argia.eus
INPRIMATU
Karbono monoxidoa, etxe barruko hiltzailea
Joxerra Aizpurua Sarasola 2014ko abenduaren 23a

Negua etorri ahala gero eta maizago pizten ditugu etxeko berogailuak. Abendutik maiatzera bitartean su eta ke arituko dira gure galdarak gasa erretzen, eta denbora tarte horretan behin baino gehiagotan izango dugu karbono monoxidoaren eraginez gertatutako ezbeharren berri.

Karbono monoxidoa, CO, gas gardena da, usain gabea eta airearen dentsitate berekoa gutxi gorabehera. Normalki erregai baten (egurra, ikatza, butanoa, gasolioa, fuela...) errekuntza partzialaren ondorioz sortzen da, eta oso ondorio larriak izan ditzake, hemoglobinan eta proteinetan finkatu eta zelulak kutsatzen ditu eta. Arnasten dugun airean CO kontzentrazioa %0,1 baino handiagoa bada ordubetean hil gaitezke; %1 baino handiagoa bada, 15 minutuan; eta %10 baino handiagoa bada heriotza berehalakoa izan daiteke.

Lerro hauen bidez urteroko aholkuak gogora ekarriko ditugu: hotz sasoia hastean galdarak, tximiniak eta aireztatze hobiak errebisatzea, egunero etxea gutxienez hamar minutuz aireztatzea eta airearen zirkulazioa ez oztopatzea. Eta ez ahaztu, istripua izatekotan, laguntza eskatzeaz batera ingurua aireztatu behar dela.