"Izugarri gustatzen zait dirua desmitifikatzea"

  • Denbora da poligrafo bakarra.

Athleticen, Eibarren, Realean, Lleidan eta Ourensen jokaturik, Alavesen erretiratu zen 2009an Gaizka Garitano.
Dani Blanco

Ume batentzat mundua bezain borobila da baloia?

Gure aita futbolaria zen, bi osabak ere bai, amaren osaba Koldo Aguirre Athletic-eko jokalari ohia da... Nik txikitatik arnastu dut futbola. Besterik ez zegoenez, horrekin hazi naiz, une batean estu, itota, sentitzeraino. Mundu profesionalera iritsita konparaketak ekidin ezinak dira eta erreferente gehiegi nituen etxean. Gainera, gure garaian, infantiletan jendeak utzi egiten zion ikasteari. 15 urterekin jendeak buruan zeukan bakarra Athleticen jokatzea zen. Talde handien harrobietan galbahea urtero pasa eta ohikoena lehen taldera inoiz ez iristea izan arren, jendeak dena uzten zuen futbolaren izenean. Pentsa, horietako askok ez aurrera ez atzera geratzean gorriak eta bi pasa dituzte eta orain hasi dira ikasten. Nik ikasketekin jarraitzeko tentua izan nuen, baina orduan, bai jokalariak bai gurasoak itsututa zeuden, eta klubek ezer gutxi egiten zuten ikasketei eusteko. Orain, zorionez, Lezaman eta Zubietan bertan dauzkate irakasleak, eta gaztetxo bati txoro haizea sartu orduko, “txikito, jarraitu ikasten!” agintzen dio klubak.   

Ez da samurra ikasten jarraitzea, harmailetan gurasoek burua galtzen duten bitartean, ordezkariak belarrira biharko Messi zarela xuxurlatzen dizunean.

Gurasoena frustrazio metaketa izugarria da. Zoratzear garrasika dabiltzan guraso gehienek nahi dute euren umea eurak izan nahi eta izan ez zirena bihurtzea. Ez gaitezen engaina, askotan gurasoek nahi dute haurra futbolari izatea, ez haurrak. Nola azaldu, bestela, eskola arteko partidetan dagoen lehiakortasun itsu hori? Ez da normala, ordezkariena normala ez den bezala. Hala, sinesgaitza izan arren Eibarko jubenil batek ordezkaria dauka. Hirugarren mailan entrenatzen nuenean traje eta gorbatadun bat etortzen zen jokalariek hilero 150 edo 200 euro kobratu behar zuten hitzartzera. Haluzinatu egiten nuen. Txikitatik nabil futbolean baina futbolaren parafernalia osoa ulertzea asko kostatzen zait oraindik.

Lehiatu zara Lehen mailan, Bigarrenean, Bigarren B-n... Alde handia dago fokupetik itzalpera?

Publiko zabalaren begietara, saltzen dena baizik ez da existitzen. 2. B maila ez da bereziki erakargarria, gero eta arazo ekonomiko handiagoak daude, telebistak jendea zelaietatik urrundu du... Gaur egun, Lehen mailan, edo asko jota 2. A mailan ez bazaude, ez daukazu oihartzunik, jendearentzat hutsaren hurrengoa zara. Garai txarrak dira, telebistak mugitzen ditu hariak, eta elitetik kanpora hotz egiten du. Diru-sarrerak nahi badituzu Lehen edo Bigarren A mailan egon behar duzu. Horrek Espainiako Estatuan bizirauteko aukera 42 taldek baizik ez daukatela esan nahi du. Hortik behera ez jokalariek, ez entrenatzaileek, ez klubak ezin dute futbolaz bizi. Sistema antolatuta dagoen bezala, Futbol Profesionalaren Ligatik kanpo egoteak futboletik at uzten zaitu kasik.  

Horregatik bururatzen zaizkio jendeari futbola entzutean “dirua”, “fama” edo “polemika”, “gola” eta “baloia” baino lehenago?

Futbolaren inguruko gero eta programa gehiago daude baina gero eta gutxiago hitz egiten da futbolaz. Entrenatzaileok ere prentsaurrekoak eman eta eman gabiltza, futbolaz apenas mintzatu gabe. Prentsak dioenaz, arbitroaz, bataren eta bestearen adierazpenez, arropa markez, polemikez, fitxaketez, azken aldiko indarkeriaz... Inguruan gertatzen den guztia dugu aipagai, baina jokoaren esentzia inori ez zaiola ardura dirudi. Ingurukoak muinekoak baino oihartzun askoz handiagoa du. Ulertzen dut zirko handi batean gaudela eta negozio hau ezingo litzatekeela mantendu polemikarik, marketinik, inguruko berbarorik eta kamisetarik saldu gabe. Niri jokoa gustatzen zait, ordea, jokoaren gaixo bat naiz. Futbol partida bat xake partida bat bezalakoa da niretzat. Baina alferrik da, kazetari asko jokoari buruz hasiko balira ipurdi-bistan geratuko lirateke, entrenatzaileok ere askoz gehiago busti beharko genuke, zer dakigun eta zer ez erakutsiz, eta denon erosotasunaren izenean, inork ez du jokoaz hitz egiten.

Hitz egin dezagun entrenatzaile on bat izateko behar denaz.

Entrenatzaile on bat izateko jokoaren ezagupen handia behar duzu, baina batez ere, taldea kudeatzen jakin, lider bat izan. Egungo puntako entrenatzaile guztiak dira liderrak, gidariak, euren ideiak transmititzen eta komunikatzen dakitenak, beraien konbentzimenduz jokalaria konbentzitzen dutenak, bakoitzari zukua ateratzen diotenak, pertsonen arteko harremanen gakoak kontrolatzen dituztenak... Niretzat entrenatzailea kudeatzailea da, coach-a. Badakigu taktikan, teknikan, entrenamenduen prestaketan edo partiden planteamenduan ezin dugula huts egin, baina taldearen oreka orokorra kudeatzeak ematen digu buruko minik handiena. Ni naizen bezalakoa izanda jokalarientzat eredugarria izaten saiatzen naiz, esaten dudanarekin baino egiten dudanarekin predikatzen. Ez naiz diskurtso handien zalea, nahiago dut nire akats eta aziertoekin bide bat markatu eta bide horrekin koherentea izan. Koherentzia eta lana dira nire goiburuak. Askotan huts egiten dut, baina beti markatutako bidearen barruan eta lana eginda. Entrenatzaile batek ez badu entrenamendua ongi prestatu edo jokalariei erakutsi beharreko bideoa aurrez ikusi, alferrik eskatuko die lana eta zorroztasuna, ez dauka sinesgarritasunik. Zure bidea ekintzekin markatzen baduzu, ordea, jendeak jarraituko zaitu.    

Errazago jarraituko zaitu identitate baten arabera eraikitako talde homogeneo batek?

Egungo futbolean gero eta zailagoa da oinarrizko balore sorta bati eustea, talde homogeneoa osatzea. Guretzat ideala litzateke talde euskalduna, edo gutxienez euskal herritarrez osatutako taldea, eraikitzea. Lehen Mailan gaude, ordea, eta euskal jokalari onenak Athletic eta Realera doaz. Horrek Espainiako eta atzerriko merkatura jotzera behartzen gaitu, eta ondorioz, gero eta zailagoa da Eibarko herriarekin, kulturarekin eta izaerarekin lotura duen taldea egitea. Horregatik pasatzen ditugu orduak eta orduak hemen herri bat, kultura bat, hizkuntza bat, izaera bat eta gauzak egiteko modu bat daudela azaltzen. Eibar ez da talde arrunt bat. Jokalariek jakin behar dute talde hau zer zen orain 40 urte, zer zen orain 5 urte, eta nola portatu behar duten gurea bezalako klub batean. Fitxatu aurretik, horregatik erreparatzen diogu hainbeste jokalariaren zelaitik kanpoko izaerari. Langilea eta umila ez denak nekez luzituko du gurean.

Transmititutakoa barneratzeko denbora behar da, futbolean existitzen ez den denbora.

Egia da azken emaitzaren arabera baloratzen zaituztela, futbolean ez dagoela etorkizunik, egun batetik bestera pasatzen zarela gailurretik zulora... baina ni txikitatik nago gurpil horretan sartuta eta ez naiz ohartzen. Badut presioa, baina ez dut sentitzen. Ohitu naiz urgentzia horretan bizitzera. Horregatik diot presioa norberak sartzen diola norbere buruari. Txikikeria batek ito zaitzake, eta egoera gaizto batean hazi egingo zara. Hala, hotzean begiratuta, guk ez daukagu presiorik. Goseak hiltzen ari diren umeek, etxebizitza galtzeko zorian daudenek, kale gorrian geratu direnek... Horiek daukate benetako presioa. Guk zer presio daukagu? Kaleratzen bagaituzte pena galanta, urguiluan zauria, baina ez gara gosez hilko. Horregatik, ez dugu ahaztu behar gurea zirko bat dela eta benetan presiopean dagoenaren aurrera agertzen garela egunero. Askotan zeharo arduratuta agertzen gara, larritasunaren mugan, loa galduta, baina dena daukagu.

Denborarik ezak amnesia omen dakar. Ohartzen gara Eibarren balentriaz?

Gu ez gara konturatu. Ez dugu astirik izan hondartzan etzan eta gure zilborrei harro esateko “begira zer lortu dugun!”. 2. Bn ez genuen aurrekontu handiena eta mailaz igo ginen. 2. An, aurrekontu txikienarekin irabazi genuen liga. Izugarri gustatzen zait dirua desmitifikatzea, diruari iskin egitea, erakustea badirela beste balore batzuk, ez duela beti diruak irabazten. Igotzeak bezainbateko poza ematen dit aurrekontu txikienarekin igo izanak. Ez daukagu entrenatzeko zelairik baina lehen mailan gaude. Hori ez da ahanzten.  

“Eta orain, zer?” galdetuko luke konformagaitzak.

Helburua betetzen duzun unea beti da kritikoa, helburu berriak zehaztean beti duzulako zure mugekin topo egiteko arriskua. Azken urteetan egin duguna eginda ere, jendeak gehiago nahi du. Baina orain Lehen Mailan gaude, denboraldia uste baino hobeto hasita, eta une gaitzak gero eta gertuago daude. Futbolean mendian bezala gertatzen da, behin tontorra igota ogitartekoa jaten geratzen zara, baina gaua eta hotza heltzean ez dago behera egin beste erremediorik. Gu gailurrean ogitartekoaz gozatzen ari gara. Horregatik, plazer hori luzatzeko borrokatu eta gaua eta hotza datozenerako prest egon behar dugu.  

Gaua eta hotza datozenean, entrenatzaileak bakar-bakarrik geratzeko arriskua izaten du.

Jokalariek entrenatzailea bota dezakete eta prentsak ere bai. Ez da kasualitatea entrenatzaile asko prentsa-aretotik bizi badira. Futbolaz asko dakien lagun batek beti esaten dit, entrenatzaileak kazetarien aurrean bere burua ondo saltzen eta aldaketak egiten asmatzen badu, salbatuta dagoela. Nik, ordea, ez daukat hori kudeatzeko estrategiarik. Saiatzen naiz buruari mila buelta ez ematen eta naturaltasunari zein zintzotasunari hitza uzten. Esaterako, ardura bat sentitzen dut nire ideia, herria eta hizkuntzarekiko. Nirea ez da Eibarko langile bat izan eta partidak irabaztea bakarrik, nire baitan daramatzadanak aldarrikatu nahi ditut, aurrerapausoak ematen lagundu. Horrek prezio bat duela? Nahiago dut prezio hori ordaindu eta lasai lo egin. Etengabe erakusleihoan gaudenok ere gure hondar-alea jarri behar dugu.

Erakunde publikoek futbol taldeei dirua eman edo zorrak barkatu behar dizkiete erakusleihoan segi dezaten?

Ez zait normala iruditzen desagertzear dagoen klub batek laguntzak jasotzea eta etxea ezin ordainduz dabilenari ez barkatzea. Baina hori da gaur egun gertatzen dena, eta horrelakoetan, lotsatu egiten zara zirkoaren parte izateaz. Egia da jendeak ez duela bere taldea desagertzea nahi, baina zeini eman behar zaizkio laguntzak? Kudeaketa txar baten erruz lepotik gora zorpetuta dagoen klubari? Dirua lapurtu duen agintariari? Orain arte, gauzak ongi egiteak ez zuela balio zirudien. Gu zorrik gabe lehiatzen ginen zorpetuen aurka, baina fitxatzerako orduan zorpetuek guk baino diru gehiago eskaintzen zuten. Hori tranpa da. Zorionez, urak bere onera datoz, sistema guztia agerian geratzeak garbi utzi du futbol talde bat etxeko ekonomia bezala kudeatu behar dela, daukazuna baino gehiago gastatu gabe, zure ahalen arabera biziz. Horrek ordaintzen duenari egiten dio mesede, eta datozen urteak Eibarrentzat hobeak izango direlakoan nago.   

Futbolarekin loturiko azkenaldiko indarkeria kasuek ere agerian utzi dute sistema.

Egia da klubek euren etxeko lanak egin behar dituztela, baina soluzioa arazoa bezain sinplea da. Jendeak ume-umetatik zelaira joatean, gurasoak, burua galduta borrokatzeko desiratzen dauden zalez inguraturik, etikoki dudakoak diren abestiak oihukatzen ikusi baditu, zer espero dugu? Ingalaterran ez da halakorik gertatzen. Hori aldatzea gure esku dagoen heziketa kontua da. Belaunaldi batek besteari txiki-txikitatik esaten badio jendea errespetatu behar dela, berehala eta berez desagertuko da indarkeria futboletik. Futbola jendartearen isla da, eta jendarteak argi badu futbolean indarkeriak ez daukala lekurik, egungo jarrerak desagerraraztea urte gutxitako kontua izango da.

Nortasun agiria: Gaizka Garitano

Gaizka Garitano, 1975eko uztailaren 9an Derion sortua. Athleticen harrobian hazia, jokalari gisa 1993an debutatu zuen. Athleticen, Eibarren, Realean, Lleidan eta Ourensen jokaturik, Alavesen erretiratu zen 2009an. 2010ean, Eibar Bn hasi zen entrenatzaile lanetan, eta lehen taldearen gidaritza 2012an harturik, Eibar Lehen Mailara igotzea lortu du.

Azken hitza: Oreka

“Badira entrenatzaileak dauzkan jokalarietara egokitu behar duela diotenak, baina nire ustez, entrenatzaile onak bere ideiak transmititu eta praktikan jarri behar ditu. Ez da alferrik entrenatzailea. Hori hala, oso zaila da jokalari guztiak entrenatzailearekin gustura egotea. Batzuek ez dute batere jokatzen, besteek ez nahi beste... Are gehiago, jokatzen ez duena pozik badago entrenatzaileak arazo bat dauka, jokalariak ez duelako entrenatzailea estutzen. Horregatik, gauza bat da pozik ez egotea eta beste bat gaizki esaka ibili eta giroa ozpintzen saiatzea. Lehenbizikoa ezinbestekoa da, bigarrena onartezina”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eibar KE
‘Eibar-Israel’ peña dagoelako debekatu zuen Ertzaintzak Palestinako bandera Ipuruan, Erkorekak azaldu duenez

Eibar futbol taldearen zaletuen artean Eibar-Israel izeneko peña dago eta, hortaz, Palestinako ikurraren presentziak “segurtasun arazoak” sortu zitzakeen. Hori dela eta, Ertzaintzak “egokitzat” jo zuen ikurra kendu araztea Eibar eta Huesca arteko... [+]


Eibarko hainbat zaletuk Stefan Simic kanporatzeko eskatu dute, bere jarrera diskriminatzaileengatik

Zuzendaritzaren jarrera ere salatu dute, jokalariaren sare sozialak eta iritziak ezkutatzeagatik. Bestalde, Osasunako zaletuek ere polemika piztu dute: alde batetik, igandean Greenwood Getafeko jokalariaren aurkako oihuak egin zituzten (bikotekideari tratu txarrak egitea egozten... [+]


2020-03-19 | Jon Torner Zabala
Osasuna eta Eibarrek futbolarientzako probei uko egin eta herritarren esku utzi dituzte

Espainiako lehen mailako futbol ligan ari diren Osasuna, Eibar eta Valladolid taldeek uko egin diote Ligak futbol kluben esku jarri dituen koronabirus probak egiteari, eta medikuek behar handiago duten herritarrekin baliatu ditzatela erabaki dute.


2018-10-25 | Iñigo Igartua
Eibarren kirol-hiri berria Mallabian eraikiko da

Administrazio kontseiluak defendatu duen Areitioko aukera nabarmen gailendu zaio Azitaingoari (Eibar), akziodunen botoen bikoitza lortuta.


2018-08-01 | ARGIA
Haserrea sarean Athleticek eta Eibarrek babesle ofizial apustu etxe bat izendatu ostean

Athletic eta Eibar futbol taldeek asteazkenean jakinarazi dute apustu etxe bat izango dela denboraldi honetan babesle ofizial bat. Haserrea eragin du erabakiak eta sarean erantzunak berehalakoak izan dira.


Eguneraketa berriak daude