Hamaika begirada Palestinari Euskal Herritik

  • Biladi Hadi elkartasun brigada kulturala 2010ean joan ginen Palestinara elkartasuna adieraztera, eta herri bat ekarri genuen bueltan. Ekarritakoak gutxi du oroigarritik, eta asko, behar beste, konpromisotik. Gure bidaia joan-etorriko lan gisa ulertu genuen hasieratik. Hala, han ikusitakotik eta ikasitakotik abiatuta, Euskal Herrian hainbat eremutan ezagunak diren sortzaileekin elkarlanean, musika eta hitzak jarri genizkien bidaian egin genituen argazkiei, Biladi Hadi liburu eta musika diskoa argitaratzeko. Bi herrien arteko elkartasunaren beharra aldarrikatu nahi zuten olerki, bertso, testu, abesti eta argazki horiek guztiak Argiaren Biladi Hadi blogean argitaratu ditugu 2014an. Lagin txiki bat ekarri dizuegu orriotara.

Metro bakar bat

Autoa gidatzeko israeldar baimena berritzeko modurik ez du aurkitu emakumeak. Amman hirira joan behar izaten du, haraxe joaten da asperduratik irteteko, eta ez du hartarako ere eragozpenak izateko gogorik. Nahiago luke Jerusalemera bidaia gogaikarri hau egin ez, ezin duelako hiri hain hurbil eta hain urrun horretan egon. Qalandiako kontrolgunea pasatutakoan ahaide batekin geratu da, handik aurrerako bidean gizon baten laguntza izateko.

Berrogeita hamar metro egin zituen, emakumeak, oinez kontrolgunerantz. Oinezkoentzako pasa-lekura iristean, hautsa larruan zehar eta brusaren botoi zuloetan barrura sartzen zitzaion. Hortik ez zela pasatuko deliberatu zuen, zalantzarik gabe. Ez zela hastioz, gaiztotasun eta lizunkeriaz nahasturiko izerdi zirkulu horretara sartuko. Bi gizon gazteren haragi irrikek estuturik imajinatu zuen, emakumeak, bere gorputza. Ez zuen masturbazioen gaia izan gura, ez zuen momentu baterako ere etzan nahi, manta horiaren azpian, haien fantasietako ohe zikinean.

“Gizon horietako bati jotzen badiot haien begiak harriaren antzeko bihurtuko dira”, pentsatu zuen emakumeak, eta pasa-lekuko arduraduna zen ofizialari begira.

Gauzak ahalik eta arinen egin nahi zituen, kontrolguneko ateak itxi baino lehenago. Autoren ilarara joan zen arinka, eta bosgarren kamionetaren aurrera heldu zen. Oso urduri jo zuen kamionetaren leihoko kristala, txoferrari begira eta atzealdeko eserlekua galdezka bezala seinalatzen zuela.

“Bakea bedi zuekin!” agur esan zien txoferrari eta lagunari. “Bilera garrantzitsu batera noa. Ez dizuet enbarazu egingo…”.
 

Konfiantza handiarekin eseri zen, kamionetako atzeko eserlekuan, bere buruaz harro, biktoria historiko bat lortu balu bezala.

Txoferra gazte bizarduna zen, lasai tankerakoa, eta laguna ere halakoa zen, egokia itxuraz. Txoferraren eskuetan Koran txiki bat ikusi zuen, emakumeak. Grinaz ari zen txoferra irakurtzen, plazer ezkuturen bat islatzen zuen bozez. Hiru autok pasatu zuten kontrolgunea eta, kamionetak aurrera egin ahala, txoferrak Korana leitzen jarraitzen zuen.

“Eta kontrolguneko soldaduekin batera bere burua lehertzeko asmoa badu?” pentsatu zuen emakumeak. “Begi bistakoa da halako ideia bat duela. Ez dakit ihes egin ahal izango dudan; zerbait esaten badit, ezin izango dut alde egin!”

Eta orduan…

Auto bat geratzen zen aurrean bakarrik. Txoferrak Korana itxi eta, isilean, lagunari eman zion. Grabagailua piztu zuen eta xeika Behiaren sura ari zen irakurtzen…

“Hauekin batera hilko naiz”, pentsatu zuen emakumeak. “Kanpora irten nahi dut, negar egin nahi dut, heroia izan nahi dut nik ere akaso…”.

Xeikaren boza tonoz igo zen, emakumeak bere pentsamendua baizik entzuten ez zituela: “Ez dut minik izango. Birrinduko naiz. Espero dut dinamita nahikoa izatea sufritu beharrik ez izateko…”.

Kontrolgunean ia bertan zeuden jadanik.

Txoferrak atzerako ispilutik begiratu zion. Emakumeak sosegu begirada itzuli zion, eta etsipen irribarrea.

Metro bakar batera zegoen, kontrolgunea.

Itzulpena: Joseba Sarrionandia


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestina
2024-04-28 | Axier Lopez
Zazana, zerutik dena dakusan begi itsua

Hainbestekoa da Gazan droneek eguneroko bizitzan eta iruditegi kolektiboan daukaten eragina ezen hitz propio bat asmatu dutela droneentzat: Zazana. Hitz onomatopeikoa da, gazako dialektoan.

The Drone Eats With Me: A Gaza Diary  liburuan (Droneak nirekin jaten du: Gazako... [+]


2024-04-24 | ARGIA
Hobi komunak aurkitu dituzte suntsituriko Gazako bi ospitaleetan

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


2024-04-24
Gaza helburu duen Askatasunaren Ontzidiaren irteera berriz ere atzeratu da

Astelehen gauean iragarri zuen antolakuntzak ontzidia apirilaren 24an, asteazkenez, itsasoratuko zela, baina gutxienez ostiralera arte atzeratu dute irteera.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude