Kultur ekarpena, freskagarriekin batera

  • Tabernak topaketarako, elkartrukerako, egonean egoteko edo, besterik gabe, harreman soziala estutzeko tokiak dira. Hala ere, eta ostalaritzak bizi dituen garai latzak kontuan hartuta, miresgarria da zenbait taberna jabek kulturaren alde egindako apustua. Soraluzeko Gaztelupe taberna, etsenplu.

Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak duela urte batzuk martxan jarritako taberna dugu Gaztelupe. Hala ere, eta denbora tarte batez itxita egon eta gero, berriro ere heldu diote proiektuari: udaberriaz geroztik hainbat ekitaldi antolatzen dihardute, batez ere musikari eta literaturari lotuak.

Martin eta Gaizka Azkarate Uzin ari dira buru-belarri Gaztelupen. “Gurea taberna da, bai, baina bere egunerokoaren ardatzean musika eta kultura orokorrean gertu eduki nahi dituena”, esan digute. Gaztelupera hurbiltzen denak zerbait berezia aurkitzen du askotan. “Domeketako Bermouth Musikalak ez badira, astearteetako solasaldiak, pintxo bereziren bat, Errioxakoa ez den ardoa edo garagardo heavya”. Bestela, argazki erakusketa iraunkorrak ere eskegitzen dituzte lokaleko hormetan, eta telebistako pantailan kontzertu bereziak jartzea ere gustatzen zaie. Gainera, eguneroko prentsaz gain, Jakin, Ruta 66 edo Argia moduko aldizkariak daude irakurgai.

Historia luzea gordetzen du tabernak. Duela 20 bat urte jazz, blues eta kantarien musika kontzertuak egiten ziren, poesia irakurraldiak, antzerkia eta beste hainbat makinazio. Tabernako arduradunak aldatu egin ziren gero, eta zenbait urteko geldiunearen ostean, “beste bide bat hartu zuen Gaztelupek”, bi gazteek azaldu digutenez; “Garai bateko espiritua berreskuratu nahi dugu, baina egungo taldearen nahi eta interesetara bideratuta. Garaia ez baita orduko hura, eta jendea ere ez”.

Astearteetan Billie Gunean –horixe du izena bigarren solairuak, Billie Holiday-ren omenez– hitzaldi eta aurkezpenak egiten dira, “baina ez kasualitatez, hilez hileko planteamendu baten fruitu da programazioa. Kartelean artisten konbinazio erakargarria osatzen saiatzen gara”.

Billie Guneaz eta barrakoaz gainera, beste espazio bat ere badu Gaztelupe tabernak. Kanpoaldean, terrazan, kontzertuak eskaintzen dira igandeetan. “Programa iraunkor eta heterogeneoa bideratzen saiatzen gara. Ez dugu halere herriko kultura dinamizatzeko ardurarik. Gureak eta besteak, denak, osagarriak dira herriko kultur panoraman”, diote Gaztelupeko arduradunek.

Garai batean Gaztelupe tabernan egiten ziren kontzertuetatik sortu zen diskoetxea, orain alderantziz sortu da aukera. Baina bi proiektu dira, ez dabilelako jende bera batean eta bestean. “Tabernan jotzen duten talde askok ez du diskoetxearekin zerikusirik, eta alderantziz. Eta hala behar du”.

Tabernariak hasi dira tunelaren amaiera ikusten, eta horren harira, asko dira Gaztelupekoen moduan formatu txikiko ekitaldiak antolatzen dituztenak: “Garbi geneukan bide horri ekinez gero gogotik egin beharko genuela lan, baina halaber gure gustuko taberna sortuko genuela. Literatura, musika eta kontzertuak maite ditugu, zergatik ez besteekin partekatu?”, arrazoitu digute azkaratetarrek. Lan taldeari gustatzen zaizkion ekimenak eramaten dituzte tabernara, “eta beti bada, espresuki horretara etorri denik, Soraluzekoak izan edo inguruko herrietakoak izan, adin guztietakoak, gainera”. Kontzertuetako estiloak ere anitzak dira: kantautoreak, jazz, blues, boleroak, klasikoa... Orori heltzen zaio.

 


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude