XIX. mendearen amaieran urkamendia eta lintxamendua ziren AEBetako exekuzio sistema erabilienak. Baina iritzi publikoa metodo horiek krudeltzat jotzen hasi zen eta, garai bertsuan munduko beste hainbat gobernu bezala, AEBetakoa ere bide “bihozberagoen” bila ari zen, kritikak isilaraztea xede.
Abagunea baliatuz, Thomas Alva Edison asmatzaile ezagunak New Yorkeko alkatea elektrizitatea erabiltzearen aldeko iritzira bildu zuen; aulki elektrikoa metodo “berehalakoa eta oinazerik nahiz basakeriarik gabekoa” zen Edisonen hitzetan. William Kemmler izan zen gailu berriaren lehen biktima, 1890ean, eta agerian geratu zen metodoak ez zuela Edisonek aipatutako hiru ezaugarrietatik bat bera ere betetzen, baina asmatzaileak urtetan aulkiaren onurak goraipatzen jarraitu zuen hitzaldietan. Hori bai, gailuarentzako energia egokiena korronte alternoa zela azpimarratzen zuen beti. Urte horietan Edison eta haren lehiakide George Westinghouse “korronteen gerra” betean zeuden eta korronte alternoa, hain zuzen, Westinghousek erabiltzen zuen. Edisonek nahi zuen, hain zuzen, heriotza Westinghousekin lotu zedin.