argia.eus
INPRIMATU
Grezia berriz ere
Mikel Zurbano 2015eko urtarrilaren 21

Igande honetako Greziako hauteskundeek Europar Batasuneko (EB) bazterrak astinduko dituzte baldin eta inkestek iragarritako Syriza alderdiaren garaipenarekin honek gobernua osatzea lortzen badu. Izan ere, Syrizaren egitasmo ekonomikoak bi ardatz nagusi ditu: austeritatearen kontra egitea gastu publikoa sustatuz eta zor subiranoa berregituratzea. Greziako arazoen diagnostiko egokian oinarritutako bi helburu hauek euroguneko elite politiko-ekonomikoaren egungo estrategia ortodoxoaren aurka doaz zuzen zuzenean. Syrizaren programak austeritate politika zalantzan jartzen du eta gainera zorraren nolabaiteko mutualizazioa eskatzen duenez Europako iparraldeko hartzekodunen –banketxeen– interesen aurkakoa da. Angela Merkelen mehatxuak, beldurraren botoa piztuta, austeritate programen aurkako edozein ekimen ekidin nahi du.

Hauteskundeak tarteko, 2010 urtean lehertutako Greziako zorraren krisiaren arazoa itzuli da agertoki ekonomikora eta eurogunearen egonkortasuna kolokan jartzen du atzera ere. Krisi honen oinarrian, lehenik aurreko hamarkadan Greziako sektore pribatu zein publikoak metatu zuten zorraren tamaina aurkitzen da. Bigarren arrazoia Europako iparraldeko bankuek mugarik gabeko maileguak ematea izan da. 2010eko zorraren krisiaren aurrean EBk hautatu zuen Grezia zigortzea eta iparraldeko bankuak laguntzea. Oso zorrotza den austeritate programa ezarri zioten Greziari orduan eta bere eraginak oso ikusgarriak dira herrialde honetan gaur egun. Geroztik Greziako BPG %25 murriztu da eta langabeziaren ikaragarrizko igoera eta biztanleriaren zati oso zabalaren txirotzea ekarri ditu austeritateak. Beste muturrean, Iparraldeko bankuak zigorgabetuak izan dira orokorrean, egonkortasun fiskala beren mesederako bideratu baita. Programa honen diskurtso ofizialak dio austeritatea saihetsezina dela eta azkenean bere fruituak emango dituela Grezian bezala periferiako gainerako herrialdeetan.

Nolanahi ere, diskurtso ofizialaren akatsa izan da austeritate indartsuak ekarri duen miseriak eragindako errebolta politikoaren aukera ahaztu izana. Horregatik, igandeko emaitzek ekar litzaketen epe laburreko liskarren erantzule bakarra troika eta Europako elitea dira. Greziako zor subiranoaren hausturak krisiaren bizkortzea ekar lezake finantza panikoak eta oportunismo espekulatiboak eraginda eta duela hiru urte Europako periferian izandako kutsatze prozesua errepikatuta. Grezia eurotik kanporatzekotan gerta liteke eurogunea bera ere zalantzan ipintzea, berriz ere asaldura jasangaitza bihurtzen bada herrialde periferikoetan eta EBk ez badu urrats sakonik ematen zorraren mutualizazio efektiboaren bidetik. 2012tik Europako Banku Zentralak hartutako neurri apalek ez dute beharrezko bermea ekarri eta ikuskizun dago laster hartuko dituen neurri hedatzaileak –zor subiranoen erosketa, besteak beste– ausartak izango diren.

Austeritate politiken helburu nagusia Greziako zor subiranoa mugatzea izan den arren kontrakoa suertatu da, izan ere zorraren maila BPGaren %170era igo da. Ekonomialari ezagun ugarik onartzen dute zorraren zama hain dela astuna ezen etorkizuneko Greziako edozein gobernuk ezin izango diola aurre egin bere zerbitzuari. 1980ko hamarkadan Hego Ameriketako kanpo zorraren berregituraketek erakusten dute bidea. Hori egin ezean eurogunea hausturara kondenatuko dute EBko agintari ekonomikoek.