarri zein ezinbestekoa jarri beharko du abian Syrizak horretarako, zorraren auditoriarena. Hego Amerikan egin dira halako esperimentuak, bereziki Ekuadorren, baina ez Europan. Zorraren errealitatea herritarren aurrean biluzteko aukera bikaina da.

Denak adierazten du Europar  Batasunak bere alde malgua erakutsiko duela oraingoan, batez ere beste herrialde batzuetan gisa bereko fenomenoak saihesteko. Nola eta noraino? Inork ez daki, baina unea laborategikoa da, Greziakoak egoera berriak ireki ditzakeelako maila guztietan. Irekiko al ditu!

Zor kontuetan, hala ere, eskandalua ez da estatuen zor publikora mugatzen, gizarteko esparru askotan ikus liteke nola sistema ekonomiko eta politikoak babesten duen bankuen jarduera, hauen jokamolde ugari moralaren eta herritarren duintasunaren aurkakoak izan arren. Etxebizitzen hipotekak eta etxegabetxeak izan daitezke ezagunenak, baina azpiegitura handien eraikuntzarako instituzioek lotutako zorpetzeetan ere ez da eskandalu gutxi, izan itzaleko bidesarien formulapean egindakoetan edo bestelakoetan.

Honako hau, adibidez, gertuko adibide bat da: azpiegitura handi bat eraikitzeko euskal instituzio batek mailegu handi bat eskatzen du. Baina hauteskundeen ondorioz, gobernu aldaketa eta proiektu aldaketa dator azpiegitura horrekiko, eta jadanik instituzioak ez du mailegu hori guztia behar. Baina, finantza sistemak ondo lotuak ditu halako egoerak, bai mailegu handiak eskatzen dituzten azpiegitura proiektu erraldoiak babesteko, eta baita bankuek diru etekinak bai ala bai lor ditzaten ere. Horregatik, baldintza bat jartzen diote instituzioari: dirua emango dizut, baina dirua erabili ala ez, zuk interes bat ordainduko didazu hainbat denboran. Ados, diote agintariek.

Baina proiektu berria bideratu duten agintari berriek halako dirutzarik behar ez dutenez, saiatzen dira birnegoziatzen maileguaren baldintzak: ez, ez da posible diote bankuek. Eta adostasunik ez dagoenez epaiketara doa auzia. “Ez –dio epaileak– bankuek arrazoi dute eta zuk –instituzioari– adostutakoa ordaindu beharko duzu”.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioan gertatutakoa  da. EAJk Gipuzkoako Diputazioa kudeatzen zuenean GHK-k mailegua eskatu zuen Zubietako errauste planta egiteko eta swap formulapean lotu Caixabank eta Banestorekin. Ia 60 milioi euroko kostearekin interesetan, urtez urte GHK-k ordaindu behar duena, berdin dio mailegua erabili hala ez. Kasu honetan epaileek bankuen alde egin dute. Zorraren auditoriak zer esango luke? Bai, gauza bat da hauteskundeak irabaztea eta oso bestelakoa sistema aldatzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia
Gilen Konkistatzailearen oinordeko aberatsak

Hastings (Ingalaterra), 1066. Gilen I.a Normandiako dukearen gudarosteak Harold II.a erregearen tropak mendean hartu zituen, eta tronua eskuratu zuen. Gilen I.a Konkistatzailea 1087 urtera bitartean izan zen errege.

Normandiarren konkistaren ondorengo erregealdi horretan,... [+]


Austeritatearen itzulera
Arau fiskal berriei baietza eman diete Bruselan eta murrizketa sozialei atea ireki

Europar Batasuna pandemia aurreko zerga arau zorrotzetara bueltatzeko bidean da, Europako Parlamentuak estatu kideek duten defizita eta zorpetzea mugatzeko neurri fiskal berriak onartu ostean. Ecofinek 2023 urte amaieran erabakitakoari jarraiki, austeritate eta murrizketa... [+]


Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude