Grezian jokoan dira politika neoliberala eta demokrazia bera

  • “Greziak ezin dio xantaiarik egin ez Alemaniari eta ez Europari” esan dute Angela Merkelen alderditik, eta askok ulertu zuten justu kontrakoa ari zela gertatzen, hots, Europak mehatxu egiten diola Greziako hautesleriari. 2015ean Europa osoa astinduko duen partida gogor baten lehen kapitulu garrantzitsua jokatzen da Grezian.

Irudi hau da Dimitris Michalakisek bere blogean eta Vice hedabidean iazko maiatzean ipinitako “Four Years of Austerity in 40 Pictures“ (Lau urteko murrizketak 40 argazkitan) bildumako bat, gordinen artean bigunenetako bat: gazte langabetu bat harresian es
Irudi hau da Dimitris Michalakisek bere blogean eta Vice hedabidean iazko maiatzean ipinitako “Four Years of Austerity in 40 Pictures“ (Lau urteko murrizketak 40 argazkitan) bildumako bat, gordinen artean bigunenetako bat: gazte langabetu bat harresian eserita. Internetez osorik eskuratu daitekeen bildumaren argazkiek beren oineko testu laburrekin eskaintzen dute Greziako jendeei urteotako krisiarekin eta Europak ezarritako murrizketekin gaineratu dieten infernua. Langabezia, erretiroen mozketak, zerga berriak, txirotasuna, klase ertainaren hondoratzea, etxerik gabeen ugaritzea, etorkinen kontrako erasoak, osasun sistemaren hondoratzea, prostituzioa, gaixo psikikoen abandonatzea... 40 argazkik ez dute agortzen, ordea, Troikaren aginduek eragindako miseria guztia. Gutxi zabaldu da azken urteotan Greziako azienden artean ere izurriteak ugaritu direla, albaitari faltagatik.

Antonis Samarasek ahaleginak eta bi egin ditu aginteari eutsiz Greziak jarrai zezan Troikaren aginduak betetzen. Abenduaren 29an galdu zuen azken bozketaren aurretik diputatuak erosten ere saiatu zen, greziar guztiek ikusi dute, ustelkeria delituak pertsegitu behar dituzten epaileek ezik. Alferrik.

Samarasen eta oro har Grezian Europako establishmentaren planak aurrera ateratzen aritu den eskuinaren arazoa da herrialde horretan haragi bilakatu direla ekonomialari burutsu askok aspalditik iragartzen zituzten hondamendiak: 2008an lehertutako krisitzarrari erantzuten baldin bazaio 1929an erabilitako errezeta berdinekin, 1930eko hamarkadako ondorio tristeen berdinak ekarri behar zituztela.

2015ean, Grezia odolusturik dago ia bost urtetan bere ekonomia eta gizarte bizitza osoa mutilatu eta txirtxilatu dituzten delako Memorandumei esker. Europako Banku Zentralak, Europar Batzordeak eta Nazioarteko Diru Funtsak osatzen duten Troika famatuak ezarritako politikek errekara eraman dute Grezia.

Troikak egindako sarraskia azaltzen dute hainbat datu estatistikok. Populazioaren %17k ezin ditu oinarrizko beharrak ase. Langabezia %27an dago. 250.000 familiaz goiti kanporatu dituzte beren etxeetatik. Herrialdearen defizita lau urtez okerragotu da 2010eko %11,1tik 2014ko %12,2ra; kanpo zorra igo da %146tik %175ra. Barne Produktu Gordina erori da %20.

Osasun sistema eraitsi, gaixoei gehiago ordainarazi, malaria bezala desagertutzat zeuden eritasunak ugaritzen, hiesagatiko heriotzak bezala, suizidio tasak handitzen, argindarrik gabe bizi direnen kopuruak ere bai, gaixo diren milaka haur... Numero hotzak diren estatistikok milaka herritarren milaka drama zehatzetan mamitzen dira,  horietako askoren kontakizuna ere erraz eskuratu dezake nahi duenak.

Panagiotis Grigoriou antropologoak Greek Crisis blogean ederki laburbildu duenez, Samarasen arazoa dagoenekoz ez da orain arteko logikan ezkerrari botoa emango dion hautesleria, baizik eta zehazkiago soziologiaz eskuinean kokatutakoa. Ezker-eskuin eten horiek ez dira iraganean bezain garrantzitsuak, krisiak kaltetutako jende ugarien artean klase ertainekoek ere ikusi dute katastrofea nahitara antolatu eta planifikatu dutela, eta epe laburrean ezingo zaiola buelta eman.

“Troikaren programak –dio Grigoriouk– larriki zauritu ditu enpresa libre txiki eta ertainak, etxe eta lurraren jabegoa –erdiko klaseak gizartean igotzeko dauzkan mugikortasun estrategien bizkarrezurra–, soldatak, jubilazioak eta, azkenean, baita funtzionarioak ere, orain arte  Demokrazia Berriaren eta PASOKen bipartidismo historikotik oso hurbil zirenak. Azpimarratu behar da ustelkeria, nepotismoa eta klientelismoa sustatu dituztela Troikaren memorandumaren aldekoek, neoliberalismo erasokorrez beztiturik, baina oraingoan xehetasun txiki batekin, Atenasen entzuten den moduan: ‘Denentzako ez dago orain’. Oso gutxi eta ondo kokatuentzak bakarrik dira Memorandumaren mesedeak”.

Troikaren errezetentzako testa

Europar Batasuna Alemaniaren agintaritza zorrotzaren pean XXI. mendeko krisi itzelaren aurrean ezartzen ari den irteera neoliberalak gero eta kritiko gehiago dauzka 2015ean. Nazioarteko Diru Funtseko agintariek ere aitortu dute huts egin dutela pribatizazio eta murrizketetan oinarritutako bere formulek... nahiz eta gero MDFeko inork ez duen ordain gisa dimisiorik eman.

Ez da ezkerra bakarrik Greziako eta oro har Europako formulon egokitasun teorikoa auzitan jartzen duena, sisteman ondo txertatutako erakunde eta aditu asko dira kritiko Berlinek ezarritako dotrinarekiko. Baina Troikaren atzean dagoen Europako establishmenta ez dute hainbeste kezkatzen adituen kritika teorikoek, herrialde ezberdinetan indartzen ari diren kontrako mugimenduek baino. Horregatik ulertu du zenbaitek Berlindik eta Bruselatik zabaldutako mehatxuek Greziari presio egitea adina bilatzen zutela Espainian, Frantzian, Italian eta baita Irlandan ere politika ekonomikoaren aldaketaren mezuarekin indartsu datozen talde ezkertiarren muturretan hesia jasotzea.

Hauteskundez beteta heldu da 2015a. Hego Euskal Herrian udal eta foru erakundeetakoei eta izatekotan Kataluniakoei bezala Espainiakoei begira bizi ginenok bat batean Grezia ikusi dugu astintzen europar guztien agenda. Ondoren etorriko dira gehiago kontinente osoan. Eta denetan, suziri baten ziztuan igo den Podemosen eraginak erakutsi duenez, krisiaren aurreko estrategiak eta hauek herritarren gain murrizketa basatiekin ekarri dituzten ezin biziak protagonismo handia izanen dute.

Grezian austeritatearen kontrako predikuak darabiltzaten indarrei kontrako sua piztu diete Bruselastik. Ez dagoela alternatibarik, zorrak pagatzeko direla, utikan egindako zorren auditoriarik, eta Merkelen errezeta ortodoxoei uko egitera ausartzen dena eurotik kanpo joango dela, zeina esatea bezala baita Europatik fueratuko dutela.

Mehatxuokin ez badute lortzen Syrizari garaipena eragoztea, aditu batzuek aurreratu dute –ez zegoen aztia izan beharrik– agintea klase guztietako oztopoz trabatuko diotela. Soilik NDFak egin duen bezala kredituak etetearekin, Greziak ez du asko gehiago behar egun batetik bestera erabat kolapsatzeko.

Hala ere, gero eta gehiago dira Greziarekin –Syrizarekin, alegia– zorraren parte baten barkamena negoziatu beharko dela uste dutenak. Horretarako urrats inportanteena emana daukate, egia esan, lehen korporazio handienak ziren zorrak orain estatuek eta Europak bere gain hartu dituztelako. Diru publikoekin errazago negoziatzen da.

Pablo Elorduyk Diagonalen idatzi duen moduan, “La disputa por la europa social empieza en Grecia”.  Europako eliteek beren nagusitasunari tinko eutsi nahian Grezian demokrazia bera jarri dutela arriskuan salatu dute Frantziako hainbat intelektualek plazaratu duten “Grèce: Rendons-leur la démocratie! (Troïka basta !)” agirian: “Europar Batasuna, europar agintariak, Nazioarteko Diru Funtsa, burtsako kalifikazioko agentziak: laga zuen xantaia, bukatu Greziako hauteskunde kanpainan muturra sartzea! Utzi herriari erabakitzen!”.

Panagiotis Grigoriou ez da baikor Grezian eraso horri aurre egiteko ahalmenaz: “Beldurra bilakatu da Europako agintariek daukaten azkenetako arma, hauteskundeen emaitzak faltsutzea den azken-azkenaren aurretik”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Syrizaren erronka
2020-07-16 | Mikel Eizagirre
Yanis Varoufakis
"Troikaren itzuleraren beldur bazara, badituzu horretarako arrazoiak. Troika itzuli egingo da"

Greziako Finantza ministro ohia susperraldi-funtsaren inguruko negoziazioez mintzatu da El Diario.es egunkariari eskainitako elkarrizketan. Asteburu hontan egingo da goi-bilera, eta Europar Batasuneko herrialdeek koronabirusaren efektuak leuntzeko funts komuna jasotzeko... [+]


Itaka

Itakan antzeztu du uda honetan Tsiprasek finantza erreskatearen amaiera. Abuztuaren 21ean emandako liturgia hartan solemnitate handiz mintzatu zen Odisea modernoaren bukaeraz.

Greziako kontinentearen mendebaldeko kostaldean dago Itaka, itsaso jonikoan. Handik mendebaldera,... [+]


2017-01-25 | Zabaldi
Nazioartea
Elkartasuna eta desobedientzia berriz ere kriminalizatuak

Iragan uztailaren 27an, Zabaldiko bi kide, brigada internazionalisten prestakuntza lanean ari ziren Tesalonikan. Hurriyako etxea hustua izan zen eta bi kideak atxilotuak. Urtarrilaren 26an, ostegunean, epaituak izanen dira.


2016-10-13 | ARGIA
Tsipras: "Ez dugu etsiko zorra berregituratzea lortu arte"

Syrizaren bigarren kongresuan Alexis Tsiprasek ikusmin handia sortu duen hitzaldia egin du. Aurrera begirako politika marraztu du greziar presidenteak. Hibai Arbide kazetariak jarraitu du ekitaldia Twitter bidez.


'Osasun Grexitik ez!' diru gabeko greziarrak hiltzera ez kondenatzeko

Europako oligarkiak ezarritako politika ekonomikoak bere murrizketekin Greziaren osasun sistema publikoa Hirugarren Mundukoen mailaraino hondoratu duenean, milaka mediku, zaintzaile eta klase guztietako herritar ahalegintzen dira artatzen dirurik ezagatik bazterrean geratutako... [+]


Eguneraketa berriak daude