Erabaki eskubidearen urtea

2014ko ekainak 9. Gure Esku Dagok antolatutako Durango-Iruñea giza-katearen biharamuna da. Euskal abertzaletasunak azken hamarkadatan egindako mobilizazio zibil garrantzitsuenaren balorazioa egiteko ordua da. Beroan aztertuta, arrakasta itzela izan da. Kolore guztietako abertzaleak euskal gizarteak bere etorkizuna erabaki ahal izateko eskubidearen aldarrikapenean. Eta abertzale mugimendu zabal horren ondoan, herrien erabaki eskubidea eskubide demokratiko gisa hartzen duen  gizarte sektorea ere bai. Herri garelako erabaki nahi dugu, eta batez ere herritar garelako.

Hotzean begiratuta ere, mobilizazio erabat arrakastatsua izan zen: gizarte zibilaren protagonismoa berreskuratzeko ahaleginean norabidea finkatu zen. Orain bidea  egin behar da. Izan dezake abertzaletasunaren folklorean erortzeko arriskua, baldin eta indarra ekitaldi erraldoian jartzen bada eta ez saretzean. Gure Esku Dagok izan zituen egungo gizarte moderno eta mediatikoek behar dituzten osagai nagusiak: moldearen erakargarritasuna eta salmenta; eduki oinarri sendoa eta sustraitua –erabaki eskubidea–; eta sarea. Eta funtsean, hirugarren hori sendotzen bada beteko ditu bere helburuak mugimenduak. Horretan ari da.

Eskozia eta Katalunia izan dira ispilu. Irailaren 18an unionismo britainiarra aise gailendu zitzaion eskoziar independentismoari. Alabaina, pozik daude eskoziar independentistak: ez dute independentzia eskuratu baina eskoziar gizartea independentzia zaleagoa da eta autogobernu maila handiagoa lortuko du. Edo hala ematen du behintzat.

Eta bada hemen gako interesgarria hausnarketarako, Asier Blas independentzia prozesuen EHUko ikertzaileak behin baino gehiagotan gogorarazten duen moduan: estatua eta banatu nahi duen herriaren artean behar adina tentsiorik ez dagoenean, prozesu adostuetan oso gaitza da independentzia lortzea. Eta hausnarketa horretatik geratzen diren galderak garratzak dira, edo gutxienez oso konplexuak: orduan, independentziaren aldeko gehiengo demokratikoak irabazteko, akordiorik nahi ez duen estatuarekiko tentsioa da landu beharrekoa edo etengabe akordioaren bidea? Non eta nola uztartzen dira gehiengo demokratikoak elikatu eta Estatuarekiko tentsioa bultzatuko dituzten jarrera eta esparruak?

Eskozian badira erantzunak,  eta haiek akordioaren aldeko urratsa eman zuten, independentismoak indar gehiago metatzera itxaron barik. Nahiko lukete Europar Batasuneko estatu gabeko herriek   horrelako aukerarik izatea beren prozesuetan.

Katalunian ere badira erantzunak, eta Euskal Herriko bideak badu zerikusi handiagoa azken honekin Eskoziarekin baino, besteak beste Estatu beraren itxidura erabatekoari egin behar diolako aurre. Edo ez du, katalan independentistek ez bezala, euskal abertzaletasunak oraindik lurralde batasuna hobesten duelako independentziaren aurrean.

Kazetari katalan batekin hango prozesuaz berbetan ari ginela zera luzatu zidan gureaz: “Azkenean zuen kontzertuak independentziarako bidea oztopatzen dizue”. Artur Masek independentziaren bidea edo estatuaren finantziazioaren azenarioari helduko ote zion argi ez zegoen garaiko hizketaldia zen aipatutakoa. Harrezkero Masek asko argitu ditu bere asmo eta proposamenak (“inoiz ez nukeen pentsatuko Mas puntu honetara iritsiko zenik. Gehiago esango dizut, ezagutu dudan neurrian Mas ez da independentista konbentzitua”. J.L Rodriguez Zapatero, El Temps, abenduak 2).

Kontua da orain datorren Generalitateak independentziaren lehen urratsak eman ditzakeela mugimendu soberanistak datozen hauteskundeak irabazten baditu. Orduan tresnak beharko ditu, eta seguruenik bidearen herena egina luke herritarren zergak biltzeko kontzertua moduko tresna bat balu. Tresnak eta helburuen ohiko eztabaidara iristen gara horrela, ezinbestekoa beti eta sarritan antzua, garrantzitsuena, azken finean, herrigintza delako. Tira, ikasgairik bada zera da, herri bakoitzak bere egoera eta ezaugarriekin egin behar duela aurrera. Horregatik, herrigintzan aurrera nola egin, hori da gaur egun euskal nazioak duen zeregin garrantzitsuena, independentziarik bada noizbait haren gainean egingo delako.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude