argia.eus
INPRIMATU
Hausturatik
Edu Zelaieta Anta 2014ko abenduaren 11

Hausturatik ari natzaizue. Eta hausturaz. Zenbait agintarik erdeinatu ohi duten haustura sozialaz, eta paradoxikoki, agintari batzuek elikatutako haustura sozialetik. Izan ere, ez dira gaztainak bakarrik aritu zartaka gurean udazkenean; giroa franko berotua da Gasteizko bazterretan, diru-laguntzen banaketa dela eta.

Hausturatik ari natzaizue. Eta hausturaz. Gasteiztarrek sortutako bi plataforma ditugu: Gora Gasteiz eta Ayudas más justas. Pentsatzekoa da lehenak sinpatia handiagoa eragingo duela Argiako irakurle gehientsuenen artean. Bigarrenaren atzean Javier Maroto dugu, hausturari arnasa ematen dion hurrengo hauteskundeetarako hautagai nekaezina.

Hausturatik ari natzaizue. Eta hausturaz. Nago afera hau izango dela mahaiaren bueltan Gabonetan, Gasteizko etxe ugaritan. Gero eta gehiago gaiztotzen ari den polemika oparitu nahi izan digu alkateak aurten. Alde horretatik ere bi egoera aurreikusten hasia naiz: gaia kontzienteki saihestuko duten familiak eta Gabonetako liskar antologikoak izateko bidean jarriko direnak. Denen partez, bizikidetza on.