Hasi berri den urtea oparoa izango da zientziarekin eta teknologiarekin zerikusia duten albisteei dagokienez. Hona hemen adi jarraituko ditugun zenbait gai:
Martxoan Fukushimako istripuaren urteurrena gogoratuko dugu; halaber, zentral nuklearraren inguruko berri interesgarrienak ekarriko ditugu orrialde honetara.
Espazioari ere arreta eskainiko diogu. Aurten batez ere Plutoni begira jarriko gara, NASAren New Horizons zunda haren ingurura iritsiko baita. Gutxi gorabehera aldizkari hau zure eskuetara heltzeaz batera hasiko da New Horizons planeta nanoaren irudiak hartzen.
Naturak eta medikuntzak etengabeko informazio iturria izaten jarraituko dute. Klima aldaketaren ondorioen berri izango dugu, batetik; bestetik, ama zelulen inguruko ikerketak berri onak emango dituelakoan nago.
Euskal Herrian, berriz, bi gai nagusi izango dira: EAEko ikerketaren eta berrikuntzaren dekretu berria –2020rako helburuak ezarriko dituena–, eta hondakinen kudeaketaren alorrean izango diren albisteak.