Azken bi urteotan behin baino gehiagotan irakurri ditugu Google Glassen inguruko berriak. Azkenetako batek zioen kirurgialari frantziar batek egindako ebakuntza on-line transmititu zela; bazirudien Google Glassek gero eta erabilpen esparru zabalagoa izango zuela.
Baina urtarrilaren 15ean Googlek iragarri zuen urtarrilaren 19a izango zela azken eguna errealitate areagotuko betaurrekoak eskatzeko. Berri horri buruzko analisiak kontrajarriak izan dira. Batzuek uste dute Googlek, bi urteko saiakeren ondoren, betaurrekoak merkaturatuko dituela; beste batzuen iritziz, aldiz, konpainiak ez du garbi produktuarekin aurrera egin ala ez.
Ez dakigu Googlen estrategia komunikatiboaren azkeneko helburua zein den, baina Google Glassen 1.500 dolar inbertitu dutenak kezkatuta izango direla uste dugu, batez ere enpresak kaleratutako iragarkia oso hotza izan delako.