"Politika abentura humano bat da enetzat"

  • “Ni noan herrian gauzak berez konplikatzen dira...” (Jose Luis Otamendi, Kapital Publikoa).

2015eko urtarrilean epaituko dute Auzitegi Nazionalean Batasunako beste hainbat kiderekin batera.
Dani Blanco

Zure abizena ez dela Etxegarai diozu usu.

Zergatik agertzen du jendeak interes eta harridura ene kasuarekiko, antzeko bizipenak biltzen dituzten afera anitz izanik bazterretan? Izen-abizenek zerikusia dute, agian. Ene gurasoak ez dira euskaraz mintzo, baina heientzat naturala zen gu ikastolan heztea. Aldi berean, ikastolan, Aurore [euskal ahoskeraz] deitzea ez zitzaidan batere gustatzen. Alabaina, euskal moldeko familia tradizional batetik ez jiteak ez du ibilbide atipikoa dudanik erran nahi. Gure belaunaldian ikastolan ikasteak euskararekiko atxikimendu azkarra suposatzen zuen, baina baita herrian ulertua eta erabat integratua ez izatea ere. Ikastolakoak beti susmagarri. Iparraldean, euskaraz ikastea urrats militante bat da oraindik. Ziburuko ikastolaren aferak argi erakusten du orain arte lortutakoak ez duela segurtamenik geroan. Horrek izaera markatzen du. Ni aski goiz hasi nintzen ene kabuz hautuak egiten. Gaztetxean hasi eta Gazteriak-en, Haikaren eta Segiren garaiak ezagutu nituen.

Eta 2003an Fleury-Merogiseko zeldako atea ixten entzun zenuen.

Bihurgune azkar bat izan zen ene ibilbidean. Ene eskualdeko afitxaketa eta bilkuratxoetan parte hartzen zuen militantea nintzen ordura arte: burua gazte eta bihotza festazale. Atxiloketa eta sarekada aro bat bizi genuen, aski manera arraroan heldu ziren enegana, eta ez abokatuak ez nik espero ez genuenean sartu ninduten preso. Kolpea izan zen, froga beharrik gabe ene xerka etorri zirela ulertarazi zidaten, eta eni gertatu zitzaidana edonori gertatzen ahal zaion sentsazioarekin atera nintzen kartzelatik. Militantzian murgiltzen zarelarik, komisariatik pasako zaren, poliziarekiko konfrontazioan nola moldatuko zaren, galdetzen diozu zure buruari, baina gertatu arte ez dakizu nola erreakzionatuko duzun. Ez dakizu injustizia sentimendu horrek bizimodu normalagora edo militantzia are engaiatuagora bultzatuko zaituen. Nik politikan buru-belarri sartzeko beharra sentitu nuen, Batasunatik eskua luzatu zidaten, eta ibilbide politikoa hasi nuen, ibilbide ttikia, baina izigarriko gogoz.

Ilegalizazio garaiak ziren, mahai nazionalak atxilotzen zituzten... Ez zen hauturik samurrena.

Batzuetan, sentitzen dudan haserreak inpultsiboki pizten nau eta holako hautuak egiten laguntzen dit. Banekien panorama zein zen, ez zait sekula gordea izan. Orduan, alta, ez nuen egun gertatzen ari denik irudikatuko. Gaztea nintzen, ilusioz betea, gauzak aldatzeko gosea nuen, ene neurrian historiaren parte nintzela iruditzen zitzaidan. Herri asmatzailea gara eta egunero ari gara gure historia eraikitzen. Hala, naturalki sentitzen duzu historia horren parte izateko nahia. Ez da fama kontua, behar eta gogo pertsonala baizik. Horregatik diot bidean atzematen dituzunek marrazten dizutela bidea. Jakina badela proiektu politiko bat, borroka bat, aldarrikapenak... Baina batez ere, politika abentura humano bat da enetzat.

Nola izan liteke proiektu politiko bat legala Arnegin eta ilegala Luzaiden?

Sinesgaitza da. Iparraldean legala zen alderdi politiko batean engaiatu nintzen ni. Horrek EH Bairen hastapenetan parte hartzeko parada eman zidan, mahai nazionaletako bilkuretan egotekoa. Egia erran, biziki herabea naiz, eta uste dut lehen bi urteetan ez nuela hitzik egin. Baina banuen ardura bat, horrek abenturak ekartzen zizkidan, eta abenturaro ezagutzen nuen jende berria. Hegoaldean agerraldiak eginez kolpatu nazaten makila luzatzen ari nintzela iradokitzen zidatenean, arazoa agerraldi horiei uko egiteak sortzen zuela iruditzen zitzaidan eni. Zergatik ez nintzen Hegoaldean jende aitzinean Batasunako kide bezala agertuko Iparraldean agertzen banintzen? Jakina banekiela ilegala zela, baina gertatzen ari zena salatzeko gure manera zen. Besterik gabe, inposatutakoa onartu behar genuen? Ez gaitezen engaina, eskandalua ez zen guk prentsaurrekoa ematea, alderdi politiko batek prentsaurreko bat ezin ematea baizik.     

Pentsatzen zenuen, 2010ean, euroagindu bat iritsi eta Frantziak bere “herritar” bat Espainiaratu zezakeela?

Ilegalizazio garaian denetik ikusiak ginen, bagenekien prozedura bat martxan zela, kontu korronte zenbait blokeatuak... Sentsazio bat, giro bat, bazen. Pintada zahar bati loturiko ADN kontu baten aitzakian polizia etxera deiturik aplikatu zidaten euroagindua. Hastapenean, ez nuen deus ulertzen, dossierra makurra zen, zeuden aurrekariak ikusita Espainiaratzea kosta behar zitzaiela sinetsita nengoen. Baina auzi tartean kartzelaratu nindutelarik usain txarra hartu nion, eta azken mementora arte esperantza atxiki banuen ere, banekien Madrilen nahi nindutela.

Horregatik hartu zenuen, helegite guziak agorturik, gordetzeko deliberoa?

Oso bero nintzen, pizten nauen ene baitako haserre inpultsibo horrek bizi ninduen, eta garbi nuen ez nintzela deitzen ninduten lekura ene kabuz aurkeztuko. Halaber, hautetsi zenbait etorri zitzaizkidan egiten nuena egiten nuela babestuko nindutela erranez, eta beste batzuek argiki eskaini zidaten: “Ez joan, etxean hartuko zaitugu”. Giro berezi bat bazen, egoerari erantzuteko prestutasun handia, baina ez nituen denborak eta ondorioak zehazki neurtzen. Nik ihes egin nahi nuen. Atxiloketa manua ateratzean, nire aurpegia ikusi nuen France 3ko berri sailean, eta “orain da momentua” konprenitu nuen. Gero, behin gorderik, ez nuen deus ulertzen, ez nintzen olatuaren dimentsioaz jabetzen. Nengoen lekuaren arabera, ez nuen baitezpada prentsari lotzeko aukerarik, ez nuen beti telebistarik, zaila zitzaidan gertatzen ari zenarekiko begirada atxikitzea. Bitxia da, uste dut aferaren zinezko dimentsioa Madrilgo presoaldian hartu dudala, askoz berantago. Hilabete eta erdiz, Frantzia osotik iritsitako ezezagunen 200 gutunetik gora jaso ditut. Hor konprenitu dut zerbait gertatu zela. Hor ulertu dut erabaki ona izan zela jende bati konfiantza osoz ene afera kudeatu eta baliatzeko baimena ematea. Gordetzen zarenean, ez zaude, ezin duzu deus egin, irudi bat baizik ez zara.

Madrilera eramatea kosta zitzaien, alta. 2011ko ekainaren 18an itzuli zinen bizitza publikora Miarritzen. Ekainaren 21ean, zu atxilotzen saiatu baina ez zuten lortu...

Hori filmetan bakarrik gertatzen da. Norbaitek erran izan balit goiz hartan hori gertatuko zela ez nuen sinetsiko. Bezperan nahita ibili nintzen Baionako karriketan, nahita ez nintzen nire etxera sartu, eta banekien zerbait pasako zela. Gainera, prentsaz inguratua nintzen uneoro. Aski nuen zango bat karrikan pausatzea argazkilariak hor izateko. Horrek biziki urduritzen ninduen. Presio handiagoa sentitzen nuen prentsaren partetik poliziarengandik baino. Egun hartan, alta, hitzordu bakarra nuen: Euskal Irratiekin elkarrizketa bat. Elkarrizketa egiten ari ginela sartu ziren, ez dakit zer dispositibo muntatu zutela entzuten nuen, ez dakit zer kale itxia zela, baina dena biziki erridikulua zen. Hori gutxi ez, eta suminduen kanpamendua zegoen handik bi urratsetara, eta ohartzerako sekulako jendetza zegoen gure inguruan. Fisikoki aski bortitza izan zen, baina izugarria izan zen nola atera nintzen pisu hartatik, nola egin nuen ihes Baionatik... Filmetan soilik gertatzen diren gauzak. Ez dakit polizia oso tontoa izan zen, edo nahita hutsegin ninduten, baina izigarria da ihes egitea posible dela sentitzea. Hori bai, fite konprenitu nuen sagua eta katuarena heldu zela. Ez nuena uste zen hainbeste iraunen zuenik. Banekien ene aurpegia komisaria guztietan zela, kontrol batzuk ni atxilotzeko intentzio osoz ezarriak zirela, Garazin autoz ibiltzean polizia gurutzatzen nuen, nire etxe aitzinetik erregularki pasatzen ziren... Aski argi nuen, behin bide juridikoa agorturik, goiz ala berant atxiloketa gertatuko zela. Ez nekiena zen, ez noiz, ez nola.

2012ko azaroaren 1ean atxilotu zintuzten, errepide kontrol batean. Ezkerra frantses gobernura heldu berria zen, bake prozesuaren lehen premisak argiak ziren,Iparraldean Herri Elkargoaren inguruko batasun anitza zegoen...

Eta ene atxiloketak hozka batez berotu zuen giroa. Espainiarekiko kooperazio akordioak betetzen direla erakusteko ez bada, zer zentzu zuen ni hor atxilotzeak? Bizitza arrunta egiten nuen, eta haien lekuan, aise lehenago edo aise berantago gauzatuko nuen atxiloketa. Ez dut uste afera hainbeste luzatzea haien alde zenik. Gertatzen dena da oraindik ez garela kontrapisu bat Frantziarentzat, eta hala ez gareno, Frantzia beti lerrokatuko dela Espainiarekin. Zentzu horretan, badakit ez ginela erabateko kontrapisu bilakatu baina segur naiz presondegitik atera banaiz presio sozial eta politikoengatik dela. Askotan ez dakigu halako prozesuetan zein den gizarte zibilaren papera, zer egin behar dugun egunerokotasunean, non eta nola eragin dezakegun, baina kontrapisu hori eraikitzeko tenorean esku guziak dira ongi etorriak, ez da alferrikako urratsik.  

Esku guziak dira ongi etorriak, baina sozialistek eman zizuten atxikimendua eta sozialistek sartu zintuzten preso. Nola kudeatzen da hori pertsonalki?

Biziki zaila da. Batzuetan baliteke argazkia erraxegi ematea, baina hori ere gure ardura da, gure lana, eta guk argi izan behar dugu guk ere nahi dugulako egiten dela argazki hori. Joko-arau biziki gogorra da, baina prozesu batean engaiatzen zarenean onartu beharrekoa. Afera ez da baitezpada bestea konprenitzea, baina bai bestearen lekuan jartzeko gai izatea. Horretarako gibelapena behar da eta hori ere izanen da bakea egitearen parte. Hemen denek ezagutzen dugu elkar, elkarrengandik gaizki esaka ibili gara, baina elkarri eskua eman beharko diogu. Hori gertatu zait eni. Etsaiekin da bakea egiten, etsaiarekin beharko da hitz egin, eta gaztetan zure bandoan ez diren guziak dira etsaiak, baina denborarekin zure auzokoa ezagutzen ikasten duzu eta ohartzen zara ez dela baitezpada etsai. Nik pertsonalki ez dut herrarik, ez dut deus nehoren aurka. Afera da humanoak garela gu ere, eta nik ez dakidala bost urteren buruan non eta nola izanen naizen, presoaldiaren eta kondena luze baten mehatxua hor dela...

Nola prestatzen da norbere burua Auzitegi Nazionalean horri aurre egiteko?

Alde batetik nahi dut epaiketa iristea. Badakit goiz ala berant hortik pasa beharko dugula, beraz zenbat eta goizago hainbat hobe. Hori da euskal afera gehienen arazoa: zure balizko delitutik epaiketara 10-15 urte pasatzen dira. Horrek prestaketa izugarria eskatzen du, autokonbentzimendu anitz. Ez da goxoa Auzitegi Nazionalera joatea. Badakit ni torturatik salbu naizela, baina badakit zer gertatu den murru horien artean, eta sentimendu hori beti dago hor. Alabaina, auzia etortzea nahi dut, politikoki eta pertsonalki beste zerbaitetara pasatzeko modu bakarra baita akusatuen aulkitik iragatea. Hori hala, borrokatzera goaz, baina ez dut ez dolurik ez herrarik orain delako. Gero, ohartzen naiz lehen aldia dela enetzat, baina ene kide batzuentzat auzi bat gehiago dela. Haluzinagarria zait zenbateraino normalizatzen ahal den muturreko egoera bat.

Zer erraten dizute etxekoek?

Ez da erraxa. Ulertua dute gaztetako inkontzientzia ez dela hain inkontzientea, oso pertsona errealista naizela, batzuetan gogorrak izanik ere egiten ditudan hautuak kontrastatuak eta neurtuak direla. Haiek ere arras hautu bereziak egin dituzte bizian. Ez da kasualitatea, heien alaba naiz. Herri honetan maila afektiboan bizi duguna izigarria da. Amak beti erraten dit, gauza bortitzak bizi baditugu ere, gure harremanak eta historia eraikitzen ari garela. Harro dira hortaz. Gero, badakit enea ez dela heien alabarentzat nahiko luketen bizia, baina hastapenetik bururaino sustengatzen naute.

Nortasun agiria: Aurore Martin

Aurore Martin. 1979an Oloroe-Donamarian (Akitania) sortu zen mauletarra. Batasunako militantea. Frantziak Espainiak eskatutako euroagindua onartu eta helegite guztiak agorturik, 2010eko abenduan gordetzeko erabakia jakinarazi zuen, 2011ko ekainean berriz agertu zen arte. Huts egindako atxiloketa saiakera baten ondotik, 2012ko azaroaren 1ean atxilotu eta Espainiaratu zuten, bere kausaren alde Iparraldeko alderdi ia guztietako ordezkari politikoek eta eragile sozial anitzek bat egin arren. 2012ko eguberritan utzi zuten baldintzapean aske eta 2015eko urtarrilean epaituko dute Auzitegi Nazionalean Batasunako beste hainbat kiderekin batera.

Azken hitza: Asmatu

“Nola mugitu gobernuak? Horretarako norekin, nola eta noren laguntzaz egin behar dugu bidea? Nola eragin dezake bakoitzak bere arloan, bere inguruan? Zer erran nahi du nazio eraikuntzak gaur eta hemen? Horiek dira buruan ditudan galderak. Erantzunak asmatzea dagokigu”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ipar EH-ko politika
2024-01-31 | Euskal Irratiak
Peio Etxeberri Aintxart
"Estatuak heriotza heroikoa eskaini zion gainbeheran zen Enbatari"

Mende erdia bete da Enbata legez kanpo ezarri zutenetik. Frantziako gobernuak Enbatak Hego Euskal Herriko ETA erakunde armatuarekin zuen balizko lotura ezarri zuen estakuru bezala. Horren ondorioz,Ipar Euskal Herriko lehen mugimendu abertzalearen azken kideak HAS Herriko Alderdi... [+]


2023-12-20 | Euskal Irratiak
Dominika Daguerre
"Hiru urtez, GALen atentatu bat jasan genuen hamabost egun guziz Iparraldean"

Berrogei urte bete dira GALek aldarrikatu lehen hilketatik. 1983ko abenduaren 19an Ramon Oñaederra ‘Kattu’ 23 urteko errefuxiatua hil zuen talde parapolizial horrek Baionako Bourgneuf karrikako Kayetenia ostatuan. Gertakari hori mugarria izan zen, hor abiatuko... [+]


2023-11-09 | Euskal Irratiak
Europako 10 milioi euro zuzenean kudeatuko ditu Euskal Hirigune Elkargoak

Lehen aldia izanen da Europako funtsak zuzenean kudeatzen ahalko dituela Euskal Hirigune Elkargoak, Akitania Berriko eskualdearen esku hartzerik gabe. 10,8 milioi euroko diru-funtsa izanen da, 2024 eta 2027 artean baliatu beharrekoa.


2023-11-06 | ARGIA
Bagira prozesua
Ipar Euskal Herriko abertzaleek aurrera begirako erronkak zehaztu dituzte

Bagira prozesuak Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak etorkizunera begira hartu beharreko orientabideen inguruko gogoeta egin du, eta ondorio nagusiak aurkeztu berri ditu. Inkesta 1.500 pertsonak erantzun dute. Mugimenduaren erronka nagusi izango diren bost gai zehaztu... [+]


Espagnac, Brisson eta Saint-Pék segituko dute Ipar Euskal Herriko senatari izaten

Azken sei urteetan senatari izandakoek segituko dute Frantziako Senatuan: Frederique Espagnac (Alderdi Sozialista, ezkerra), Max Brisson (Errepublikanoak, eskuina) eta Denise Saint-Pé (Modem, zentroa). Hauteskunde horietan ez dute zuzenean herritarrek bozkatzen eta... [+]


Eguneraketa berriak daude