Bizikletan apatx(e)

Antton Olariaga

Aspaldiko partez, eta ustezko eguraldi txarrari esker, telebistaz bizpahiru western ikusteko aukera izan dut egunotan, txar amorratuak denak. Ezin hobeak, alegia, kanpoan giro ez denean geldikako bizikletan eguneroko kirol saioa etxean gozo-gozo egiteko. Ibilian, tximistaren pare pasatzen da bizikletaz ordu bete. Geldian, ordea, eternitate eta erdi pasatxo ematen du.  

Gaur egun, hainbeste telebista katerekin, noiznahi dago, direnak direlarik ere eguna eta ordua, non edo han western bat aurkitzeko aukera. Zorionez, asko B sailekoak eskaintzen dituzte, paisaiak ez ezik aktoreak eta sentimentuak ere kartoikara izaten diren horietakoak. Asko eta askotarikoak dira horrelako filmen abantailak, baina hemen bi bakarrik aipatuko ditut, ari garenaren harira ez datozenak bazter utzita.

Batetik, hasi eta ordu betera harrapatuta ere, lehen fotogramatik igartzen diozu zer gertatuko den (nor hilko den, nor norekin ezkonduko...); albisteetakoaren aldean, mundu txukun eta ordenatua da filmotakoa, eta gainera txintxoek irabazten dute beti. Bestetik, dena hain kartoikara izanik, filma bera ari zaizu taigabe belarri ertzera gogoratzen fikzioa, itxura hutsa dela dena; horregatik dira eramangarriak, besteak beste, elkarrizketak, ukabilkadak eta tiroketak: ez dutelako benetakoak iruditzeko asmorik batere.

Telebistari begira ordu beteko saioa egiten baduzu, ordea, bestelako solas, eraso eta tiro batzuk ere jasan beharko dituzu, eta horiek bai, horiek beldurgarriak dira, bizikletari “arre” esan eta handik lauhazka bizian alde egiteko grina sortzeko modukoak. Tamalez, gaiztoaren zaldia baino geldoago da etxe barruko bizikleta: hari arre eta arren aritu arren, hantxe geldituko da, zirkinik egin gabe, eta zuk osorik irentsi beharko duzu “publizitate etenaldia” esaten dioten tiro festa.

Aurreko batean, 26 tiro kontatu nituen, filmaren etenaldi bakar batean. Bat saihestu arren, hurrena nondik etorriko zaizun ezin inola ere asmatu. Garbi dago zu zaituztela jomuga, zuketa zurian lotsagabe ari zaizkizu eta: zugana, zurekin, zuretzat, zure alde. Batzuetan, hala ere, zurekin ari ez balira bezala diharduten gazte txitxi-trinko batzuk agertzen dira, gizon zein emakume, gorputz jarrera grinatsu eta imintzio likitsak eginez, lurrin izen lurrintsuak xuxurlatzen dituztela euren artean, ingeles edo frantses maneratsuan, higuingarri. Asko dira horrelakoak: lurrinez lurrin eguberriak kirats bihurtzeko lain. Gainerakoetan, denetik dago: ume txikientzako kolonia ura, turroi magikoa, jostailu sofistikatuak, zimurren kontrako ukendua, hortzorde miresgarriro itsaskorra...

Eta, nola ez, hirugarren mundukoentzat laguntza eske larriak. Diodan etenean, hiru. Ez elkarren segidan, baizik eta lurrin-jostailu-turroi-hortzordeekin nahasi, harmonia latzean. Gainaz gaineko aberaskeria eta azpiaz azpiko miseria, dena bat. Miseriaren ikur diren umeek izen propioa dute (John, Henry... ). Hilean 10 edo 12 euro eskatzen zaigu haientzat hiru iragarkiotako bakoitzean; Henryren kasuan, lehen urtebetetzea azkena ere izan ez dezan.

Kolore Batuak eskaini ohi zituen markak Amets Batuak eskaintzen dizkigu orain. Ez dut uste John eta Henry bezalako haur goseen ezkur-ametsak dituenik gogoan, gurea bezalako herri aseen gezur-ametsak baizik.

Amaitu da iragarkien tartea, eta eskerrak: gauzak beren onera datoz berriz, eta zu bazoaz, gezurrezko ametsen pedalei eraginez, geldi, gezurrezko Happy End baterantz gozo-gozo.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude