"Atxikimendu handia dut hitzarekiko, niretzat nola esan inportantea da"

  • Durangoko Azokaren harira aurkeztu du lan berria, Lurrean Etzanda (Elkar), bere ibilbide musikaleko hamaseigarrena. Ruper Ordorikak ohikoa du estudioan zuzenean grabatzea, musikari guztiak batera alegia, eta tresneria analogikoa erabilita. Oraingoan, Kenny Wollesen (bateria), Simon Edwards (baxua) eta Leo Abrahams (gitarra) izan ditu lagun. Hitzak bereak dira, Dionisio Cañas poetaren testu bati eginiko moldaketa izan ezik.

     

“Gure hizkuntzaren arnasak dituen joerak hartzen ditut kontuan, baina gero, hitz horiek ulertzen ez dituzten musikariekin elkartzen naiz diskoa egiteko. Hor dago musikaren indarra”.
“Gure hizkuntzaren arnasak dituen joerak hartzen ditut kontuan, baina gero, hitz horiek ulertzen ez dituzten musikariekin elkartzen naiz diskoa egiteko. Hor dago musikaren indarra”.Monika del Valee/ Argazki Press

Nolakoa izan da Lurrean Etzanda disko berriaren sormen lana?

Orain, Gasteizen bizi naizela, ohitura on bati heldu diot, eta noizean behin mugalari ohi batekin elkartzen naiz, Alberto de la Casarekin. Nire sparring pertsonala da, gogor jarduten dut berarekin. Abestiak erakusten dizkiot, elkarrekin jotzen ditugu... Albertori asko zor diote abestiok. Azukre Koxkorrak (Elkar, 2013) diskoarekin luze aritu gara biran, bitartean, gitarraz bakarrik sortu ditut abestitxo hauek.

Nazioarteko musikari profesionalak erakarri dituzu Elkar estudioetako saioetara.

Ez nekien aurten edo datorren urtean aterako ote nuen diskoa, baina aurreko jazzaldian John Zorn saxo-jotzailearekin etorri zen Kenny Wollosen bateria-jotzailea. Oso laguna dut Kenny, zazpigarren diskoa dut berarekin. Aipatu zidan Leo Abrahams gitarra-jotzailea (Brian Eno, Roxy Music, Blür) ezagutu zuela eta zerbait ikusi zion, nitaz gogoratzen omen baitzen hura entzuten zuen bakoitzean. Eta nik ideia hura gorde nuen. Diskoa egitekoa nintzela, Kennyrekin jarri nintzen harremanetan, eta Leogatik galdetu nion, ea interesaturik egongo ote zen. Bestetik, Simon Edwards baxu-jotzailea eta kontrabaxu-jotzailea ekarri dugu gurera. Zailena elkartzeko egunak aurkitzea izan da, musikari hauek bira askotan eta jende askorekin egiten baitute lan. Kantuok haiengana jotzea eskatu didate diskoa egiteko orduan.

Beste sonoritate batzuk bilatze aldera?

Dagoeneko, disko asko egin ditut formazio desberdinekin... Pauso bat aurrera eman nahi nuen.

Elkarreko estudioetan, denak batera joz eta tresneria analogikoa erabilita grabatu duzue diskoa, ohikoa duzunez. Diskoari bizitasuna emateko?

Musikan ez dago araudirik. Bada tresna bakoitza banan-banan grabatzen duenik, eta bizitasun handia lortzen duenik. Nire kasuan, lehenesten dut zuzeneko metodo hori, maite dudalako horrela grabatzea. Kantak zehatz landu eta gero, denok batera interpretatzea, kantaokin jolastea eta arnas hori harrapatzea izaten da nire asmoa. Horrelako saioei ekiteko oso zehatza izan beharra duzu. Kantuak oso borobilduak, finduak, ondo pentsatuak, ondo idatziak behar diuzu eduki ordurako. Nire asmoa izaten da denak elkartu eta momentu hori harrapatzea zintan, eta orain Elkarren egin daitekeen zerbait da. Gero, Azkaraten Jonanekin [Ordorika] landu izan ditut ahotsak, recordingak eta nahasketak.

Hitzei dagokienez, azken diskoetan bezala, zuk zeuk eginak dira. Berritasuna, edertasuna edota memoria, berriro ere, agertzen dira hitzetan.

Betidanik gustuko izan ditudan gaiak landu ditut kantaotan. Gai ugari dago. Atxikimendu handia dut hitzarekiko, testua maite dut eta niretzat nola esan oso inportantea da. Hizkuntzak neurtzen eta behartzen du kantua. Gogoeta handiak egiten ditut kantuak izan behar duenaz, edota gure hizkuntzak zer onartzen duen, zein erritmotan diren aiseago. Beti dut gogoan entzule berezi bat, eta entzule horri zuzentzen natzaio. Entzule euskalduna dut gogoan, horregatik da niretzat inportantea nola esan. Hitzak ez dira ustekabekoak, kantuaren oinarri-oinarrian daude. Gure hizkuntzaren arnasak dituen joerak hartzen ditut kontuan, baina gero, hitz horiek ulertzen ez dituzten musikariekin elkartzen naiz diskoa egiteko. Hor dago musikaren indarra. Haratago zoaz, helburua berba eta doinua edo kanta izango litzateke, ahotsaren presentziarekin agian, hirugarren esparru batera heltzea, alor bat non kantuak gustura ibiltzen diren.

Dionisio Cañas idazlearen Zerutik gertu ez da ondo egoten poemaren moldaketa egin duzu.

Testu guztiak dira nik eginak, salbu eta moldaketa hori, eta poema horrek lotura handia du izenburuarekin. Dionisiok 35 urte eman ditu erbestean, eta orain jaioterrira itzuli da, La Manchara. New Yorken ezagutu nuen, eta oso gogoko ditut bere lan kritikoak eta poesia. Diskoa ontzen ari nintzela, Dionisioren Lugar deritzon poema-liburua berriro ikuskatzen hasi eta poema hori aurkitu nuen, eta kantatzeko beharra sentitu nuen. Bera oso kontent dago abestiarekin, baina esaten du harritzen dela, testu hau ikusten duelako lagun bati belarrira esatekoa bezala. Baina berak idatzi duen bezala, “nik ez dut zerutik gertu bizi nahi, hemen egon nahi dut lurrean etzanda”. Hor kokatzen dut nire burua ere, lurrean etzanda, gure miseriak, heriotzaren berri, bizitza, alaitasuna, gorrotoa, lagunak, arerioak, zernahi entzuteko.

Hainbat generotan murgildu zara.

Disko anitza da, bai formalki baita interpretazioan ere, badu argitasuna eta freskotasuna, hurbiltasuna. Inoiz baino libreago sentitu naiz grabatzerakoan ere, poliki-poliki estudioko lana laketuz noa, hastapenetako grabatze beldurrak uxatu ditut, eta orain gero eta gusturago aritzen naiz, momentukoa zintan jasoz, zuzenketak alde batera utziz.

Ez dakit zerk desberdintzen duen disko hau aurrekoetatik, baina iruditzen zait kristalezko bolaren barruan dagoen muin hori ukitu dudala. Horrelakoetan sentipen handi bat duzu, pauso bat eman ote duzun barrurantz, disko honekin badut sentsazio hori.

Musikariek egindako ekarpenak zerikusirik izan du horrekin? Leo Abrahamsen gitarra, esaterako...

Badakizu, musikari britainiar handi hauek kolore-paleta handia dute eta ez dira beldur esperimentutan sartzeko, ez dute aurreiritziz jokatzen, hori oso gauza polita izan da. Bestetik, horrek asko eskatzen dizu, azken finean, zeuk atondu duzu kanta hori, nahitanahiez baduzu iritzirik kantuaz, baina zure burua utzi behar duzu, ea nora garamantzan horrek, eta gauza harrigarria da, batzuetan espero ez duzun tokietan zein ondo zauden.

Estiloen gainetik, abestia defendatu beharra dago? Sailkatzea kazetariok egiten dugun lana da agian?

Beti pentsatu dut kantua genero bat dela bere horretan. Estiloetatik edaten du baina oinarrian oso jatorrizkoa da. Kantu on bat, estilistikoki, era askotan interpretatu daiteke. Estiloak ez du goratzen kantua, baizik eta alderantziz.

Kantu borobilaren bila aritzen zara?

Ez dakit, niretzat kantu ona kantu esanguratsua da. Hortaz luzaro hitz egin daiteke... Gero eta gehiago ari naiz ikasten eta, orain, gehienetan, musikatik abiatuta egiten ditut kantak. Sortzeko orduan izan beharreko askatasunak kezkatzen nau batik bat. Benetan kantu baten atzean dagoen motiboa, inoiz ezin da jakin. Beste zerbaitekin konektatzen zaituen zerbait da eta horren atzetik gabiltza. Gauza txikia da kantua. Baina era berean, musikak orekan jartzen ditu egungo aurrerapen guztiak, gizakiak behar du barrutik harago joan. Kantuak badu esanahi hori.

Bilboko Kafe Antzokian egingo duzu lehen aurkezpen kontzertua, abenduaren 20an. Zein da zure harremana hiri aldakor honekin?

Azukre Koxkorrak diskoarekin asko ibili gara jendeaurrean. Eta aurten nire ohiko taldekideek denek disko bana argitaratu dute: Arkaitz Minerrek datorren astean aurkeztuko du bere bakarkako lehen diskoa; Hasier Oleagak udaberrian atera zuen diskoa; eta, Lutxo Neira ere, Kanadan dabil proiektu berri batekin. Hala ere, Kafe Antzokia zabaldu zenetik, urtero jo izan dut bertan, eta ez nuen huts egin nahi.

Eta Bilbo... Hemen hasi nintzen, aspaldi... Hemendik gertu dagoen Particular de Estraunza kalean nuen entsegu lekua.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ruper Ordorika
Ruper Ordorika
Mendea eta segundua gurutzatzen dituena

Mende laurdena bete du Bilboko Kafe Antzokiak eta hamar negu baino gehiago, hastapenetatik orain arteko guztiak, goxatu ditu Ruper Ordorikak.


2022-09-27 | ARGIA
Haur eta gazte literaturaren azoka Sarara itzuliko da

Ikusi Mikusi euskara hutsezko haur eta gazte literatura azoka urriaren 7 eta 8an egingo dute, Saran. Euskal Herri guztiko ikastetxeak hurbilduko dira eta ikasleek elkarren arteko topaketa egingo dute.


Argazki historiko bat

Ez nuen uste Gasteizen aparkatzea hain zaila izanen zenik. Edo, hobe esanda, ez nekien hainbeste koloretako marrak egon zitezkeenik pintaturik errepide ertzetan. Ez, ez dut gidabaimenik eta bai, denbora gure kontra zihoan. Azken minutuan heldu gara Principal Antzokiko... [+]


2022-03-13 | Xalba Ramirez
Santa Anara

Disko bat entzuteko momentuak marka dezake diskoa bera. Zu ez zara bera une bakoitzean, bainatzen zaren ibaiaren pare, eta kanta bakoitzak badu bere unea.

Ruper Ordorikaren Amour eta toujours-ekin horrelako zerbait pasa zait. Logelan eguzki epela sartzen zen neguko egun... [+]


Zerutik gertu

Uda hondarreko igandea, bazkalosteko alferkeria, iluntzerako aurreikusiriko plana kili-kolo… Eta Ruperren kontzertua Lizoainen, baina sarrerarik ez. Dena den, joanda ere galtzeko baino, gehiago genuen irabazteko edozein kasutan; kontzertua ez bazen, herria ezagutu, paseoa... [+]


Eguneraketa berriak daude