Begoņa Echeverria

"Aunitz gauza egiten dut, baina denak lotuak dira elkarrekin"

  • Durangoko Liburu eta Disko Azokaren karietara heldu zen Euskal Herrira, The Hammer of Witches eleberria eskuetan eta, oroz gain, Kalifornian sortutako euskara hiztunaren berri emateko prestik.

Miel Anjel Elustondo
2015eko urtarrilaren 25a
NOKA musika taldeko kantari da Cathy Petrissans eta Andrea Bidartekin batera.
Zaldi Ero

Ez da lehenbiziko aldia etorri zarena.

Euskal Herrira, ez. Durangoko Azokara, bai. Etorri nintzen haurra nintzelarik, 6-7 urtetan. Gero, berriz etorri nintzen 13 urtetan. Eta, handik goiti, ene lanarendako etortzen naiz franko maiz. Ikerketa egiteko, erran nahi dut. Eta kantatzera ere etorria naiz, NOKA taldearekin.

Echeverria Mendiburu zaitugu. Pilartxo, ama. Durangora ekarri zenuen liburua hari eskainia dago.

Bai. Gurasoak, Baztangoak, Orabidekoak. Elizondotik Dantxarirat, bada bide bat, Orabidea erraten dena. Han bada auzo bat. Aitaren etxea, Ansonea, lurrez Amaiurrekoa da. Amarena, Arnos, Lekarozkoa. Izeba bat ere badut parte hartan bizi dena, eta haren etxea lurrez Lekarozkoa dela uste dut. Mendian barna galdua den lekua da. Zaila da esplikatzen…

Zu kaliforniarra sortzez, niri euskal lurren berri ematen ari, nik ez baitakit!

Kar, kar, kar. Ez da aisa! Da Lekaroz, ez Oronoz. Da Amaiur, ez Elizondo. Da… Denak hor dira nonbait. Leku polita, dena den, Baztan.

Baztandarrak aunitz Kalifornian eta Nevadan. Zein da zuen familiaren historia?

Aita joan zen lehenik Ameriketarat, 1954an. Bazituen bi anaia jada hara joanak. Laugarren anaia joan zen nire aita joan eta hurrengo urtean. Gure aitak iragan zituen han sei urte, etorri zen, ezkondu zen ene amarekin 1960an, eta han bizitzea pentsatu zuten. Bistan da, ezkondu ondotik egon ziren hemen istant bat, aitak paperen egiteko, eta joan ziren Chino ingurura, Kalifornian. Amak, gainera, lehengusina bat eraman zuen, eta ene aitaren anaia batekin ezkondu zen. Eta ene aitaren anaia zaharrena ere ene amaren ahizpa batekin ezkondu zen. Denak etxeko!

Horrela ikasi zenuen euskaraz…

Bai, ene lehen hizkuntza izan zen. Kasuak ez dira horrenbeste Kalifornian, baina aski normala da han Baztango jendeen artean. Bakersfielden berean ezagutzen dut beste familia bat, Lekaroz bertakoak uste dut: bortz anaia dira, hara joandakoak; haien haurrek ere badakite euskaraz. Guretzat normala zen. Lehenbiziko euskara ikasi genuen. Gero, hazi ginelarik, eskolara joan, ingelesa ikasi eta hasi ginen ingelesez mintzatzen pixka bat. Amak bazuen beldurra: “Ahantziko dute euskara!”. Orduan, egunero, kafesnea hartzen baikenuen, amak erraten zigun: “Ez baduzu mintzatzen euskara ez dizut emanen kafesnea”. Lau haur ginen, eta denok oroitzen gara: “Eginen dut euskara!”. Kafesnea nahi genuen... Kantu bat ere egina dut horren gainean: Kafesneari esker. Hor esplikatzen dut gure historia hori. Kar, kar…

Chino eta Bakersfield aipatu dituzu arestian: euskaldunak gutxi ez Los Angeles inguruko herri horietan.

Bada euskalduna hor, eta lehenago gehiago zen. Badugu klub bat, Chino Basque Club, ehun eta hogei familia dituena kide. Baina gero eta txipiago da: orain ez da hemendik hara asko heldu, ez Chinora ez Bakersfieldera, baina badu euskal etxe txipi bat, franko bizia hala ere. Hilero egiten dugu bazkaria, eta batzuetan hemengo musikariak izaten ditugu, edo txalaparta, edo zernahi. Errateko maneran, franko besta handia egiten dugu Labor Day asteburuan, iraileko lehenbiziko igandean. Batzuetan egun osoko besta da, eta beste batzuetan egun bat baino gehiagokoa. San Frantziskoko eta Chinoko euskal etxeen artean pagaturik ekartzen dugu musika talde bat Euskal Herritik, eta egiten dugu besta franko pollita bi picnic-etan, bata bertzearen segidako bi asteburutan.

Giza Biologia ikasketak eginak dituzu Stanford-eko Unibertsitatean. Soziologia doktoregoa, berriz, San Diegokoan.

Biologia, Antropologia eta Soziologia dituzu, nahi baduzu. 1987an etorri nintzen lehenbiziko ikerketa egitera hona. Sei hilabete egin nituen Oxforden, eta hiru hilabete hemen. Orain hemen naiz beti, ikerketaren egiteko, NOKArekin kantatzen, familia ikusten…

Hizkuntzaren soziologia ikasketak ere badituzu, irakurri dudanez. Identitatea, erlijioa, kultura… dituzu aztergai.

Etnografia lana egiten hasi nintzen, euskara eta etnikotasunaren arteko loturak bilatzen. Izenordainak Testamentu Berrian eta Jean Duvoisinen Biblian nola erabiltzen diren aztertzen hasi nintzen. Errateko, protestanteen Biblian beti hika ari dira Jainkoarekin eta denekin. Duvoisinen lanean, berriz, kontrakoa. “Zerbait bada hor!” esan nion neure buruari. Nik erraten dut protestanteek nahi zutela jendeek xuxenki irakur zezaten Biblia, eta horregatik egin dute hika, eta ez zuka. Leizarragak hala egin zuen, Duvoisinek ez. Leizarragaren bidea ezinezkoa da orain. Horretan ari naiz, eta, horrekin batera, mitologiako pertsonaiak ere ikertzen ari naiz, dela Mari, dela lamiak, sorginak… Horien mundua ingelesera ere itzultzen, gehiena ez baita ingelesera itzulia. Hor ere ikusten da aunitz erabiltzen dela noka, nahiz eta orain galtzen ari den. Interesgarria da noka sorginen artean ikustea, kantu eta testu zaharretan.

Dena den, deskribapena ez beste duzu zuk helburua.

Interpretazioa. Ari naiz, katolikoen eta protestanteen bibliak konparatu nituenean bezala. Katolikoen artean, apaiza ageri da, eta kristaua ez da xuxenki mintzatzen Jainkoarekin, zuka darabil. Alderantziz da protestanteen artean. Baina hala ere, testu zaharrak ez dira beti berdin mintzo: batean ari dira noka, bertze batean zuka… Hori ikertu nahi dut.

Sorginak aipatu dituzularik, haien mundua ageri da zure nobelan.

Eta ez dakit segur nola heldu nintzen horretara ere! Kantuan ari gara NOKA taldean, eta zenbait kantutan, ikusten duzu izan zirela sorginak. Franko berriki sartu naiz gehiago mundu hori aztertzen. Baztango jendeen artean ere beti bada sorgin istorio! Nafarroako Artxibo Nagusian lanean ari nintzela, bertze zenbait gauzaren bila, berdin ikusten nuen testua sorginen gainean. “Hau interesgarria da”. Errateko, Logroñon egin zuten sorgin epaiketaren agiriak agertu zitzaizkidan bistara, eta kopiatu egin nituen. Informazioa biltzen hasi nintzen, egiazko testuak. Bertzalde, bada Gustav Henningsen ikerlariaren liburua [The Witches' Advocate: Basque Witchcraft and the Spanish Inquisition (1609-1614)], eta horrela, hasi ondotik ezin gaia bazterrerat utzi! Banekien pixka bat, baina ez horrenbertze. Orain aunitz ikasi dut.

Fikzio liburua idatziz, erran nahi duzu.

Bai. Eta ez dakit nola hasi nintzen ere. Liburuan ageri diren dokumentuak egiazkoak dira, istorioa da nik asmatua, gertatu ez zirenak ere sarturik. Horrela egin dut. Nire lehenbiziko liburua da. Eginak ditut aunitz artikulu, baina ez libururik. Eta Durangoko Azokara ekarri nuen, eta saldu. Banuen Azokaren aditzea, baina ez nintzen inoiz bertan izan. Ezta Durangon ere. Aurten, ene liburua hartu eta biak egin ditut! Kar, kar… “Ea nor ezagutzen ahal dudan!”. Eta ezagutu dut jendea, eta argitaletxe zenbait, eta orain nahi nuke lehenbizi euskarara itzuli, eta gero espainolera, hemengo jendeak ez baitu biziki ingelesa irakurtzen.

Ez dira aunitz zure bidea egin dutenak: Kalifornian euskaldun sortua, idazle, Durangoko Azokan, NOKA musika taldeko kantari…

Euskara ongi dakitenak, igual, hirutik bat dira nire adinean. Bertze batzuek zerbait badakite. Ontarion, Chino inguruan Iparraldekoak eta Baztangoak dira euskaldun gehienak. Biek baldin badakite euskaraz, errazagoa da, baina ez da aisa. Normalean batek bakarrik daki, eta euskara etxean egin behar da, ez da etxetik kanpo ikasteko aukerarik. Nire adinekoen artean, badira gurasoak hemengoak dituztenak. Haurrak dituzten aunitz ez dira euskaraz mintzatzen, baina euskaldun sentitzen dira, mundu horretan sartuak dira. Aunitz interesatuak dira, bai. Ez dira geek erraten dena, intelektualak, liburu eta holakoetan franko interesatuak. Baina badute hona etortzeko interesa, familiaren ikusteko.

Chinon izan ginelarik duela hamar urte, hango Basque Club-en eta Centro Basco jatetxean, bertzeak bertze, adin batetik gorako euskalduna bertzerik ez zen han…

Gu gazteenak, kar, kar, kar. Hori da adina, bai, adin handia. Hala ere, badira batzuk gazteagoak, ezkonduak, beren umeak leku horietara eramaten dituztenak. Han bai, entzuten ahal duzu aunitz euskara. Bertzalde, kantatzen ere badakite, edo ez dakite baina gustatzen zaie, eta nahi dute kantatu, dantzatu… Eta egiten dute! Gu, errateko, orain dela hamazazpi urte, ni hemen nintzelarik doktore tesia egiten, ari ginen, ea nolako izena eman behar genion gure taldeari. Lehenbiziko diskoa bi urte geroago atera zen, eta bigarrena, 2005ean uste dut. Gaztetik Cathyk [Petrissans] eta biok bagenuen ofizioa elkarrekin kantatzeko. Andrea [Bidart] gu baino hamar urte gazteagoa da, baina 13rekin bazuen boz ederra! Eta gurekin kantatzen hasi zen, beranxeago, gaztea zelakoz. Informalki kantatzen genuen. Bazen bertze talde bat, korua, Euskaldun Giroa deitzen zena, dena emakumez osatua. Han ere ari ginen, baina desegina da orain. Gu hirurak beti ari ginen zerbait, ordea, eta hasi ginen.

Eta segitzen duzue horretan…

Bai, lehen informalki, eta orain formalkiago. Mikel Markezekin ari gara, disko bat egiten. Iragan urtean Chinorat etorri zen Mikel, eta tour bat egin genuen: Chino, Los Angeles UCLA, Riverside, Gardnerville-Nevada, Boise-Idaho… eta bertze leku batzuetan. Arrunt ongi joan zen, eta hasi ginen zerbait egin behar genuela elkarrekin, eta horretan gara. Aurten eginen dugu tour bat Euskal Herrian, Hegoaldean Mikel Markezekin, eta Iparraldean Laurent Azcarainekin, Otxalde taldekoarekin. Nahi genuke disko bana egin, Mikelekin bata, eta Laurentekin bertzea, eta tour bat egin Mikel Markezekin han ekainean, eta hemen abuztuan. Mundu txipia da, azkenean. Ez dugu hemengoak bezalako musikaririk gure taldean. Baina harremanak genituen hemengo jendeekin, bereziki Andrea Bidarten bidez, eta hasi ginen, kantuak idazten eta kantatzen. Hitzak, batzuk Etxahuni hartuak dira, bertze batzuk guk idatziak. Donostian izan nintzen, orain urte asko, HABEn, alfabetatzen. Mintzatzen nintzen euskaraz, baina ez nekien idazten. Eta ikasi nuen.

Gauza aunitz egiten duzu…

Bai, gustatzen zait. Aunitz gauza egiten dut, baina denak lotuak dira elkarrekin. Aunitz urtez ari naiz lanean, eta orain ari dira agertzen: pasatu da liburuarekin, kantuekin… Aunitz lanekin.

Nortasun agiria: Begoņa Echeverria Mendiburu

Begoña Echeverria Mendiburu (Chino, Kalifornia, AEB, 1966) Kalifornia-Riverside Unibertsitateko irakasle da. Giza Biologia eta Soziologia ikasketak egina da, soziolinguistika irakasten du, hizkuntza eta identitatearen arteko loturak edo etnografiak gaiak aztergai. Hainbat lan argitaratu ditu, eta hizkuntza, erlijioa, identitatea, generoa, hezkuntza eta beste landu ditu horietan. NOKA musika taldeko kantari da Cathy Petrissans eta Andrea Bidartekin batera, fikzio idazle, euskaraz alfabetatua... Kaiolan etsiko ez zukeen txori kantaria, Begoña Echeverria.

Oxfordeko liburutegia

“Ezagutzen duzu Oxfordeko liburutegia? Ez? Ooo, ezagutu behar duzu! Badakizu Bonaparteren liburuak-eta hor direna. Han bada Leizarragaren testamentuaren originala! Ene eskuetan atxiki dut! Bonaparteren lanak ere bai. Eta bertze testu txipi batzuk, euskaraz, XVIII-XIX. mendekoak, eta ni nintzen lehenbizikoa haiek leitzen: plegu-laurdenak josiak ziren oraindik, moztu gabe! Ganibeta eman zidatelarik, ireki nituen pleguak”.
 

Ingelesa eta euskara

“Oroitzen naiz ene ahizpa Manuelak ez zekiela ingelesa. Joan zen eskolara eta ez zekien batere! Franko abila zen ordea, bazekien bere izena izkiriatzen: ‘Manuela Echeverria’. Eskolako irakasleek erran zioten amari, nahi bazuen pixka bat ingelesa aitzinatu etxean, behar zuela telebista erosi, guk Sesame Street eta halakoak ikusi eta ingelesa ikasteko. Horrela hasi ginen ikasten. Gero, lau haurrok elkarrekin ingelesa mintzatzen hasi ginenean ere, aita-amekin, osaba-izebekin eta hemengo jendeekin beti euskaraz ginen”.
 

Azken hitza: euskara

“Oroitzen naiz haurra nintzelarik Elizondon haurrek ez zutela sobera euskara egiten. Eta orain bai! Baztanen, Orabidean euskara zen, baina Elizondon beti espainola. Orain aditzen duzu haurren artean, kalean. Gehiago aditzen da. Eta Durangoko Azokan, gehiena zen euskara!”.

Noka

“Generoa da gure musika taldearen izena: NOKA. Toka eta noka, linguistikoki gauza bera dira, baina toka erabiltzen da, eta noka ez hainbertze. Horregatik paratu genuen NOKA izena, jendeari esplikatzeko zer den hori. Badakit leku batzuetan oraindik erabiltzen dutela. Uste dut Amaiurren oraindik horrela dela. Durangoko Azokan ere, toka noiznahi aditzen nuen. Noka, aldiz, guti. Gustatzen zait noka, ez dakit ikasten ahal dudan, baina gustatzen zait”.
 

Kanal honetan artxibatua: Euskal diaspora

Euskal diaspora kanaletik interesatuko zaizu...
2017-10-05 | Euskal Irratiak
Ameriketako euskaldun batzuen soinu hunkigarriak

Francis Bidart kronikalariak soinu esklusibo eta bereziak ekarri ditu irratira. Skype eta telefonorik gabeko garai batean, Ameriketan bizi ziren euskaldunek, haien herrietara bidaltzen zituzten soinuak, mezuak laguneri ala familiari, entzutekoa.


2017-03-22 | Izar Mendiguren
"Zirrara sortzen du Korrika Parisen egiteak"

Igandean egin zuten Korrika Parisen. Lorea Ibañez (Amurrio, 1987) izan zen antolatzaileetako bat. Frantziako poliziek seinaka eta espaloitik joateko baimena soilik eman zieten, baina giro eta umore onean egin zuten korrika.


São Paulotik gutuna

Brasildik jaso dut posta bat. Estebe Ormazabal Insausti beasaindarraren hitzak dira jaso ditugunak; ARGIAko harpideduna bera. Ez da txoko honetara ekarri dugun atzerrian bizi den lehen laguna. Pixkanaka ari gara biltzen Euskal Herritik kanpora dugun komunitatearen iritziak, hausnarketak, kritikak eta laudorioak.
    Lan kontuak tarteko, 1996an gurutzatu zuen itsasoa Ormazabalek Brasila ailegatzeko. Lehendik Ingalaterran, Suitzan, Alemanian, Italian eta Irlandan ibilia zen... [+]


"Mexikon oso esker oneko jendea izan dut inguruan beti"

Amezketarra Mexiko DF-n euskara irakasle, unibertsitateetan eta euskal etxean. Baina ez da ikasle gaztearen urtebeteko pasadizoa, bertan errotu den emakumearen ibilia baizik.


"Caracasen aditutako historiak kontatu eta negarra etortzen zait"

Diasporaren alaba dela dio, baina hurrik eman ere ez  ‘ni ez naiz hemengoa’ esaterik. Hemengoak bezain hemengo da Caracasen jaiotakoa. Donostiako abertzaletasun zaharraren eragileak ageri dira beraren familian, eta sentimendu horrixe helduta bizi da Miren, diasporaren alaba euskalduna.


2016-08-31 | Erran .eus
Artzain Amerikanoen Egunaren X.urteurrena ospatuko dute larunbatean Izaban

Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak egitarau zabala prestatu du aurten ere. Irailaren 3an ospatuko da, Izaban (Erronkari), Urrinean Biltruk goiburupean. Erronkarieraz, Urrunean bilduak erran nahi du  eta hain ezberdinak diren bi lurraldetan, bizitza eta lana egiteko modu berdina egin ahal izana goraipatu nahi du. Tiketak ohiko lekuetan daude salgai. 


2016-07-29 | Natxo Escobar
Centennial
MULTIMEDIA - dokumentala

New Yorkeko Euskal Etxearen 100. urteurrena ospatzeko egindako lana.

Zuzendaria: Natxo Escobar
Ekoizpena: Koldo San Sebastian, Ander San Sebastian
Errealizazioa: Iker Treviño


"Iruditzen zitzaidan Txile ahanzten banuen Pinochetek irabazia zuela borroka"

Txiletik datorrela esan digute, Kuban hazia dela Salvador Allende hilez geroko garaian, mediku dela, hainbat aldaketa iraultzaile eginak dituela zuzentzen duen ospitalean… Hariari jarraiki gatzaizkio, galdezka, putzu sakonean sartu garen arte.


Euskararen Eguna 2015 Valentzian
MULTIMEDIA - bideo herrikoia

2015eko Euskararen nazioarteko egunean Valentziako Euskal Etxeko lagunek egin zuten ekimenaren bideoa.


"Euskaltasuna globalizatu beharraren beharrez anglofonotu egin duzuela iruditzen zaigu"

“Argentinarra naiz eta, Euskadi dut maite…” kantu zaharraren bertsio berria litzateke, Buenos Airesko Laurak Bat euskal etxeko lehendakari andrea kantari.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude