Lanpostu publiko elebakarrak eremu euskaldunean

  • Zerbitzu publikoak euskaraz jasotzeko oztopoek buruhauste ugari eragiten dizkiete Nafarroako herritar, eragile eta udalerri askori. Artifizialki sortutako muga linguistikoaren legeak arautzen duenez zonalde euskalduneko herritarrek eremu publikoan euskaraz aritzeko eskubide osoa dute. Halere, zenbait sektoretako langileei ez zaie bertako hizkuntza jakitea eskatzen eta herritarrak gaztelaniara jotzera behartuta daude. Osasungintzan eta liburutegien sarean ematen dira urraketa horietako asko.

Leitzaldean pediatra eta mediku euskalduna eskatu zituzten. Argazkian, sinadura bilketa kanpainaren aurkezpena. Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko guraso, haur eta udal agintariek hartu zuten parte, baita UEMAko ordezkariak ere.
Leitzaldean pediatra eta mediku euskalduna eskatu zituzten. Argazkian, sinadura bilketa kanpainaren aurkezpena. Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko guraso, haur eta udal agintariek hartu zuten parte, baita UEMAko ordezkariak ere.

Eusko Jaurlaritzak eginiko azken Inkesta Sozilinguistikoak (2011) erakusten du Nafarroako eremu euskaldunean %59,3 elebidunak direla eta %12,6 elebidun hartzaileak. Hortaz, orotara biztanleen %71,9 da euskalduna.

Eremu euskalduneko osasun arloan 135 lanpostu publiko daude eta horietatik 38 plazatan da nahitaezkoa euskara jakitea. Hots, postuen %28an, soilik. Liburuzainen, suhiltzaileen, mendizainen eta foruzainen kasuan, berriz, euskara jakitea meritu gisa hartzen da, baina ez da derrigorrezkoa. Beraz, kasu askotan erdaldunek betetzen dituzte leku horiek.

Zonifikazioaren ondorio larriak

Eremu mistoan egoera kezkagarriagoa da, osasun arloko langile eta liburuzainen postuetan euskara eskakizuna ez delako derrigorrezkoa. Lanpostu batzuetan soilik baloratzen da merezimendutzat. Zonalde ez-euskaldunean, berriz, are larriagoa da egoera; inongo kasutan ez baita derrigorrezkoa hizkuntza eskakizuna, ezta meritu gisa ere. Horren aurrean, eremu mistoko eta ez-euskalduneko herritarrek oso zaila edo ezinezkoa dute zerbitzu publikoak euskaraz jaso eta bertako langileekin hizkuntza gutxituan komunikatzea.

Nafarroako Gobernuak ez ditu lanpostu publikoen hizkuntza eskakizunen inguruko datuak argitara eman nahi, “hori jakitea ezinezkoa” dela argudiatuta. Orain arte kaleratutako zenbakiak urriak dira, baina era berean oso esanguratsuak.  

Foru Komunitateko administrazioko plantilla organikoan 23.000tik gora lanpostu daude eta horietatik 302ri eskatzen zaie nahitaez euskara jakitea, langile guztien %1,2ri, hain zuzen. Datu horiek agerian uzten dute Nafarroa osoan dauden %19,2 euskaldunen hizkuntza eskubideak ez daudela inondik inora bermatuta.

Ingelesa euskararen gainetik

Testuinguru horri kontrajarriz, Nafarroako lan publikorako egin diren azken deialdietan ingeleseko azterketak ipini dituzte eta froga gainditzeak %10erainoko puntuazioa gehitzeko aukera ematen du. Hori horrela, lanpostu publikoetarako zenbait oposaketatan atzerriko hizkuntza jakitea baloratzen da eta, bertako hizkuntza jakiteak ez du inongo baliorik.

Osasun arreta kolokan

Lekunberriko osasun-etxera medikurako txanda eskatzeko deitu eta gaztelaniaz egin behar izaten dute sarritan herritarrek. Izan ere administrari-laguntzailearen lanposturako deialdia egin zenean euskaraz jakitea merezimendu kualifikatu gisa baloratu zen. Hala ere ez zuten langile euskalduna hautatu, Larraun-Lekunberri eta Araitz-Beteluko biztanle euskaldunen kopurua % 75-80 bitartekoa izan arren.

Lesakan seme edo alabarekin medikuarengana jo eta ordezkapena egiten ari den pediatrak ere ez daki euskaraz, legez V1 hizkuntza eskakizuna (idatzian B1 eta ahozkoan B2) ezarria badu ere. Haurra ez da gai gaztelaniaz ongi adierazteko eta sendagilearen esanak ulertzeko, beraz gurasoek itzultzaile lanak egin behar izaten dituzte. Leitzako, Ultzamako, Elizondoko edo Irurtzungo kasuan pediatrek ez dute euskaraz jakin beharrik; hortaz, oso ohikoa da sendagile erdalduna egokitzea.

Elizondoko agure bikotea euskaraz mintzatu izan da beti familia-medikuarekin eta ongi ulertu dute elkar. Oporrak edo baja hartu dituenean ordezko erdaldunak bidali izan ditu maiz Osasunbideak, eta komunikazio arazo zenbait izan dituzte. Baina medikua jubilatu eta euskaraz ez dakien beste batek hartu du lekua. Bikote nagusi horrek ezin du medikuarenera bakarrik joan, haien gaitzak adierazteko zailtasunak dituztelako eta medikuaren gomendioak ez dituztelako ongi ulertzen. Baztan udalerri euskalduna izaki, bertako bizilagunen %80 baino gehiagok daki euskaraz, baina sei familia-medikutatik biri baino ez zaie oinarrizko euskara eskakizuna exijitzen. Osasun etxeko zuzendariak eta erizaintzako arduradunak ere ez du bertako hizkuntza jakin beharrik.

Etxarri-Aranazko emakumeen arretarako zentroetako sexu-hezitzailea euskalduna izan da lanpostua sortu zenetik. Baja hartu eta ordezko erdalduna ipini dute, emakumeen arretarako zentroetan lan egiteko ez baita euskara jakintzarik eskatzen. Ondorioz, Sakanako ikastetxeek lehen euskaraz jasotzen zituzten zerbitzuak gaztelaniaz soilik eskaintzen dira gaur egun, eskualde horretan D ereduan matrikulatutako ikasleen kopurua %80koa izan arren.

Doneztebeko mediku etxeko itxarongelan Programa de atención al niño. Accidentes infantiles. Cuide por ellos liburuxka dago eskuragai informazio-orrien artean; gaztelania hutsean dago argitaratuta. Horrez gain, baja agiriak, mediku-egiaztagiriak, mamografiarako zitazioak eta gaixotasunen kontrolerako jarraibide idatziak ere gaztelaniaz betetzen dituzte Nafarroa osoko medikuek, Osasunbideako programa informatikoek euskaraz egiteko aukerarik ematen ez dutelako.

Osasun eremuan euskara eskakizuna ezarrita duten lanpostu gutxietan V1 jakintza maila eskatzen da. Oinarrizko maila horrek ez du profesional baten komunikazio gaitasuna bermatzen.

Behatokiaren euskararen telefonoan urtero jasotako ehunka kexetan oinarrituta, horien antzeko beste hainbat kasu biltzen ditu Arartekoak elebitasunari eta herritarren hizkuntz eskubideen egoerari buruz 2010ean argitaratutako txostenean. Herritarren defendatzaileak Nafarroako Gobernuari ohartarazi dion legez, errealitate horrek erabat baldintzatzen du herritarrei ematen zaien osasun arretaren kalitatea.

Liburu eleanitzak vs. liburuzain elebakarrak

Liburutegi publikoen sarean eremu euskaldunean dauden Nafarroako liburuzainen plantilla organikoan ez da profil elebiduneko langilerik eskatzen. Beraz, Altsasu, Aurizberri, Bera, Elizondo, Etxarri, Irurtzun, Leitza, Lesaka edo Olazti bezalako herri euskaldunetako liburuzainek ez dute euskara jakin beharrik.

Hizkuntzarekin hertsiki loturik daude liburutegietan aurkitzen diren askotariko materialak, eta bertako hizkuntza ofizialetako bat ez jakiteak oso baldintzatzen du eskainitako zerbitzuaren kalitatea.

Euskaldunen hizkuntza eskubidea urratzeaz gain, hainbat arazo eragiten ditu; besteak beste, baliabideen aukeraketan edo antolamenduan. Gainera, euskal literaturaren, musikaren eta zinemagintzaren inguruko ezagupen murritza izateak zailtasunak ekar ditzake gomendioak emateko orduan.

Orain bi urte Nafarroako Kultura Departamentuak liburutegiko arduradun izateko 16 lanpostu eskaini zituen oposizio bidez hornitzeko. Lanpostu bakar batean ere ez zen nahitaezkoa izan euskara jakitea, zenbait postu eremu euskaldunerako izan arren. Kasu horietan, gainera, euskararen ezagutza ez zen gehigarri bezala baloratu, oposizio hutsa zelako; hau da, lehiaketa faserik egon ez zelako.

Antzeko afera batengatik Berako Udalak Nafarroako Gobernua auzitara eraman zuen 2010ean. Herriko liburuzain lanposturako euskara ezagutzarik eskatu ez izanagatik jo zuen Nafarroako Lurralde Auzitegiarengana. Urrian atera den sententziak lanpostua hautatzeko prozesua errepikatu beharko dela zehazten du eta euskara meritu kualifikatu gisa baloratu.

Pertsonak euskaldundu baina lanpostuak ez

Duela 28 urte onartutako Euskararen Legeak aitortzen du Nafarroako eremu euskaldunean herritarrek zerbitzu publikoak euskaraz jasotzeko eskubidea dutela. Momentuan hala ez bada administrazioak hori lortzera jo behar du progresiboki, horretarako beharrezko baliabideak eskainiz.

Nafarroako Gobernuak arlo publikoko funtzionario eta langileak euskalduntzeko zerbitzua abiatu zuen 1989an. Ordutik ehunka nafar prestatu dira, baina inolako irizpide eta jarraipenik egin gabe. Ez da legeak adierazi bezala teknikari eta adituek prestatutako euskara planik egon eta langile elebidunak eskatzen diren postuetako funtzionarioei ez zaie lehentasunik eman postuak progresiboki euskalduntzeko. Jendaurreko lanetan ari diren langileei ere ez zaie inongo lehentasunik eman.

Bestalde, orain arte euskara ikasten ibili diren funtzionarioek euren lanean izan duten hizkuntza erabileraren inguruko jarraipenik ere ez da egin, ezta gaiaren inguruko inolako kontrolik ere. Finean, ehunka pertsona euskaldundu dira, baina lanpostuak ez.

UEMAri ere ez diote jaramonik egiten

Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika murriztailearen ondorioz euskaldunon eskubideen urraketa sistematikoa da lurralde osoan. Egoera horren aurrean hainbat protesta, kexa eta kanpaina egin dira azken urteotan, baina Gobernuaren erantzuna axolagabea izan da etengabe.

Ikuspegi hori aldatzeko lanean buru-belarri dabil UEMA, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. Herritarren % 70etik gora euskaldunak diren udalerriak biltzen ditu erakundeak. Denetara Euskal Herriko 72 udalerrik osatzen dute, horietatik 14 dira nafarrak eta guztira Nafarroako 35.000 biztanle inguru hartzen ditu bere gain.

Besteak beste, egoera soziolinguistiko eta zerbitzuen diagnosia egiteaz, udalerrien nahiz herritarren kasuak eta kezkak aztertzeaz, eta datuak publiko egiteaz arduratzen da. Horrez gain, UEMAko kideek behin baino gehiagotan eraman dute Parlamentura euskara eta zerbitzu publikoen afera.

Hizkuntza eskubideak berma daitezen plangintza kudeatzeko eta horretarako ezarri beharreko lehentasunak eta epeak zehazteko hartu-eman eta elkarlan iraunkorrerako gonbitea luzatu die erakundeak Osasunbideako eta Kultura Departamentuko zuzendaritzari. Ez diote jaramonik egin, ordea.

Euskararen Legea betearazteko bidean, UEMAk honako proposamenak planteatzen ditu, besteak beste. Batetik, eremu euskaldunean profil elebiduna eskatzea eta ordezkapenetan ere hori bermatzea. Bestetik, hizkuntza eskakizuna komunikazio gaitasuna ziurtatzen duen Europako Markoko C1 mailakoa izatea. Dagoeneko postu finkoa duten langileen kasuan, teknikariek gidatutako euskalduntze planean sartu eta berau ikas dezaten erraztasunak ematea –beti ere jendaurrean lan egiten dutenei lehentasuna emanez–. Horrez gain, paisaia linguistikoari dagokien afixak, informazio-orriak, aplikazio informatikoak eta baliabideak elebitan egotea ere eskatzen du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza politika
EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Hamabi hizkuntzatan banatuko du UEMAK Korrikari buruzko informazioa

23. Korrikaren atarian, udalerri euskaldunetako bizilagun guztiek Korrikaren berri izatea garrantzitsua dela iritzita, diptikoa banatuko du UEMAk hamaika hizkuntzatara itzulita.


2024-03-04 | ARGIA
Udalekuak egingo ditu UEMAk euskaraz bizi diren gazteentzako

Beste urte batez, uda garairako, Salto! udaleku ibiltariak antolatu ditu UEMAk. Udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dira aisialdiaz gozatzeko. UEMAren helburua da “euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu... [+]


Euskara Ipar Euskal Herrian
Azken sokatirak, hizkuntza politika eraginkor baten alde

2024 urte hastapenean adostuko du ondoko urteetarako hizkuntza politika Euskararen Erakunde Publikoak (EEP). Azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak eta EEPk 2050ari begira egindako aurreikuspenak esku artean, alarma gorria pizturik du euskalgintza sozialak: ezin da orain... [+]


Azkoitiko Udala UEMAko kide izango da

EAJren, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen aldeko bozkekin hartu dute erabakia. Udalbatza osatzen duten hamazazpi zinegotzietatik hamaseiren aldeko botoa jaso du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera (UEMA) sartzeko eskaerak.


Eguneraketa berriak daude