Mendekua gaurdaino ekarri duen espetxe politika

  • Gaur egun 375 bat preso politiko dira Espainiako 40 espetxetan –beste 97 Frantzian. 25 espetxetan–. Garai batean birgizarteratze bideetarako ez zen behar ETArengandik urrutiratzea baino askoz gehiago. Azken hamarkadan baldintzak asko gogortu dira. ETAk bere jarduna uztean, PPk espetxe politika mendekua eta bake prozesua baldintzatzeko tresna bilakatu ditu.

Ondarroan preso gaixoen alde iragan maiatzean egindako manifestazioa.
Ondarroan preso gaixoen alde iragan maiatzean egindako manifestazioa.

Lizarra-Garaziko su-etenaren ondoren, 2000, 2001 eta 2002.. urteetan ETAk 43 pertsona hil zituen. Estatuaren erantzuna ere ez zen txantxetakoa izan eta ezker abertzalearen aurkako legez kanporatzeez gain, euskal preso politikoen aurkako jarrera biziki gogortu zuen, bereziki 2003an egindako lege aldaketen ondorioz. Jose María Michavila orduko Justizia ministroak (PP), horrela azaldu zuen: “Tresna erabakigarria izango da terrorismoarekin amaitzeko eta biktimekiko justizia ekarriko du, Konstituzioa eta Legea tinkotasunez eta bidezidorrik gabe erabiltzea baita ETArekin amaitzeko biderik motzena”.

Egia esan, Espainiako gobernua aspalditik ari zen lege erreformekin espetxe politika gogortzen. Hiru mugimendu handitan gauzatu ziren aldaketak 90eko hamarkadaren erditik aurrera. 1996an egindako espetxe araudiaren erreformak ordura arteko zigorren arintzea gogortu zuen eta 2003an, bi erreforma esanguratsu egin ziren: batetik, Zigor Kodearen erreforma zigorrak gogortzeko eta, bestetik, auzitegiek espetxe zigorrak kontrolatzeko sistema zentralizatua finkatu zen. Ordura arte, espetxe zigorren jarraipena espetxea zegoen lurralde auzitegietatik egiten zen eta 2003tik aurrera, euskal presoen jarraipena Madrilen zentralizatuko zen Espetxe Zaintzarako Auzitegi Zentrala sortuta. Auzitegi Nazionalaren gisakoa, baina espetxe zigorren zaintzarako.

30 urtetik 40 urtera

2003ko aldaketa garrantzitsuena espetxe zigorrak gogortzearena izan zen, ordura arteko 30 urteko gehienezko espetxe zigorra 40 urtera handitu zen, euskal presoen kasuan askotan osorik bete beharrekoa, hauetako askok 80 urtetik gorako espetxe zigorra zutelako. Edozein espetxe onura izateko egin beharreko zigorraren urte kontaketan, preso hauen zigor osoa kontuan hartzea zehaztu zen. Hau da, preso batek 10, 15, 30 eta 40 urteko lau zigor izanda, 105 urteko zigorra batuko luke guztira eta zigorraren edozelako arintzea lortzeko kopuru oso horretatik abiatu beharko litzateke, horrela espetxe onuretara iristea ezinezkoa eginez.

Ordura arte, preso batek 30 urteko zigorra bazuen eta erredentzio edo luditzeen bidez 10 urte arintzea lortzen bazuen, 30 horietatik kendu eta 20 urte eginda kalera ateratzen zen. Lege berriarekin, 105 urte zituen presoak 10 kenduko lituzke eta zigorra 95ean geratuko litzaioke oraindik. Lege erreformak berak  argi azaltzen zuen bere espiritu: “Arau honekin, 100, 200 edo 300 urteko balizko zigorren aurrean, gaizkileak praktikan bere osotasunean eta eraginkortasunez beteko du zigorraren gehieneko muga”. 40 urteko zigorra bizitza osorako zigorra bihurtzen zen praktikan.

Baina beste neurri asko ere finkatu ziren, esate batera presoak hirugarren gradua lortzeko baldintzak. Euskal presoak lehenengo eta bigarren graduetan egon ohi dira,  baldintza gogorrenak dituzten graduetan. Hirugarren graduarekin, presoa kalera atera daiteke egun batzuetako baimenarekin, edo egunez lanera eta gaua espetxean pasa, edota zigorraren bi heren edo hiru laurdenak bete ondoren baldintzapeko askatasuna lortu.

Erreforma honetan finkatu ziren hirugarren gradua lortzeko –kaleratzeko ezinbestekoa den gradua– gaur egun ezagun bihurtu diren baldintzak: erantzukizun zibilen ordainketarako borondatea, jarduera armatua utzi izanaren jarrera argia, ETAren aurkako borrokan segurtasun indarrak era aktiboan laguntzea edota biktimei eskatu beharreko barkamena. Horrek ez du esan nahi birgizarteratze neurriak onartzen dituen preso bakoitzari hori guztia eskatu zaionik, kasu bakoitzean legea nahi den malgutasunarekin interpretatzen baita. Erreforma hau 2003ko martxoan onartu zuen Espainiako Kongresuak PP, PSOE, CiU eta Coalicion Canariaren adostasunarekin.

Legea, baina, ezin da atzera begira aplikatu eta bazegoen ETAko preso multzo handia 30 urteko espetxe zigorra zuena, 1973ko Zigor kodearekin zigortutakoak eta apurka preso ugari kaleratzen ari zen, 16, 18 edo 20 urte beteta. Espainiako hedabideek dantza zoroan ibilitako izenak ziren eta iritzi publikoari etakide horiek kartzelan ustelduko zirela saldu bazitzaion ere, izen ezagunak kalera atera ziren edo ateratzear ziren.

Funtsean, kaleratze “azkar” horiek gertatzen ziren 1973ko Zigor Kodea askoz malguago zelako zigorra arintzeari begira, Espainiako Konstituzioak argi adierazten duelako espetxearen helburua presoa birgizarteratzea dela. Espainiako Gobernua aspaldi zebilen amorratua gai horrekin, eta ia hamarkada bat lehenago hartu zituen hainbat neurri zigorren erredentzio edo luditzeak –ikasketak, lana edo beste hainbat arrazoirengatik lortzen diren espetxe urte murrizketak– gogortzeko. Orain arte aipatutako 2003ko erreforma baino askoz lehenago, luditzeak txikitzeko espetxe araudiaren erreforma bideratu zuen Espainiako Gobernuak 1996an.

‘Parot doktrina’

1996ko erreformarekin luditzeak gutxitu ziren eta 2003an zigorrak eta hauen kontrola gogortu. Horrek, baina, ez zuen konpontzen 30 urteko espetxe zigorra betetzeko gertu zeuden presoen egoera eta ezer egin ezean kaleratu egin beharko zituzten. Zer egin hauek 30 urte osorik betetzeko? Espainiako Justiziak Parot doktrina asmatu zuen 2006an Auzitegi Gorenak emandako epai baten bidez.

Unai Parot presoak jarritako helegite bati erantzunez, Gorenak erabaki zuen luditzeen bidez lortutako urte murrizketa ez zela egingo gehienezko 30 urteko zigorretik kontatuta baizik eta zigor bakoitzetik, eta horrela bermatzen zen 30 urte osorik betetzea. –30etik 10 kenduta 20rekin kalera, 1.000 urtetik 10 kenduta oraindik 990 geratzen dira–.

Espetxe onurak murrizteko 2003ko erreformetan finkatutako espiritua zigorrak betetzeko kontaketa moldera eraman zen, eta horren ondorioz preso ugarik bete ditu 30 urte espetxean edo gertu egon da. Ines del Rio presoak jarritako helegiteari erantzunez, 2013an Estrasburgoko Auzitegiak legez kanpokotzat jo zuen Parot doktrina eta, ondorioz, 55 bat euskal preso kalera atera ziren apurka.

100.2 artikulua

Espainiako Zigor Kodearen arabera, beraz, ia ezinezkoa da 40 urtetik gorako zigorra dutenak 30 urte baino lehenago baldintzapeko askatasunean ateratzea. Baina ez dago zerbait betikotzen duen araudirik, agintariek hala nahi badute eta horretarako dago Espetxe Araudiaren 100.2 artikulua. Honen arabera, espetxeak berak malgutasunez irakurri dezake preso baten egoera eta  horren arabera nahi duen graduan sailkatu, baita gradu nahasketa egin ere. Horrela atera ziren Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibilaren jeneral ohia, Rafael Vera Barne Estatu idazkari ohia edo Luis Roldan Guardia Zibilaren zuzendari ohia. Eta horrela atera izan dira gaixo dauden hainbat euskal preso ere. Espetxeak gradua proposatzen du eta epaileak onar dezake edo ez, baina gobernuak nahi badu, presoa atera egin ohi da.

Estatuak nahiko balu, beraz, neurri ugari ditu presoak bakarka askatzeko, bai lege erreformen bidez edo egun duen legea errespetatuz. Presoei eta beren senitartekoei kalte handienetakoa ekarri dien sakabanaketa politikari amaiera emateko, esaterako, Espainiako Gobernuak ez du behar ez lege aldaketarik ez epaileen baimenik, borondatea besterik ez.

ETA eta gobernuaren arteko “negoziazio teknikoaren” ondorio ere izan zitekeen presoen kaleratzea –armak presoen truke–, baina hor ETAk ere galdu izan ditu hainbat aukera, Aljer, Lizarra-Garazi eta Loiolako negoziaketetan, adibidez. Eta orain zer? Orain, klabe nagusia euskal gizartearen presio eta mobilizazio gaitasunean bide da.

Joseba Azkarraga, Sareko kidea
"Presoei bakarrik eskatzen zitzaien beren ideologia bide baketsuetatik defenditzea"

Joseba Azkarraga EAJren senataria zen 1980ko hamarkadaren hasieran bere alderdiak eta Jose Barrionuevo Espainiako Gobernuko Barne ministroak (PSOE) ETAko presoen birgizarteratze plan bat bideratu zutenean. ‘Azkarraga bidea’ moduan ere ezagutu zen eta batez ere ETApm-ko presoek heldu zioten eskaintzari. Gerora, Joseba Azkarragak hainbat kargu izan ditu EAn eta Eusko Jaurlaritzan, Ibarretxe lehendakariaren azken Gobernuan Justizia sailburu.

1980ko hamarkadaren hasieran birgizarteratze prozesu hura bultzatu zenutenean, zer baldintza eskatzen zitzaien presoei?

Gaur egun eskatzen diren horietako bat ere ez. Egindako minaren aitorpenarekin hasi ziren, baina gero barkamen eskaera egitea aipatu da, bere garaian egindakoa gaizki zegoela onartzea… Garai hartan, ETA jardun betean zegoenean, bakarrik eskatu zitzaien sinatzea agiri bat non esaten zen presoak beraien ideologia soilik modu baketsuan defenditzeko konpromisoa hartzen zutela. Kito.

Nola konparatuko zenuke gaur egun eskatzen zaienarekin?

Ez du zerikusirik, are gehiago kontuan hartuta ETAk bere jarrera armatua utzi duela eta iragarri duela ez dela hartara itzuliko. Horrek ez du zentzurik. Gaur egungo espetxe politikaren ezaugarri nagusia mendekua da eta hori legearen edukiaren aurkakoa da. Legeak argi esaten du, adibidez, preso guztiek dutela eskubidea euren zigorra haien bizilekutik ahalik eta gertuen betetzeko eta hori da presoek eta haien senitartekoek eskatzen dutena.

Zer egin dezake Eusko Jaurlaritzak?

Jaurlaritzak ez du espetxe eskumenik eta, beraz,  garatu ahal duen edozein proiektuk beti egingo du topo Espainiako Gobernuaren jarrerarekin. Hitzeman proiektuak, esaterako, izan dezake gauza onik, baina ez du eraginkortasunik. Nik gaiarekiko konpromiso publiko handiagoa eskatuko nioke, eta Espainiako Gobernuarekiko tinkotasun handiagoa, ezin da beti erantzukizuna ETAren gainean jarri, Espainiako Gobernuari eskatu gabe legea bete dezala. Ez da ulergarria batzuek bukatutzat ematea biolentziaren arazoa, ondorioak konpondu gabe daudenean; eta bai, biktimena da ondorio oinarrizkoena, baina baita ere presoena. Hori konpondu gabe, inork ezin du bukatutzat eman herri honetan bizi izan dugun arazoa.

Eusko Jaurlaritzak iraganaren kritika eskatzen die presoei. Zein neurritan da beharrezkoa espetxe onurak jasotzeko?

Legeak ez du horrelakorik eskatzen, uste dut ezin dela halakorik eskatu. Barkamena behartuta eskatzeak, adibidez, ez du ezertarako balio. Niri oso ongi iruditzen zait presoek barkamena eskatzea, baina legea betetzeko barkamena eskatzea astakeria iruditzen zait.

Nola ikusten duzu euskal gizartea presoen gaiarekiko?

Badira lanean ari diren hainbat talde, nik laguntzen dudan Sare adibidez. Euskal gizartea saretu nahi duen herritarren mugimendua da Sare. Ideologikoki pertsona desberdinak gara, baina uste dugu presoen eskubideak ere errespetatuak izan behar dutela. Uste dut konfiantza handiagoa izan behar dugula gizarte zibilak duen indarrean, eta nik behintzat konfiantza handia dut.

EPPK-k legea eta norbanakoen bidea onartu zituen

2013ko abenduan Euskal Preso Politikoen Kolektiboak erabaki historikoa hartu zuen: haien kaleratzea lege-baliabideak onartuta egitea, “horrek inplizituki zigorraren onarpena” ekarri arren. Konpromiso indibidualak hartzeko jarrera erakusten zen agiri bidez, beti ere “prozesu orokor batean” eta “denbora zuhur batean”. ETAk borroka armatua utzi izana ontzat eman zen eta “Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borroka aurrerantzean bide eta molde politiko eta demokratikoetatik” egitea ere bai.

Ordura arte EPPK-k ez zuen Espainiako justiziak jarritako zigorrik onartzen eta kaleratzeko irtenbide kolektiboak bakarrik onesten zituen. 2013ra arte kolektibo honek –preso gaixoen salbuespenarekin– ez zuen espetxe onurarik eskatzen eta, ondorioz, espetxe onura asko galtzen zituen, batez ere hirugarren graduarekin lotutakoak, esaterako baimenekin ateratzea edo baldintzapeko askatasunean kaleratzea. Presoek ez zuten eskatzen, baina zegokiena emanez gero, hartu egiten zuten. Hartutako onuren artean legez zegokien espetxe urte murrizketak zeuden.

Erabaki honen ondorioz, 2014an zehar bi mugimendu handi egin dituzte EPPK-ko presoek. Batetik, espetxe agintaritzaren aurrean legez dagozkien eskubideak eskatu dituzte bakarka, bai Euskal Herriratzeko eskatuz eta baita dagozkien bestelako onurak ere. Espetxe Agintaritzak muzin egin die eskatutako onurei eta ondorioz, presoen bigarren mugimendua etorri da, ukatutako eskaera horiek justiziaren esparrura bideratzea. Horretan da prozesua orain, Espetxe Zaintzarako Epaitegi Zentralaren erantzunaren zain. Esperantza urria da, borondate politikorik gabe nekez izango baita aldaketarik.

PPk eta PSOEk 2003ko Zigor Kodean diren baldintzak betetzea eskatzen diete presoei, besteak beste kalte-ordainak ordaintzeko borondatea agertzea, ETAtik aldentzea, egindakoagatik damua agertzea eta biktimei barkamena eskatzea. Egia esan, ez dago argi zehatz-mehatz zer eskatzen den, legeaz egindako interpretazioaren arabera eta borondate politikoaren arabera eskaerak asko alda daitezke eta.    Eusko Jaurlaritzatik ere iraganaren azterketa kritikoa eskatzen zaie presoei, egindako mina eta kaltea injustua izan dela aitortzea. EPPK-k iazko abenduko agirian onartu zuen egindako kaltea eta mina, eta konponbide prozesuan hortaz hitz egiteko prestutasuna agertu zuen. Horrez gain, Hitzeman birgizarteratze programa aurkeztu zuen iragan urrian Jonan Fernandezek zuzentzen duen Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak, baina EH Bilduk oso kritika gogorra egin zion, haren ustez programak zilegi egiten duelako egungo salbuespenezko espetxe politika.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
Sortuko sei kide epaituko dituzte euskal presoei "ongi etorri" ekitaldiak antolatzeagatik

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel Carcía Castellón epaileak sei pertsona epaituko ditu Ongietorrien auzian: Antton López Ruiz Kubati, Kai Saez de Egilaz, Pipe San Epifanio, Haimar Altuna, Oihana Garmendia eta Oihana San Vicente. Guztiak Sortuko kideak... [+]


26 urteko espetxealdia atzean utzita aske da Iñaki Garces otxandiarra

Astelehenean jakinarazi du albistea Etxerat elkarteak. Otxandioko preso politikoa baldintzapeko askatasunean zegoen 2023ko martxoaz geroztik.


Euskal preso eta iheslari politikoen aldeko jaialdia egingo dute Ezpeletan larunbatean

Kontzertuen bidez euskal preso eta iheslariak laguntzea da xedea. Aurten, Rakatapunk, Xutik eta Esne Beltza dira egitarauan.


Eguneraketa berriak daude