G20 deritzon taldeak bere urteroko bilera nagusia egin berri du Australian. Brisbanen bildu ziren munduko herrialde aberatsenak eta horien artean Frantziako Estatua, sortzaile gisa; Espainiakoa gonbidatu iraunkor egin dute. Bilera hauetan estatu horietako lehendakariak, banku zentraletako buruzagiak eta ekonomia eta finantzetako ministroak elkartzen dira.
Bilera horietan aitorpen deigarriak egiten dira eta ondorioz burtsek gorabehera nabarigarriak izaten dituzte, espekulatzaileen onurarako, dirutzak prest edukitzen baitituzte mozkin oparoak eskuratu ahal izateko. Aitorpen azpimarragarri horiez gain, Brisbanen, 800 neurri ekonomiko (!) proposatu zituzten mundu ekonomia sustatzeko eta hazkunde bidean ipintzeko. Nire ustetan, neurri gehiegi. Hobe gutxiago eta borondate irmoagoa.
Neurri horien ondorioz, munduko ekonomia %ko 2,1 haziko omen da 2018ra bitartean eta hazkunde horren zaindari Nazioarteko Diru Funtsak eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakuntzak (ELGA/OCDE) gainbegiratuko dute. Oker ez banago, hazkunde tasa hori doitu dute behin eta berriro; izan ere, aurreko otsailean %ko 2tik %ko 1,8ra jaitsi zuten eta garbi geratu da ekonomiako aurreikuspenek gutxi irauten dutela gizarte zientzia deritzon diziplina horretan.
Ekonomia hobetzeko neurrien artean bi azpimarratuko nituzke: 1) ustelkeriaren aurka borrokatzea eta 2) multinazionalei jarduera ekonomikoa garatzen duten herrialdean zergak ordainaraztea. Biak ez dira hutsaren hurrengoak, baina bai nahiko utopikoak.
Tamalez, ustelkeria gure artean erabat txertatuta dago eta zer esanik ez garapen bidean dauden herrialdetan. Horri erantsi behar zaio droga, arma trafiko eta prostituzioaren inguruko ustelkeria, negozio borobilenak ezkutuko jarduera horietan baitaude, agintari politikoek bestaldera begiratzen duten bitartean. Negozio oparo horietan finantza erakundeek ere protagonismo berezia daukate dirua zuritzen.
Bestalde, multinazionalei zergak ordainaraztea jarduera ekonomikoa garatzen duten herrialdeetan, epe laburrean bederen, ez da batere erraza izango. Begi aurrean dugu gaur egungo EBko buruzagi nagusiak, Jean-Claude Juncker jaunak, egin zuena multinazionalek zerga gutxiago ordain zezaten. Hau da, EBen barnean jarduten zuten multinazionalei Luxenburgoko paradisu fiskala eskaini zien herrialde horretako gobernuburu zenean. Asteburu horretan Suitzak atzerritar aberatsentzat paradisu fiskala izaten jarraitzea erabaki du.
Espainiako Estatuan diharduten multinazional andanak Irlandan ordaintzen dituzte zergak mozkinen gaineko zerga apalagoak direlako. Hori bai, enpresaburu horiek gero esango digute zer egin behar den lanpostu berriak sortzeko, beraiek etengabe murrizten ari diren bitartean. Haatik, lan erraldoia izango da multinazionalak gizartearen interesen menpe ipini nahi badira.
Munduko azpiegiturak hobetu behar omen dituzte eta horretarako Azpiegituretako Gune Orokorra sortuko dute. Erakunde horren bidez merkataritza hobetu nahi da, batik bat elkartrukeak areagotu. Alta, badakigu, jakin ere, zer-nolako elkartruke eredua nahi diguten ezarri AEBk eta EBk Atlantiko gaineko Inbertsio eta Merkataritzaren Hitzarmena dela eta, edo bere Pazifiko aldeko bikia. Izan ere, lehia dela eta, osasun, ingurumen eta gizarte babesek behera egingo dute eta hamarkadetan erdietsitako ongizate estatua gehiago endekatuko zaigu.
Adi egon beharko dugu dagokion erantzuna emateko.