Koptoz idatzitako 1.300 urteko egiptoar eskuizkribua erosi zuen Australiako Macquarie unibertsitateak 1981ean, eta berriki bertako nahiz Sydneyko Unibertsitateko ikerlariek hogei orrialdeko liburuxkak dioena dezifratu dute.
Botere Erritualeko Egiptoar Gidaliburu bataiatu duten pergaminoak 27 sorginkeria, hainbat babes-erregu eta irudi mordoa biltzen ditu. Norbait maitemintzeko edo mendean hartzeko, negozioetan arrakasta izateko, espiritu gaiztoak uxatzeko eta zenbait gaixotasun sendatzeko konjuruak topa daitezke bertan, nahiko errazak gainera, eragina izango dutela bermatu ez arren.
Larumin beltza sendatzeko nahikoa omen da kumino beltza, piperminez eta ardoz egindako nahasketa edatea. Norbait mendean hartzeko, zailena biktimaren atzazalak lortzea da; atzazalak eskuratuta, ateburuaren alde banatan ipintzea nahikoa da. Eta norbaitengan desioa pizteko ere balio du ardoak, edan bitartean esaldi jakin bat botaz gero behintzat.