argia.eus
INPRIMATU
Haize bolada bortitzak
  • IZEBERG :: Azalera

    Autoekoizpena, 2014

Joxi Ubeda Goikoetxea 2014ko abenduaren 23a

Izeberg taldearen kantuetan rock and rolla da nagusi, rock bortitza. Erritmo azkarrak eta denbora erdikoak jotzen dituzte, bizitasunez. Gitarra riff eta punteo basatiak nonahi ageri dira. Taldekideek indar handiz jotzen dute eta Ixak abeslariak ere indartsu kantatzen du. Ekaitza nagusi izan arren, barealdia tarteka ageri da, eta melodia polit batzuk ere entzun daitezke.

Oro har, haien sentipenen, gogoeten eta zalantza existentzialen gainean kantatzen dute, baina hainbat kantutan protesta ere egiten dute. Hainbat kantutako hitzak Beñat Gaztelumendi, Jon Martin eta Xamoa bertsolariek idatzi dizkiete.

Azalera haien lehen diskoan doinu trinkoa eta potoloa gauzatu dute. Ixak Arruti (gitarra eta ahotsa), Jokin Irastorza (bateria), Beñat Urteaga (baxua) eta Antton Aranburu (gitarra) taldekideek beren musika tresnak erabiltzen oso ondo dakite, eta grabazioa egiteko garaian Arkaitz Carrasco eta Haritz Harreguy teknikarien laguntza estimagarria izan dute. Masterizazioa Juan Hidalgok egin die eta Erika Renedo arduratu da diskoaren diseinuaz. Denen artean ekoizpen lana ederki egin dute.

Izeberg taldea Usurbilgoa (Gipuzkoa) da. Taldekideek beraiek honela aurkeztu dute taldea: “Norberaren taldeko iparrorratza aldatu eta estilo berri bati ekinda, Mendeku Itxua, Hotzikara eta Odolaren Mintzoa taldeetako izotz zatietatik osatu zen Izeberg 2013ko martxoan. Izeberga bultzatzen zuten korronteak elkartu eta eskukada bat kantu ditugun honetan dator Izebergen lehen lana, Azalera. Doinu gaziak eta melodia gozoak nahastuz, ea zer topatzen dugun musikaren itsaso zabalean”.

Jendaurreko emanaldi piloa eta txalo ugari. “Maiatzean hasi eta hogei kontzertu bata bestearen atzetik egin ditugu; abuztuan etentxo bat egin, baina, hala ere, batez beste astean kontzertu bat egin dugu”, Antton Aranbururen hitzetan. Gelditu gabe ari dira. “Alde horretatik oso gustura gaude”.

Esan bezala, Mendeku Itxua, Hotzikara eta Odolaren Mintzoa taldeetako hainbat kidek sortu dute Izeberg, bide berri bati ekiteko asmoz. “Egia esan, guretzat oso gauza berria da. Ixak Mendeku Itxua heavy metal taldetik dator, Beñat eta ni Hotzikara taldekoak gara eta trashcore bezala sailkatu izan gaituzte, eta Jokinen Odolaren Mintzoa taldeak jotzen duena da agian Izerberg taldearen estilora gehien hurbiltzen dena. Zerbait desberdina egiteko elkartu ginen, eta diskoan entzuten dena atera zaigu”.

Rock indartsua. Egur latza. “Ez dakit nola deitu guk egiten dugunari. Argi dago gure aurreko taldeen eraginak ditugula. Egia da gure kantuetan zati batzuk indartsuak direla, eta beste batzuk melodikoagoak edo leunxeagoak, baina argi dago gurea ez dela pop-rocka”.

Doinua ondo landu dute. Grabazioa txukun eta ganoraz egitea zen beren asmoa. “Apustu nahiko serioa egin genuen. Hasteko maketatxo bat egin baino gehiago, disko biribil bat osatu nahi genuen. Urte batzuk badaramatzagu honetan, eta, nolabait esateko, ez gaude denbora galtzeko. Estudioan ondo grabatzea erabaki genuen, eta alde horretatik oso pozik gaude”.

Izeberg taldeak indartsu ekin dio bere bideari, eta horrela jarraitzeko asmoa du, jadanik bigarren diskoa prestatzen ari baita. Eutsi horri!