argia.eus
INPRIMATU
Kitosanoa, jakiak estaltzeko material alternatiboa
Unai Brea @unaibrea2 2015eko urtarrilaren 14a

Jakiak biltzeko erabiltzen diren plastikozko ontzi eta estalkiak ingurumen-arazo larria dira. Gainezka ditugu ibaiak eta itsasoak, eta arrain askorengan ere erruz aurki ditzakegu halako materialak. Petroliotik eratorritako plastikoek 100 eta 400 urte bitarteko epea behar dute guztiz degradatzeko; eta nonahi daude, gure bizimoduaren funtsezko osagai bilakatu dira eta.

Alternatiba bilatzeko ikerketa ugari egiten da, horien artean Itsaso Leceta EHUko ingeniari kimikoak zuzendutakoa. Lecetak eta beraren lantaldeak kitosano izeneko materialarekin proba-saioak egin dituzte. Ikusi dutenez, harekin estalitako elikagaiek –ikerketarako azenarioak erabili dituzte, zehazki– luzeago gordetzen dituzte beren propietateak. Izan ere, kitosanoak mikrobioez babesten ditu. Eta biodegradagarria da, krustazeo azalez eginda baitago.

Bide luzea dago egiteko, halere. Laborategiko probetan emaitza onak lortu dira, baina Lecetak gogorarazi du kitosanoaren ekoizpen masiboa urruneko helburua dela oraingoz.