argia.eus
INPRIMATU
Eskandalagarria
Jon Alonso 2014ko abenduaren 18a

Hogeita hamar bat urte joan dira, Sadarrera hamabostean behin jaisten ginen, Alzateren indiarrak ikustera. Ezizena norbaiti gogoratu, bidea egin zuen: trumilka eta lasterka agertzen zirelako, alde guztietatik.

Osasuna hartaz harro geunden. Etxeberriak ikusarazten zigun hirugarren mailatik lehen mailarako jauzia ez zela horrenbestekoa, saiatuz gero; Martinek baloia ezkerretik gidatzen zuen bakoitzean zerbait gertatuko zela bagenekien, Irigibel koloreen alde aurpegia apurtzeko prest zegoelakoa, metafora erraz bat baino gehiago zen, Artetxek, Atlético de Madrideko harakin famatu hark, sudurra apurtu zionean bezala, aldez aurretik gaztigu eginda, gainera. Clemente Iriarte, beste dimentsio bateko jokalaria, guk ordura arte bertatik bertara sekula ikusi ez bezalakoa, Von Karajan baino zuzendari hobea.

Osasuna hura mitikoa zen.

Orduan ere futbola negozioa zen, herriaren opioa zen... Orduko futbolak bazeukan zerbait, baina; besterik ez bada, batek astegun buruzuri batez kaletik ibili eta han ikusten zituen jokalariak, xalo-xalo, mundu guztia zebilen tokietan, beste edozein herritar bezala, ospetsuak izan arren; dirua irabazten zuten, baina ez hainbeste ere; taldearekiko atxikimendua gertutasun horretatik sortzen zen. Zorra? Zer zen hori?

Gero hasi ziren mertzenarioak agertzen –jokalariak, bitartekariak, entrenatzaileak...– onak, ez hain onak eta txarrak. Futbolean dena hasi zen kakazten, indarkeria gero eta handiago bihurtzen, arrazismoa gero eta nabarmenago izaten, betiko alderdi itsusiak areagotzen, balio onak apaltzen. Osasunan ere bai. Ezin zen ezer esan, ordea, automatikoki nafar gaiztoa izatera pasatu nahi ezean. Zorra gero eta handiagoa zen, baina aski zen telefono dei bat CANek mugarik gabea zirudien kreditua emateko. Eta horrela, 60 milioi euroko zorra pilatu arte. Eta inork horren ardurarik ez? Lotsagarria.
Nafarroako Parlamentuak Osasunaren zorra kitatzeko onetsi duen legea eskandalagarria da. Espanyol taldeak 43 milioi zor dizkio Espainiako Ogasunari, Atlético de Madridek zenbatekoa duen, ez dut uste artikulu honetan zifra sartzen zaidanik. Zer, lehen bankuak eta orain futbol taldeak erreskatatu beharko ditugu?

Eta oraindik penagarriagoak izan ziren entzun ziren argudio batzuk, legea onartzearen aldekoek emanda, aurka zeudenen kontra: irrazionalak, iruzurtiak eta gorroto eragingarriak.

Beharbada ez geunden hain oker Osasunaren mitoarekin, Nafarroarenarekin baizik.