argia.eus
INPRIMATU
Prestatutako janaria bosgarren edukiontzira botata, noraino hobetuko dira bilketa kopuruak?
Unai Brea @unaibrea2 2015eko urtarrilaren 21a

Azaroan bidalitako gutunean, Bizkaiko Foru Aldundiak udalei jakinarazi zien aurrerantzean prestatutako janaria ere jaso ahal izango zela bosgarren edukiontzian. Hasiera batean, jatorri begetaleko hondakin gordinak, kozinatu gabeak, besterik ez ziren onartzen edukiontzi marroian; izan ere hala da oraingoz, eta hala izango da udal eta mankomunitateek Aldundiaren gomendioa praktikara eramateko planak garatu bitartean.

Prestatutako janaria ontzira botatzea eragozteko, modu horretan konpostaren kalitatea asko gutxitzen dela argudiatu zuen Bizkaiko Ingurumen sailak. Iaz Basaurin egindako esperientzia pilotuaren arabera, ordea, kozinatutako hondakin organiko kantitate oso-oso txikia biltzen da, eta konposta egiteko prozesuan ia ez da igartzen. Horregatik erabaki dute onartzea. 

Hain zuzen, prestatutako janaria gainerako hondakin organikoarekin batera jaso ahal izatea izan zen EH Bilduk Aldundiari egindako eskarietako bat, bilketa kopuruak hobetze aldera. Baina Basauriko esperientziaren emaitza ikusita –“kozinatutako hondakin organiko kantitatea oso-oso txikia da”–, espero daiteke neurriak eragin handirik izatea?

Ingurumen Sailak zabaldutako informazioa ez du zehazten zenbat den “oso-oso txikia”, baina Hiri Hondakinen Kudeaketarako II. Plan Integralak 2016rako egiten dituen aurreikuspenetan, kozinatutakoa organiko guztiaren %18,5 da. Eta besterik gabe basauritarrek erabaki badute prestatutako janaria kubo marroira ez beste edonora botatzea?