Bidaia hirukoitza inora ez

John Caryk 1805ean argitaratutako
John Caryk 1805ean argitaratutako Afrikako Mapa Berria. Gineako golkoaren iparraldean dagoen marra okerra da Kong mendikatea. Marraren jarraipenak Ilargiaren Mendiak adierazten ditu, eta, hala, bi mendikateek kontinentea mendebaldetik ekialdera zeharkatzen dute, mapan behintzat. Mapetatik kanpo ez baitira existitzen, ez bata ez bestea.

Melanesia, 1774. James Cook kapitain ospetsuak hareazko uharte handi bat marraztu zuen egungo Kaledonia Berriko eremua hartzen zuen mapa batean. Uharteari Sandy (hareatsua, ingelesez) izena jarri zion kapitainak, asmamen biziaren eta orijinaltasunaren erakusle. Irla hura behin eta berriro mapetan azaldu zen 2000. urtera arte. Cookek marraztutako tokian ura besterik ez zegoela egiaztatu zuten arte, alegia. Posible al da esploratzaileak ustez aurkitutako hondar piloa, mendeen poderioz, urpean geratu izana? Ez, gune horretan ozeanoak 1.400 metroko sakonera baitu.

Kontua da sasoi batean frantziarrek existitzen ez den lur zatiaren gaineko eskubideak aldarrikatu zituztela, baita lortu ere. Orduz geroztik, ur eremu huts horrek Ile de Sable du izena.

Baleazale ingeles batek, Dougherty kapitainak, Australiatik gertu irla txiki bat aurkitu zuela jakinarazi zuen 1841ean. Apaltasun osoz, Dougherty uhartea deitu zion. Jatorrizko deskribapenean kapitainak zioen ustezko lur zatitxoa elurrez estalita zegoela, baina 1909ko espedizio bat ez zen irla topatzeko gai izan. Urte batzuk geroago, Cooken eta Doughertyren herrikide batek, Davis kapitainak, zera idatzi zuen: “Irudipena daukat Dougherty uhartea urtu egin dela”. Irla hura ere ez zen existitzen baina, kasu honetan, balea arrantzaleak ez zuen ikusitakoa asmatu; besterik gabe, iceberg batekin egin zuen topo.

1798an James Rennel kartografoak, Mungo Park esploratzaile eskoziarrak emandako informazioa baliatuta, Afrika erdialdeko mapa batean milaka kilometroko mendikatea marraztu zuen: Kong mendiak. Mendikate eskergak, besteak beste, egungo Nigeria eta Sierra Leona zeharkatuko lituzke alderik alde.

Rennel Londresko Royal Geographical Societyko sortzailea izanik, inork ez zuen zalantzan jarri hark marraztutakoa eta, ehun urtez, bidaiariek itzulinguru luzea egin zuten orografia malkartsua saihesteko. Luis-Gustave Binger frantziarrak mendikatea berariaz esploratzea erabaki zuenean, jakina, ez zuen ezertxo ere topatu. Eta, hala, XIX. mendearen bukaeran Kong mendiak mapetatik kentzen hasi ziren.


ASTEKARIA
2015eko urtarrilaren 25a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Otziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Baskoien beste herrixka baten aztarnak aurkitu dituzte Nafarroan eta AHTren lanek suntsitu ditzaketela salatu dute

Muru Artederreta herrian, Murugain izeneko muinoan, Burdin Aroko herrixka baten horma agerian geratu da, AHTren lanentzako laginak hartzen ari zirela.  Bizilagunen hango elkarteak salatu du trenarentzako tunel baten ahoa eraikitzeak harresiaren zati bat suntsituko lukeela.


2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


Eguneraketa berriak daude