Habanako espaloi lurmenduak

  • Kubak eta AEBek euren arteko harremanari berriz ekingo diotela iragarri zutenetik hilabete baino gehiago igaro da, eta hilaren 21 eta 22an herri horietako ordezkaritza bana bildu dira lehen aldiz Habanan, immigrazio politikaz eta harreman diplomatikoez hitz egiteko. Zer arnasten da ordea Neptuno kaleko lokaletan? Zer La Rampako espaloietan edo Malekoian?

Habanako Malekoia itsasoaren olatuek zipriztinduta, 2015eko urtarrileko goiz batez. Hainbeste urtetako ezin eramana ez da hain erraz urtuko, inperioak segituko du azpilanean.
Habanako Malekoia itsasoaren olatuek zipriztinduta, 2015eko urtarrileko goiz batez. Hainbeste urtetako ezin eramana ez da hain erraz urtuko, inperioak segituko du azpilanean.

Urtetan Kubako agintari nagusietakoa izan den Ricardo Alarcónek esan du Obamak historiari “timoi-kolpea” jo ziola 2014ko abenduaren 17an. Egun horretan AEBetako presidenteak onartu zuen mende erdiko blokeo ekonomikoa porrota izan dela eta Kubarekin berriz harremanetan hasteko bideari ekin zion. Nekez sinetsiko luke hori 2005ean Alarcónek, Donostiako Bulebarrean txapela jantzita ezagutu genuenean. “Nahiko nukeena da ahalik eta denbora gehien bizitzea, munduan izango diren aldaketen lekuko izateko”, esan zigun ordukoan. Eta hala izan da.

“Ricardo Alarcón? Non dago putaseme hori?”. Aho-bilorik gabe hitz egin du Luisek, Habana zentroko San Martin eta Amistad kaleen arteko lokal ziztrin batean mojitoa edaten dugun bitartean. Beretzat Kuban hiru gauza daude ondo: osasuna, hezkuntza eta segurtasuna. Gainerako guztia “kaka zaharra” da.

–Obamaren erabakia zer da zuontzat, garaipen bat?
–Jakina!
–Kubako herriarena?
–Ez, goikoen garaipena.

Ehorztetxe batetan egiten du lan Luisek, turistekin berriketan ez dabilenean. Euskaldunak lagunak ditu, lagun zuen Joxe Mari Larretxea hernaniarra. “Artikulu hori idazten duzuenean, jarri ezazu beltz batek galdetu zizula ea euskaldunek zer pentsatzen duten AEBen eta Kubaren arteko erlazioaz”.

Euskal Herriko sektore eta mugimendu zabalek aspaldi erakutsi izan dute sentiberatasun handia Kubarekiko. Blokeo mediatikoa apurtzeko hedabide garrantzitsu bihurtu den Cubainformacion.tv ataria bertako eragileek sortua da, esaterako. Abenduan, AEBetako talde anti-iraultzaileetan infiltratuta atzeman zituzten bost preso kubatarren aldeko Bostak askatu kanpaina egin zen, 25 udalerritan onartu zen eskaera hori.

Itzuli dira! dio eraikin ofizial batean zintzilik dagoen pankartak. Bost presoak etxeratzeko aldarria inperialismoari aurre egiteko eta elkartasun sareak sortzeko tresna garrantzitsu bihurtu zen azkeneko urteetan. Horregatik, Obamaren gobernuak preso-trukea onartu izana, blokeoari amaiera emango dion berme gisa ulertu da. Kongresuan ozen esan du estatubatuarren buruak: “In Cuba we are ending a politicy”; baina ikusteko dago blokeoaren arkitektura legala desegiteko nahikoa gatzik izango ote duen.

Itxaropena eta zuhurtzia

Behinola Habanako harresitzarrak banantzen zuen Zulueta kalea koloretsu eta zutabetsu ikusten da taxi lanak egiten dituen almendrón edo tramankulu auto-propultsatuaren leihatilatik. Habana zaharretik irtetean ordea, bost hamarkadako intentsitate baxuko bonbardaketa jasan duen hiria suma liteke.

“Ez pentsa! Toki asko berritzen ari dira”. Itxaropena nabari da gidariaren hitzetan; Gramma egunkarian leitu du automobilen industriak interes handia duela Kuban sartzeko. Botere ekonomikoen presioak zerikusia izan omen du AEBetako administrazioaren jarrera aldaketarekin. Inbertitzaileak gose dira. Bada esaten duenik Habana zentroa berrurbanizatzeko etxebizitzak husten hasten direnean, orduan nabarituko dutela bertan bizi diren familiek blokeoa amaitu dela. Itxaropena eta zuhurtzia: “Esaera zaharrak dio deabruak ez dizula ezer emango, baina emanez gero, pozoituta”.

Hainbeste urtetako ezin eramana ez da erraz urtuko, inperioak segituko du azpilanean. Baina orain, behinik behin, albisteak errenkadan datoz: Washingtonek arindu berri ditu estatubatuarrek Kubara bidaiatzeko zituzten lizentzia zorrotzak, eta irlara dirua bidaltzeko gutxieneko kopurua ere 500 dolarretik 2.000ra igo du. Kubako Banku Zentralak, bestalde, 1.000 peso arteko billeteak jaulkiko ditu herrialdeko bi moneten arteko ezberdintasuna murrizte aldera.

San Sebastian egunaren bezperan AEBetako senatari demokraten delegazioa izan zen Habanan, Raul Castroren gobernuko ministroekin berbetan. Aurki enbaxada bat zabaltzeko aukera berriz ere mahairatu zen bisitaldi horretan.

Kontakizun izoztua

Kuban lehenago ere izan dute inperioaren egoitzarik urte luzez. Habanako Arma Plazan zutik dirau Kapitain Nagusien Palazioak, Espainiako gobernadoreen etxea zena. Parean, ceiba, aitzinean esklabo beltzak zigortzen zituzten arbola. XIX. mende hasieran tenplutxo bat eraiki arazi zuten haren atzean eta geroztikako kontakizunak –Díaz de Espada apezpiku arabarrak sustaturik– askatasunaren ikur bilakatu zuen. Boterea alde batean, askatasuna bestean. Eta erdian liburuak.

Federico ingeniaria da estudioz, baina liburuak saltzen ateratzen du lana. Arma Plazako parkean Cheren eta Fidelen kronika ugarien artean historia liburu baliotsuak ere aurkitu daitezke. Erotu dugu liburuzalea, azukre merkataritza eta ferrokarrilen eraikuntzari buruzko lanez galdezka. “Nahi duzu jakin egiaz zer gertatu zen? Ba ez irakurri oraingo liburuak, kapitalismo garaikoak baizik”, esan digu. Eta zerrendatu dizkigu Uztailaren 26ko Mugimenduaz gain izan ziren beste gerrillari taldeak eta direktorioak: “Horiek ere egin zuten iraultza, ez Fidelek bakarrik”.

Pixkanaka eraikin kolonialak berreraikitzen ari diren Karibeko perla honetan, batzuen eta besteen kontakizunak izotzezko habeak ditu oraindik.

 


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude