Kultur bitartekaritza helburu

  • Artea eta Hezkuntza gutxitan doaz elkarrekin. Bi arloen arteko bitartekaritza lana egiten duen elkarte edo eragile gutxi dago gurean, nahiz eta hemendik kanpo gero eta ohikoagoa den. Duela 7 urte sortu zen Artaziak elkartea, Ana Revuelta, Maider Urrutia, Amaia Nabaskues eta Andrea Arrizabalagaren ekimenez. Egungo arte ekoizpenaren eta hezkuntza arautuaren arteko artikulazioa dute helburu.

"Gorputz transbertsalak" izeneko programa eskaintzen du Artaziak elkarteak.

Halaxe azaldu digu Ana Revueltak, Artaziak elkarteko kideak: “Gurea kultur bitartekaritza lana da, apur bat definigaitza da berez, baina esango nuke heziketa prozesuak garatzen saiatzen garela, eta horretarako kultura eta artea ditugula abiapuntu edo ardatz. Artea, modu zabalean ulertuta: arte biziak, plastikoak, ikus-entzunezkoak...”. Gaur egungo kultur ekoizpenean murgildurik, arteak hezkuntzara jauzi egin dezan, eta alderantziz, hezkuntza artearen bidez garatu dadin egiten dute ahalegina lau emakumeok.

Haien lan-eremu naturala hezkuntza arautuko eskolak badira ere, kultur artekaritza lanak ere egin dituzte museoetan, Gasteizeko Montehermoson adibidez. “Hezkuntzan parte hartzen duten eragileekin aritzen gara elkarlanean, eraikuntza moduan ulertzen dugulako hezkuntza”, dio Maider Urrutiak. “Ikasleen jakintzak artelanaren edukian edo esanahietan nola eragiten duen eta zein ekarpen egiten duten ulertzea garrantzitsua da”, jarraitu du Revueltak. Hau da, Arteak eta Hezkuntzak elkar elika dezaketela uste dute Artaziak elkarteko lagunek.

Kultur artekaritza, lan ezezaguna

Atzerrian ohikoak omen dira hizpide dugun honen tankerako elkarteak. Hemen, aldiz, hasiberriak gara. Artea gutxitan sartzen da hezkuntza prozesuetan, “nahiz eta curruculumak egokiak izan, errealitatea bestelakoa da”, zehaztu du Revueltak: “Orokorrean, hezkuntza sistema oso modu tradizionalean dago enfokatuta”.

Artea pentsatzeko eta hausnarketarako tresna egokia dela uste dute elkarteko kideek. “kultur edo arte praktikak oso erabilgarriak dira gauzak ikasteko, beste gai batzuk tratatzeko eta tratamendu modu berriak bilatzeko. Arteak ahalegin hori eskatzen du, ariketa gogoetatsua, sortzailea, kritikoa edo eraldatzailea”, Revueltaren hitzetan.

Ildo honetatik, Bilbao Antzerki Dantza (BAD) jaialdiarekin lan egin dute hiru urtez, eta bitartekaritzan aritu dira jaildiaren eta Ibarrekolandako Arte Eszenikoen batxillergoa egiten ari diren ikasleen artean. Donostiko Tabakaleran, berriz, hezkuntza programa daramate Trasductores taldearekin eta Leire San Martinekin batera, Hazitegiak ekimenaren bidez.

Artaziak elkarteak batik bat Hezkuntzan eta Artean lan egiten badu ere, kultur bitartekaritza era askotan uler daiteke berez. “Edozein espazio jendearekin harremanetan jartzeko orduan, kanpokoarekin nola elikatu edo zer eskeini jakin nahi denean, elkarrizketa hori eragiteko orduan, hain zuzen, hasten da gure lana”, Revueltaren esanetan.

Hala ere, arte heziketa eta beste eremu batzuk lotzea ez da erraza izaten: “Erronka polita da, baina nahiko latza askotan, kultur artekaritza ez delako behar bezala baloratzen. Kontzeptua ezaguna da dagoeneko munduko hainbat tokitan. Euskal Herrian, berriz, lan ezezaguna da guztiz, askotan azalpenak eman behar izaten ditugu egiten dugunaz”.

Baina kulturak kultura gehiago dakar. “Garatzen ditugun arte hezkuntza proiektuetan kultura sortzen da, gure ekimena kultur ekoizpen moduan uler daiteke, ikerketa bat gauzatu eta ezagutza sortzen delako”, dio Ana Revueltak. Sortze prozesuek duten garrantzia, prozesuari berari garrantzia ematea, lehenesten du Artaziak taldeak, “hezkuntzarako programak egitean, gauza txikiei balioa emanez edo ikusten ez dena agerian utziz”.

Gorputza eta performancea

Duela gutxi, Gorputza eta Performancea Arte Hezkuntzan tailerra egin zuten Bilboko Alondegian. Gorputz mugimenduaren mundutik datoz elkarteko kideak, “eta alor horretan gustura sentitzen gara”, dio Maider Urrutiak. “Gorputzaren gaineko hausnarketa egitea da gure proposamena, eta zerbait adierazterakoan, gorputzaren bidez egitea dugu gogoko”. Zentzu horretan,  Gorpuntz Transbertsalak izeneko programa ere badute eskaintzeko.

Lana burutzeko areto falta sumatzen dute lau sortzaileok: “Gorputzaren inguruko ikerketa bat egin nahi genuke, Arte biziak programatzen diren tokietan bitartekaritza lana egitea gustatuko litzaiguke, hemen ez baitago horrelakorik, ez dago antzoki bat bera ere hezkuntza programarik baduenik”.

 


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude