argia.eus
INPRIMATU
Alternatiba bakarra
Edu Zelaieta Anta 2015eko urtarrilaren 14a

PSE-EE alternatiba bakarra dela aldarrikatu berri du Idoia Mendiak eta, hurrengo hauteskundeen atarian, gainerako alderdi guztiak ez direla baleko aukera gaineratu. Hain da zaharra eta zaharkitua estrategia, ezen narda egiteraino errepikatu den leloa aditu hutsak nekatu egiten baitu. Eta harritu, oraindik ere, hura –urrikalmendurik gabe– erabiltzeak: lehengo lepotik burua alderdien politikagintzan.

Saltzaile bakoitzak du salgai onena, egiatan balio duen bakarra. Ez erosi beste inori, hau bezalakorik ez duzu inon topatuko. Ni naiz bilatzen duzun hori. Zuk baino hobeki dakit zer nahi duzun, zer komeni zaizun. Hauxe da-eta behar duzuna. Erosi: ez zara damutuko; eta damutuko bazina, dirua itzuliko genizuke. Ez izan dudarik. Hurrengo merkatura arte. Hurrengo merkealdira arte.

Idoia Mendiari entzunak genizkion hitz handiosak sistemaren berritzeaz: “Gaurko alderdiak geroko ere izanen badira, erro-errotik aldatu behar dira egiturak, pentsamoldeak, politika gauzatzeko moduak”. Urte berrian sartu gara, baina bizirik dirau batzuen gogo-mingain herdoilduak.