argia.eus
INPRIMATU
Azken asmakizuna
Aingeru Epaltza @AEpaltza 2015eko urtarrilaren 21

Zer jatorrak ziren Podemos-ekoak! Oroitzen? Haien buruzagiak Iruñeko Herriko Tabernan mintzaldia emana zuen. Eta sinesten zuten Guardia Zibila Euskal Herriko droga trafikoan nahasirik ibilia zela 80ko hamarkadan. Eta presoen sakabanaketaren aurka zeuden. Eta elkarrizketaren alde. Eta, bere-bereziki, kaka-kaka eginak zeuzkaten Espainiako alderdi nagusiak, PP sugea nahiz PSOE zizarea, inkestetan goraka eta goraka, Trantsizioaren erregimen zirtzila kolokan jartzeraino. Hainbertze urtez solaskiderik aurkitu ezinean ibili ondoan, azkenean, lagun bat-edo, non eta etsaiaren habian.

Nafarroarako ere, Pablo Iglesiasen neska-mutilen agerpena ez zen begi txarrez ikusi. 30 urte UPNren eta PSNren uztarpean egon ondoan, aldaketa urte zen hurrengoa. Nabarrismo antieuskalduna agintetik eraistekoa. Aro berriari hasiera ematekoa. Hori guztia, noren eskutik? Gehien sufritutakoenetik. Antolatuenetik. Abertzaleenetik. Nagusiki, bederen. Tira, bidelagun gehiagoren eskua beharko zen, kontuak ongi atera zitezen. Gatz espainol pixka bat, entsalada gehienbat euskaldunean. Madrili begirako lau txoro horiek ongi etorriak izanen ziren, PSN ahultzeko izanen bazen.

Navarrometroa etorri zen, ordea. UPNkoen artean ez ezik bertze batzuengan ere eragin zuen bihotzekoa. Podemos Nafarroako lehen indarra! Posible ote? Bigarren jotzen zirenak, hirugarren. Eta liderraren itzalaz baliaturik, beren burua egiteko erabakigarrietan ikusten zutenak, bazterrera. Nolatan halakorik? Politikariek, agerian, ez zioten sinesgarritasun handirik eskaini delako inkestari. Sarean, bizkitartean, airez aire zebiltzan auhenak eta deitoreak, abertzaletasuna herrialde honetan baraturik ikustean.

Nafarroatik kanpoko hego euskal herrietan ez zen hainbertzeko kezkarik agertu. Azken batez, gauzak Navarrometroak iragarri bezala gertatuta ere, hain harritzekoa ote zen? Hain dira xelebreak nafar horiek!

Azken Euskobarometroak zapart egin du. Hari sinestera, Podemos zer eta bigarren indarra gerta liteke Euskadin, hurrengo hauteskundeetan. Lehenbizikotik gertu-gertu eta orain arteko bigarrena gehien sufritutakoak. Antolatuenak. Abertzaleenak  hirugarren postura bidalita. Araban gailen. Eta Gipuzkoan –non eta Gipuzkoan– orain arteko irabazleen parez pare.

Goizetik arrats, Podemosekoak ez dira hain jatorrak. Podemosekoak, orain, Madrilen azken asmakizuna dira, abertzaletasuna ahultzeko.