Espetxe politika eta bakea

Ez dut ezer berririk esango bake prozesuaz, PPren gobernuaren jarrera arduragabetzat jotzen badut. Hainbat arrazoi  daude hori adierazteko, baina arlo zehatz bati helduko diot oraingo honetan: espetxe politika, azken asteotan “berriak” izan ditugu eta.

Azaroaren 24an Carmen Gisasola libre atera zen Entzutegi Nazionalak bere espetxe zigorra betetzat eman eta gero, Auzitegi Gorenak emandako epaiaren ondoren. Egun batzuk beranduago beste bi preso atera ziren arrazoi berberarengatik: Espainian espetxean betetako denborari Frantzian betetakoa gehituz.

Espetxe politika mundu osoan da kezka, baita Europan ere. Horregatik ematen dira arauak maila desberdinetan. Horietako bat 2008an Europako Batzordeak hartutako Erabaki Markoa, non Europar Batasuneko estatu batean emandako epaiak beste estatuetan errekonozitzeko finkatzen ziren oinarriak. Estatuek Erabaki Marko hau sartu behar zuten beren barneko araudian, baina Espainian ez da horrelakorik egin 2014ko azaroaren 12ra arte, 7/2014 Lege Organikoa onartu den arte. Bitartean, hor zegoen Batzordearen erabakia eta hor, baita ere, auzitegiek hori betetzeko duten betebeharra.

Horrela, 2014ko martxoaren 14an Auzitegi Gorenak Entzutegi Nazionalari agindu zion, kasu zehatz batean, kontuan hartzeko Frantzian betetako espetxe zigorrak. Bada, hain zuzen ere, ia sei urte igaro eta gero, inolako mugimendu legegilerik gabe, egun berean Espainiako Gobernuak aurkeztu zuen Lege Proiektua, eta gero, bere tramitazioan hainbat zuzenketa sartu ditu PPk lege horren ondorioak “leuntzeko”. Hau da, Auzitegi Gorenaren irizpideari jarraituz, libre utzi beharko ziren 50-60 ETAko presoek espetxean jarrai dezaten. Gero, badakigu zer gertatu den: lege hori abenduaren 4an sartu da indarrean eta eztabaida juridikoa dago bere aplikazioari buruz, Auzitegi Gorenak berriro ebatzi arte.

Horrek guztiak adierazten du zein den Espainiako Gobernuaren jarrera eta  hainbat alderdi politikorena ere. Bake prozesua ukatzen da eta, gainera, oztopatu egiten da, presoen gaiari inolako tratamendurik eman gabe. Presoek, Ipar Irlandan gertatu zen moduan, zeresan handia eduki beharko lukete bake prozesuan, baina Gobernuak ez du horrelakorik onartzen. Jarrera gogor eta oztopagarri hori islatzen da egunero: presoen urrunketari buruz ez da mugimendurik egon, nahiz eta euren jatorriko lekuetara hurbiltzeko eskatu duten, nahiz eta hori birgizarteratzearekin bat datorren, eta beraz, zeharka, funtsezko eskubidea den.

Gobernuaren oinarrizko abiapuntua garbia da, baina guztiz okerra: bere ustetan, ETAko presoekiko edozein “keinuk” estatuaren eta demokraziaren ahulezia adieraziko luke. Guztiz kontrakoa, nire iritziz: alde batetik, eskatzen dena legea betetzea besterik ez da eta horrek estatu demokratikoa indartzen du; bestetik, paralisiak adierazten du ahuleziarik handiena eta araudiari egiten zaion “iruzurrak” islatzen du Espainaiko Estatuaren beldurra eta beren planteamenduen hauskortasuna. Edo, bestela, nola azaldu behar dute zein den espetxe zigorren helburua edota zer gertatzen den zigorrak betetzen direnean? Gobernu batek zuzenbidearen balioa errespetatu eta adierazi behar du eta, horretarako, preso dauden pertsonek egindako min ikaragarria kontuan harturik, pedagogia publikoa egin behar du egunero. Edo zer espero dute, preso horiek betiko espetxeratuta eta urrun mantentzea?

Bukatzeko: presoen hausnarketa berria ere beharrezkoa izango litzateke une honetan, bake prozesuan ekarpen positiborik benetan egin nahi badute.

 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


Eguneraketa berriak daude