Beste erresistentzia modu bat lurralde okupatuetan

  • Lurra bada palestinarrek jasaten duten okupazioaren gakoa, nekazariak ditugu haren aurkako borrokaren lehenengo lerroan, bertan laborari izatea beste erresistentzia modu bat baita. Euskal ordezkaritza batek Palestinako nekazarien eskubideen urraketak gertutik ezagutzeko parte hartu du La Vía Campesinak antolatutako elkartasun bidaia batean.

Gizakion bizitza babesteko “nekazarien eskubideak babestea eta betearaztea garrantzitsua da”, dio La Vía Campesinak (LVC) sortutako Nekazarien Eskubideen Gutunak, Nazio Batuen onespena izatea espero dutena. Horren harira egin zen azaroaren 1etik 9ra bitartean, LVCk eta Palestinako Union of Agricultural Work Committees (UAWC) sindikatuak Zisjordania eta Gazara antolatutako bidaia. Nazioarteko elkartasuna adierazi eta okupazio egoera salatzea zuten helburu. Larriak dira mundu osoan laborariek jasaten dituzten arazoak, baina are larriagoa da egoera Palestinan, lurra bereganatzea baita gatazkaren muina. Bestalde, ezin ahaztu emakumeek zigor bikoitza dutela: palestinar eta emakume izateagatik.

Sionisten “biztanlerik gabeko lurra, lurrik gabeko herriarentzat” gezurraren babespean gauzatu du Israelgo Estatuak Palestinako okupazioa: 1947ko azaroan, NBen osoko bilkurak estatu bi sortzeko erabakia hartu zuenean, Palestinak 1.972.000 biztanle zituen:  haietatik heren bat (608.000) ziren juduak –gehienak aurreko 30 urteetan Europatik joandakoak–, eta lurren %6 baino ez zuten. Harrez geroztik, etengabea izan da palestinarren lurren desjabetzea edo, beste era batera esanda, palestinar herria desagerrarazteko prozesua.

LVCko kideak diren EHNE Bizkaia eta ELB sindikatuetako kideak eta beste talde batzuetako partaideak izan ziren lur horiek bisitatzen, nekazari, artzain eta arrantzale palestinarren kinka eta borrokaren berri gertutik ezagutu eta gurean zabaltzeko.

Okupazioa garatzeko tresneria

“Laborari garen heinean, nekazariek  okupazioa zelan bizi duten jakin nahi genuen. Palestinaz ari garela, ez dugu ahaztu behar gatazkaren lehenengo lerroan daudenak laborariak direla”, mintzo zaigu EHNE Bizkaia sindikatuko Malu Egiluze, han ikusitakoaz. ELBko Ana Badosek hartu du hitza: “Okupazioaren gakoa lurra da. Israelek lurra bereganatu nahi du, eta horretarako bertan dagoen jendea kanporatu beharra dauka”. 1948an Israelgo Estatua sortu zenetik, asko izan dira palestinarrak beren lurretatik kanporatzeko hark erabilitako tresnak; aurrenekoa, arabiarrak sarraskitzea eta beren herriak ezabatzea izan zen. Israelgo milizia terroristek behartuta, 1949ko ekainean, 940.000 ziren errefuxiatu palestinarrak. Urte bete lehenago, 1.364.000 arabiar bizi ziren Palestinan. Beren ondasun guztiak konfiskatu zituen Israelek, 1948-1950 tartean sortutako legediak –ez dauden jabeen legeak– haien kudeaketa Knesset-en (legebiltzarra) eskuan laga baitzuen. Kolonoek bereganatzen dituzte lurrok, gehienbat.

Nazio Batuek aldarrikatutako ebazpenak ere baliatzen dituzte israeldarrek lurrak bereganatzeko, hala nola, 1948ko abenduko 194. ebazpena: “Ebazpenak derrigortzen du errefuxiatuek etxera bueltatu nahi ez izatekotan, galdutako ondasunengatik kalte-ordainak ematera. Ez da baina palestinarren aldekoa: kanporatuek ez dute itzultzerik, eta kalte-ordainak izatekotan, sos batzuk besterik ez dira: ez dizkiete sekula galdutako lurrak bueltatuko”, dio Badosek.

Harresia ere baliogarria da okupatuta ez dauden lurrak de facto bereganatzeko. EHNE Bizkaiko Joseba Koskorrotzak honela azaldu digu: “Israelek harresia baliatu du lur gehiago bereganatzeko. Eraikitakoaren %20k baino ez dio Nazio Batuek 1947an ezarritako muga edo marra berdeari segitzen. Harresiaren 721 kilometroak bukatuta, Zisjordaniaren %10 Israelgo aldean geratuko da”.

Negozio borobila

Lurrak lapurtzea ez da harresiak eragindako kalte bakarra. “Asko dira hesiaren bi aldeetan lurrak dituztenak –dio Badosek–, eta hura zeharkatzeko ezinbesteko baimena behar dute. Eta behin hori lortuta, militarrek sarrera debekatu ohi diete, segurtasun neurriak aitzakia hartuta. Hala, laborarien eguneroko lana oztopatzen da”.

Uztaro kooperatibako Kelo Arribasek gatazkaren beste alde bat agertu digu: “Palestina guztiz okupatzeko inportantea da oso bere nekazal sistema ahultzea, izan ere, israeldarren menpe dago. Palestinarrek produktuak bertako merkatuetan baino ezin dituzte saldu, eta israeldarrek orduak eta orduak pasarazten dizkiete eroaten dituzten produktuak ustel daitezen”. Horiek ez dira amarru bakarrak: “Israelek palestinarren produktuen salneurriak jaisteko, merkeagoak diren bere produktuak sartzen ditu. Palestinarrek behar duten guztia inportatu behar dute eta mugak kontrolatzen dituen Israelek gero eta zerga altuagoa ezartzen die, baita bere nekazal-produktuak –ongarriak, kasu– saldu ere, kalitate eskasekoak eta oso garestiak”.

Hala, palestinarren etxaldeak ez dira errentagarriak, eta azkenean Israelek bereganatzen ditu, landu gabe daudelako. Lurrei eusteko, bestelako zereginetan lan egin behar dute palestinarrek, kolonietan eta Israelgo fabriketan normalean. Okupazioaren negozioa borobiltzen du horrek, beraiek baitira langilerik merkeenak. “Laborari izatea, beraz, beste erresistentzia modu bat da”, laburbildu du Badosek.

David Lopategi Bizilur elkartekoa da eta zinegotzi dabil Bilboko Udalean, EH Bildu ordezkatuz. Okupazioaren beste helburu bat ikusarazi digu berak: “Akuiferoak bereganatu nahi dituzte, baliabide naturalak lapurtu eta horretarako ere harresia erabiltzen dute. Lurpeko urak Palestinan daude, ez NBk Israeli emandako lurretan. Harresia zabalduz, lurra lantzeko funtsezkoa den ura ere kentzen ari zaie palestinarrei. Uraren %80 Israelen esku dago orain, gainontzekoa arabiarrentzat da”.

Palestinarrek kontsumitzen duten ur gehiena pozoituta dago, baita Gazako kostaldekoa ere, bertako estolderia-sarea bonbardaketek suntsitu dutelako. Bestalde, 1993ko Osloko Itunak arrantza egiteko 20 itsas miliako eremua eman bazien ere, etengabeko eraso militarrek arrantzaleak itsasertzetik hiru itsas miliara lan egitera derrigortzen dituzte, arrain-sardak ugaltzen diren pozoitutako uretan alegia.

Okupazioari aurre egin

Okupazioa negozio biribila da Israelentzat. Palestinarren baliabide natural guztiak ostu ez ezik, nazioartetik laguntzarako emandako diruaren %40 eurentzat eskuratzea lortzen baitute: euren armadak txikitu duena euren enpresek berreraikitzen dute. Horren kontra ezer egiterik al dagoen galdetu diegu Palestinan izandako euskal ordezkariei: haien erantzuna BDS kanpaina sustatzea da. Lopategik azaldu du zertan datzan: “Alde batetik, lurralde okupatuetan dauden enpresetan ez inbertitzeko deia egiten du kanpainak; bestetik, horietan ekoiztutako produktuak ez erosteko; eta azkenik nazioarteari eskatzen zaio zigortu dezala Israel, Nazio Batuen ebazpenak bete ditzan”. Joseba Koskorrotzaren ustez, “funtsezkoa da israeldarren poltsikoa ukitzea beraiek ere beren Gobernua presionatu dezaten”.

LVCk bultzatzen duen Nekazarien Eskubideen Gutuna ere onuragarria dela nabarmendu du EHNE-Bizkaia sindikatuko Ana Gonzalezek: “Gutunak bizitzarako eskubidea onartzen du. Palestinan, lurra, haziak, ura, lan-tresnak edota bizitza duina edukitzeko eskubidea suposatzen du horrek”.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude