argia.eus
INPRIMATU
Ezinbesteko aliantzak
Xabier Letona Biteri @xletona 2014ko abenduaren 30

Hiru urte iragan dira ETAk bere jarduera armatuaren amaiera iragarri zuenetik eta ez da garbi bake prozesuaren egoera zein den, baina ona ez. Erabat geldi ere ez da, biktimen inguru hainbat ekitaldi egin dira 2014an, batzuk bi bandoetako biktimak elkarri begira eta elkarrekin aurrera egitekotan.

Kontaketaren gaiak ere aurrera darrai, besterik ez bada kontaketaren protagonista nagusia denbora delako eta honek aurrera jarraitzen duelako. Bestelakoa da horrela ondo bideratuko ote den. Kontaketa bakarrik ez dela egongo berenganatua dute prozesuan sinesten dutenek, eta batek daki kontaketa esparru bateraturik egon litekeen “gatazka” eta “terrorismo” irakurtzen dutenen artean. Letra lodietan ez, baina zirrikituetan sartuta errazago litzateke. Euskal gizarteko tradizio politiko nagusien lagun taldeen arteko eztabaidak horren lekuko. Analisi erabat desberdinak bai, baina baita tarte partekatuak ere,  batez ere ideia baten inguruan: euskal gizarteak bakea behar du eta gatazkak edo terrorismoak sortu dituen ondorioak bideratu egin behar dira. Nork, noiz eta nola zehaztean berriz katramilatzen dira ikusmoldeak, baina gehienetan dira akordio guneak, garatuz gero akordio orokorra emango luketenak. Akordio orokorra da munduko beste gatazka askotan ematen dena. Baina hainbatetan zanpaketa hutsaren jarraipena ere bai. Hemen oraindik ez da akordio orokorrik, baina zanpaketa hutsa ere nekez emango da, besteak beste, Estatuak ez duelako lortu garaipen politikorik. Hori da oraindik bilatzen ari dena, eta hori ezin bada, sikiera etorkizuneko balizko nazio proiektua ahal den neurrian trabatzea.

ETA-k urratsik garrantzitsuena eman du: jarduera armatua alboratzea. Ezker abertzale politikoak ere urratsik sendoenak eman ditu: bat, armak zituztenak konbentzitzea; eta bi, Espainiako Alderdien Legea onartzea. Egia esan, bake prozesu bat abiarazteko urratsik sendoenak berak eman ditu. Aldebakartasunaren bideak hala eskatzen zuen eta hala eskatuko du aurrerantzean ere, baita une honetan pil-pilean diren presoen eta armagabetzearen esparruetan ere. Gaur gaurkoz, esparru horietan diren geldiuneak ezker abertzalea bera kaltetzen dute gehien, bai gatazkaren ondorioak konpontzeko eta baita helburu historikoa duen nazio proiektua garatzeko ere. Nola desblokeatu, beraz? Hau da, eta brotxa lodia erabiliz, lehenbizi gatazkarena konpondu behar da eta gero etorriko da nazio proiektuetan buru-belarri murgiltzeko unea? Edo nazio proiektuetan buru-belarri murgilduta desblokeatuko da gatazkaren ondorioena?

Erantzun gaitzeko dilema, baina baterako zein besterako ezinbestean jeltzaleen mundu politiko, sozial eta instituzionalaren aliantza behar duena. Jeltzaleek ez dute halako presiorik, baina nekez pentsa dezakete iraganeko arazoak soilik ezker abertzalearenak direla. Topikoa da ondokoa, baina egia ere bai: txarto itxitako zauriak zornatzen dira.