Nola gauzatzen da ekonomia feminista erakunde publiko batean

  • Gipuzkoako Foru Aldundiak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Foru Plana 2012-2020 (pdf) dauka indarrean. Plana irakurtzen duena ohartuko da ekonomia feminista ardatz duela, Amaia Perez Orozcorekin hausnarketa ordu dezente elkarbanatu dituztela. Diputazioak, batez ere zergetan, kontratazio publikoetan eta zaintzaren kudeaketan jarri du begirada feminista. 


2014ko abenduaren 28an
Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileak greban Espainiako Lan Erreformaren aurka.
Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileak greban Espainiako Lan Erreformaren aurka. Juan Carlos Ruiz / Argazki Press

2011ko bukaeran hasi ziren II. Plana lantzen. Etxe barruan, Foru Aldundian alegia, eta etxetik kanpo (mugimendu feministarekin besteak beste) aritu ziren. Urtebeteko lanketaren ondoren, bi helburu finkatu zituen Planak. Batetik, larrialdiei erantzun behar zitzaien. Jende asko dago bizitza duina izateko baliabide nahikorik ez duena, eta Foru Aldundiaren ardura da baldintza materialak sortzea, besteak beste herritarrek alokairua ordaindu, izozkailua bete eta lana izan dezaten. Bigarren helburua politika publikoak eredu berriranzko bidea egiteko prestatzea da. Eredu berrian bizitzaren zaintza erdigunean izango da, herritar oro ondo bizitzeko eredurantz pausoak eman behar dira. Eraldaketarako sei lan lerro zehaztu zituzten:

-  Nola emango ditugu pausoak bizitza sostengatuko duen ekonomiarantz.
-  Zaindu nahi den edo ez, eta nor zaindu erabakitzeko eskubidea eta egokiak diren zainketak jasotzeko eskubidea.
-  Nola eraikiko dugu inguru urbanoa, landa eremua, harreman sarea, ingurumena.
-  Bortizkeria matxistarik gabeko bizitzak izateko zer egingo dugu.
- Sare feministak eta praktikak nola indartuko ditugu.
- Nola sakonduko dugu demokrazia parte-hartzailean.

Planak kritika erradikala egiten dio gaur egungo eredu kapitalista eta patriarkalari. Helburua ez da eredua ukitu gabe politika publikoetan genero ikuspegia lantzea. Eredua sostengatzen duten egiturak ukitzen dira ikuspegi feministatik, eta ez ikuspegi horretatik bakarrik, baita ekofeminismotik, ikuspegi antikapitalistatik, ekonomia sozial eta solidarioaren ikuspegitik. Nolabait irudikatzeko, berdintasun teknikaria ez doa Foru Aldundiko sailez sail “genero ikuspegiaren liburua” besapean duela.

Kontratazio publikoak, zerga politika eta zaintza

Hiru eremu horiek dira Foru Aldundiak gehien landu dituenak, eskuduntzak dituztelako eta desberdintasuna sortzen duten egituretan eragin handiena dutenak direlako. Esparru bakoitzean hainbat neurri hartu dute eta ondoko lerroetan azalduko ditugu:

Kontratazio publikoetarako araua (berdintasun klausula): Edozein enpresa edo erakundek diru publikoa jasotzeko aukera izan nahi badu baldintza batzuk bete beharko ditu. Ez dago baloraziorik, neurriak bete egin behar dira derrigorrez. Neurriak modu honetakoak dira: enpresak kontratupean dituen emakumeen lan baldintzak hobetu beharko ditu; emakumeentzat lanpostuak sortu kontratu finkoekin; korrespontsabilitate eta kontziliazio neurriak hartu; eraso sexistak prebenitzeko neurriak hartu eta gertatzen badira esku hartu.

Zerga politika

Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zerga: Aberastasuna zeri deitu moldatu dute. Orain arte, herritarraren ondare materiala hartzen zen kontuan zerga ezartzeko eta orain herritarrak enpresatan dauzkan partizipazioak ere kontuan hartzen dira. Gauza bitxi batez ohartu dira aldaketa hori egin eta gero. Aurreko zerga ereduan batik bat emakumeak ziren ondarea zutenak, eta oraingo ereduan, adin ertaineko gizonek ondare interesgarria dutela konturatu dira. Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari Laura Gomezen ustez, kontraesankorra zen, “Gipuzkoako batez besteko errenta begiratu eta gizon eta emakumeen artean desberdintasuna nabaria zen, baina ondarean adineko emakume alargunengandik biltzea harrigarria zen. Kontzeptua aldatu genuenean, bestelako fortunak aurkitu genituen”.

Sozietateen errenten gaineko zerga: EH Bilduren proposamen hau ez zen onartua izan. Proposamen berriak bi gako zituen. Laura Gomezek adierazi digunez, “gaur egun etekin gehien lortzen duten enpresek zero euro ordaintzen dute praktikan eta zerbait progresiboa jarri nahi izan zen, etekin gehien ateratzen duenak gehiago eman diezaiola gizarteari”. Kenkari fiskal guztiak ezabatu zituzten, bi ezik: Ikerketa, Garapena eta Berrikuntzarako (I+G+B) dedukzioa eta bestea inbertsioetako erreserba-fondoa. Bietan, zeharkakotasunez, genero ikuspegia landu zuten. Dedukzio tarteak izaten dira eta diputazioak enpresei dedukzio tarte handienak lortzea proposatzen zien hainbat neurri betez gero. Hala nola, lanpostuak sortuz gero dedukzioa lortuko zuketen, baina emakume langile oso gutxi dagoen eremuetan emakumeentzako lanpostu finkoak sortuz gero, dedukzio tarte handiena lortuko zuketen. Gauza bera emakumea gehiengoa den lan esparruetan (zaintza, garbiketa) lan baldintzak hobetuz gero, edo korrespontsabilitate neurriak hartuz gero. Enpresei ondoko mezua helarazi nahi zieten: gizarteak baliabide asko ematen dizkizue (lurra, laguntza ekonomikoak, dedukzio fiskalak), orain ardura sozialez jokatu behar duzue eta gizarteari ekarpenak egin, eta gainera, ikuspegi jakin batetik.

Zaintza

Dependentziarako hainbat laguntza ekonomiko daude:

Ingurune familiarrean Zaintzeagatik Diru-laguntza (IZD): Dependentzia duen pertsonaren inguruko zaintzaileak jasotzen du, gehienetan emakumea izaten da, eta batzuetan, egoera administratibo irregularrean dagoen emakumea kontratatzeko erabiltzen da.

Laguntza Pertsonalerako Diru-laguntza (LPD): Pertsona dependenteak jasotzen du.

Laura Gomezek argi zeukan familia giroan sortzen den eredua zalantzan jarri beharra zegoela, ia beti emakumea delako zaintzaile. Zaintzaileek, emakumeek alegia, zaintza noiz, non, nola egin erabakitzeko ahalik eta tarte handiena izateko hainbat neurri eskura jartzen saiatu dira. Esate baterako, Laguntza Pertsonalerako Diru-laguntza dependentzia gradu guztietara zabaldu zuten. Eskaintza horren ondorioz, Ingurune familiarrean Zaintzeagatik Diru-laguntza (IZD) eskaerek behera egin dute eta LPDk nabarmen gora. Diru-laguntzak, eguneko zentroak, egoitzak... hainbat baliabide jarri dituzte familien eskura, pentsatuz ez dagoela pertsona dependentea zaintzeko eredu bakarra.  

Laguntza Pertsonalerako Diru-laguntza jasotzen dutenek zaintzailea kontratatzekotan hainbat baldintza ezarriko lizkieke diputazioak, baina ez du horretarako eskuduntzarik. Konpetentzia balu lan kontratua egiteko irizpideak zehaztuko lituzke. Adibidez, halako soldatatik behera kontratatzea ez luke onartuko edo oporrak bermatu beharko litzaizkioke zaintzaile profesionalari.

Zaintzaile profesionalak: Pertsona dependenteen zaintzaren kudeaketa (etxeetatik kanpo) ia dena esku pribatuetan dago eta Foru Aldundiak lan hitzarmenak hobetzen egin du lan, hau da, eguneko zentroetako eta egoitzetako langileen lan baldintzak hobetzen laguntzen saiatu da. Soldatetan, atseden denboretan, txandetan eragin dute. Espainiako Lan Erreforma indarrean ez jartzea lortu da. Batetik, Foru Aldundiak ekarpen ekonomikoa egin du, eta bestetik, enpresei etekina gutxitzea eskatu zaie.

Sendian programa: Familiako zaintzaileentzat da. II. Planean dimentsio politikoa eman zaio. Orain arte, zaintzaileari zaintzaren emozioak hobeto kudeatzeko tresnak eskaintzea zen programaren helburua. Gomezen ustez, “hori egin behar da, baina zaintzaileari erremintak eman behar zaizkio etxe barruan zaintzaren banaketa negoziatzeko ere. Zaintzaileak ia beti emakumeak dira, eta emakumeok zailtasun handiak izaten ditugu zaintza lanak negoziatzeko; errudun sentitzen gara, bestea zaintzeko hezi gaituzte. Ez dakigu negoziatzen, eta tresnak behar ditugu anai-arrebekin, seme-alabekin, bikotekideekin negoziatzeko”.

Hots, etxekoen zaintza lanak gizonen eta emakumeen ardura izatea lortu behar da. Alabaina, Gomez harago doa: “Ezin dugu onartu etxeek zaintzaren ardura osorik hartzea. Erakunde publikoek ardura gehiago izan behar dute, eta merkatuei hau esan behar zaie: Horrela ezin du izan, zuk lan indarra daukazu nonbaiten eta norbaitek zaintzen duelako. Horiek ere bizitza sostengatzeko zerbait egin beharko dute, ezta?”.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude