argia.eus
INPRIMATU
Urmeneta: nire kontaera
Enrike Diez de Ultzurrun Sagalá 2014ko abenduaren 23a

Aurtengo Nafarroako sari bidegabeak sortu harrabotsen haritik, argi dago zer garai duten amets oraindik ere nafar gobernuan dirautenek: frankismoa. Asmo bat zerabilten gogoan: garai politiko hura Huarteren bidez goraipatu eta frankismoaren zauri eta min irekietan piko egitea, eta gibel-asmo bat ere bai: Urmenetaren bitartez dena goitik behera nahastu eta bazterrak ederki inarrostea.

Miguel Javier Urmenetari buruz batik bat nabarmendu da 1936ko gerrara eta “dibisio urdinera” boluntario joan izana, aipatu gabe bietan ere heriotza-mehatxua izan zela tartean, gerrara “boluntario” abiatu aitzinetik. Gero, goi-karrera militarra egin zuen, Iruñeko alkate izan zen, baita Nafarroako Diputazioko diputatu ere. Gaizki eginak aski eta sobra aipatu zaizkio azken asteotan; ez, ordea, adibidez, bere domina eta sari militarrei uko egin izana.

Urmeneta, halaber, bestelako lan batean nabarmendu zen, hots, euskara eta euskaldunak duintzearen aldeko lanean. Izan ere, besteak beste Urmenetaren ahaleginari esker, Euskararen Aldeko Saila (sic) sortu zen Diputazio barruan 1957an, atzeraka etengabean ari zen euskararen alde zerbait egiteko, garai hartako zirrikitu meharrak baliatuz. Bizirik zirauten gerra aurreko nafar euskaltzaleak ere pozez bildu ziren ekimen berriaren inguruan, belaunaldi berri batekin batera, garai hartako indar politikoek (klandestinitatean zihardutenek) onarturik. Handik aurrera, besteak beste, euskal jaialdiak, bertsolari txapelketak, ikastolak, euskarazko aldizkaria eta euskal haurrentzako sariak antolatu zituzten. Urmenetak, izan ere, hauxe erran zien Saileko arduradunei: “Haurrak euskarara erakarri behar ditugu; haurrekin batera gurasoak etorriko dira, eta haurrak euskararen inguruan mantentzen baditugu, gure hizkuntzak etorkizuna izanen du”. Ondoren, 60ko hamarkadan, beste belaunaldi gazte bat lotu zitzaion ekimenari, horien artean azken 35 urte honetako euskalgintzan eragile nabarmenetako batzuk izanikoak edo oraindik ere badirenak. Bada, ekimen horren babesle nagusia, isilean, dela Diputazio barruko beste batzuen iritzien kontra, dela garaian garaiko gobernadorearen kontra, Urmeneta izan zen.

Hortxe dago, beraz, gure iragan hurbila, guztiz ezezaguna; ez da historia ofizialean kontatzen, ezta historia ofizialaren kontrako kontaera ofizialean ere.