Film bat baloratzeko gakoak

  • Zeri erreparatu pelikula bat ikusten dugunean? Horretan laguntzeko, mahai-ingurua antolatu zuten pasa berri den Lekeitioko Euskal Zine Bileran. Begoña del Teso kritikariak eta Aitor Arregi eta Ane Muñoz zinegileek hainbat gako eman zizkiguten.

Ezker-eskuin: Begoña del Teso, Ane Muñoz eta Aitor Arregi, Lekeitioko Euskal Zine Bileran.
Ezker-eskuin: Begoña del Teso, Ane Muñoz eta Aitor Arregi, Lekeitioko Euskal Zine Bileran.

Aurreikuspenek nola eragiten dute film bat ikustera goazenean? Aurretik irakurritako zine kritikak adibidez zein garrantzi izan behar luke?

A. Arregi: Kritikak eragina du, jakina. Gaur egun, inozentzia galdu dugu pelikula baten aurrean: trailerrak, kritikak... Informazioa ugaria da interneten eta zaila da pelikula bat ikustera joatea ezer jakin gabe, zaila da aurreiritzirik ez egitea. Iristen zaiguna filtratzen jakin beharko genuke, baina egia da pelikula batek bost izar izateak baldintzatu egiten zaituela.
B. del Teso: Egunkariek kritikarioi jarri diguten zigor handia dira izarrak. Jende askok dena egina nahi du, eta hein batean normala da, jakin nahi duelako sarreragatik 8 euro ordaintzea merezi duen ala ez. Baina zeri jartzen dizkiozu hiru izar? Zer da “Interesgarria”? Bat, bi izar kaskarrari edo maisulanari bost jartzea errazagoa da; hiru izar horiek dira zailenak eta badakizu askotan pelikula horrek aretoetan izango duen arrakasta baldintzatzen ari zarela. Aktore interesgarriak dituelako emango dizkiot hiru izar? Zalaparta sortu duelako? Txikia izanik salbatu nahi dudalako?... Eta bost izar jartzen dituzunean ere kontuan hartzen duzu jende bati agian ez zaiola batere gustatuko; alegia, bost izar horiek nireak dira, eta kritikan argitzen saiatzen zara: bost izar jarri ditut baina kontuz ibili, ez bazaizue gustatzen Ukrainako zinema, edo halako zuzendaria, edo bertsio originala… ez joan, eta izar bat jarri dudanean berdin, nire ustez ez du zinematografikoki merezi, baina bai beharbada ahaleginagatik, edo sortu duen gatazkagatik… Arazoa da jendeak kritika irakurri beharrean sarri izartxo horiei baino ez diela erreparatzen eta gauza beldurgarria eta hilgarria dira izarrak.
A. Arregi: Bai, behartzen zaituztelako pelikula bat neurtzera eta zelan egiten da hori, zelan neurtu neurtezina dena? Ez dago mundu guztiari ikaragarria irudituko zaion pelikularik, eta beraz ezin da kategorikoa izan. Paradoxa horretan bizi gara: alde batetik filmak neurtzea nahi dugu, baina gero sarri ez gaude ados jarritako izar kopuruarekin eta kexu gara. Niretzat, zuzendaria eta aktoreak bermea dira; David Fincher-ekin konektatu egiten dut adibidez, eta Leonardo DiCapriok ere bermea ematen dit, film onetan parte hartu ohi duelako.
A. Muñoz: Nik lehen kritikak irakurtzen nituen pelikula ikustera joan aurretik, baina baldintzatuta joaten nintzela konturatu nintzen eta amorrua ematen zidan zinemara garbi ez joateak. Jendeak ere, filma ikusi ostean “gehiago espero nuen” esaten dizu, beti konparatuz, zer iruditu zaion esan beharrean. Gaur egun, kritikak pelikula ikusi ondoren irakurtzen ditut eta aurretik kontuan hartzen dudan irizpide nagusietakoa da filma jatorrizko bertsioan ikusteko aukera.
B. del Teso: Nik probokazioa bilatzen dut pelikuletan. Ezin ditut jasan ikusi gabe aldez aurretik ezagutzen ditudan pelikulak. Probokatuko nau pelikulak? Kritikari eta gizaki gisa zalantzan jarriko nau?... Sentsazio horien bila ibiltzen naiz.

Zinemaz dugun ezagutzak eta erreferentziek pelikula hobeto balioztatzen lagun diezagukete. Nola landu dezakegu begirada ikus-entzuleok? 

A. Arregi: Ikusle moduan entretenitu nazala, hori da pelikula bati eskatzen diodan lehenengo gauza, harrapa nazala eta trama jarraitzeko eta istorioa nora doan jakiteko gogoz mantendu nazala. Pelikula nora doan eta nora naraman ez jakitea gustuko dut, jokoan sartzen naiz eta ondoren saia naiteke pelikulak dituen beste geruzak eta mezuak ikusten, baina bortxatu barik. Ez naiz oso ona sinbologiak eta mezu ezkutuak hitzez adierazten; gustatu zait eta hurrengo ordu eta egunetan pelikula buruan izango dut, eta hori sentsazio ederra da. Abentura generoak piztu zidan niri zinezaletasuna eta zinemaren munduan nabil besteak beste Indiana Jones-engatik. Akzio eta gidoi izugarriak ditu trilogiak, askotan ikusi dut eta harrapatu egiten nau. Ez dakit zenbat geruza dituen, beste ikuspuntu batzuetatik begiratu behar ote den… Dakidana da oso gustuko dudala. Nerabezaroan The Man Who Would Be King ikusi eta honek ere harrapatu egin ninduen. Beste mota bateko abentura filma da, pausatuagoa… eta ikusten duzu atzean zerbait gehiago ere baduela. Gerora, Lawrence of Arabia deskubritu nuen, abenturazkoa baita ere eta makina bat geruza, metafora eta abar dituena. Jakin badakit Lawrence-k Indiana Jones-ek baino sakontasun handiagoa duela, baina ez eskatu horien artean erabakitzeko, behin eta berriz ikusi ditzaket hirurak, eta horrek esan nahi du zerbait daukatela, baina ez dakit sekretua zein den. Ikusle bakoitzak bere buruari egin behar dio kasu: gustatu zait? Bada hori asko da. Barre egin baduzu, ez gutxietsi zure iritzia “ofizialki” pelikula txarra dela esan dutelako.
B. del Teso: Bakoitzak nahi eta ahal duen moduan heltzen dio zinemari, pelikula bat ikusi eta ez duzu zertan irakurketa sakona egin. Oso ezberdina da nola heldu ginen gu zinemara eta nola heltzen diren orain; ume eta gazte askorentzat ordenagailuan ikusi dezaketen hori da zinema; erreferentziak, edadeak, gustuak, bizimodu aldaketa… kontuan izan behar dira. Orain 80ko hamarkadako zinema dago modan, hamarkada horretan gazteak zirenak orain zinemaldietako antolatzaile eta kritikari bihurtu direlako, eta euren erreferentziak Gooniak, Gremlinak eta halakoak dira.
A. Muñoz: Institutuan Charles Chaplinen Modern Times jarri ziguten eta barre asko egin nuen. Bigarrenez ikusi nuenean, gauza berriak antzeman nituen, modernitateari egindako kritika, makinek alienatutako gizakiak, errealitate ekonomiko eta sozial gogorra… Pelikula dibertigarria izateaz gain irakurketa gehiago zituela konturatu nintzen eta istorioaz harago harrapatzen ninduten beste faktore batzuetan erreparatzen hasi nintzen. Zinema asko ikustearen poderioz, azalean ikusten dena baino askoz gehiago egon daitekeela konturatu nintzen. Ni harrapatzen naute gertukotasuna daukaten istorioek, ez niri gertatu zaidalako, nigan enpatia sortzeko gai direlako baizik. Zientzia fikzioa ikustera banoa, ikuskizunaz, efektuez… gozatzera noa, baina istorio txikiak eta gizatiarrak nahiago ditut.
A. Arregi: Zientzia fikzioak, dena den, gauza oso gertukoez eta gizatiarrez hitz egiten digu sarri, baina gure errealitatetik ateratzen da eta kanpotik kontatzea batzuetan sanoagoa da, gure gizarteko hainbat kontuz gogoetatzeko.
B. del Teso: Hainbatetan jendea trabatuta geratzen da, pelikulak ez duelako hau edo bestea azaldu. Lasai, disfrutatu eta ahaztu zergatiak eta motiboak. Sorgindu bazaitu, edertasunaz gozatu eta ez kateatu.
A. Muñoz: Baina batzuetan ikusleak dena ulertu nahi du eta frustrazioa sortzen zaio. Utzi pelikulak eraman zaitzan… Niri filmak bakarrik ikustea gustatzen zait, eta aurrean bururik izan gabe.
B. del Teso: Baina pelikula batzuek ikuslegoa behar dute. E.T. Errege Egunean Astorian eta jendez inguratuta ikustea, adibidez, ahaztuko ez zaizun esperientzia da. Jendearen emozioa, sustoak… Berdin beldurrezko hainbat filmekin. Banpiroei buruzko Twilight sagak duen arrakasta ulertzeko, esaterako, kritikari bezala ona da jendez betetako aretoan ikustea, jarraitzaileei zer ematen dien jakiteko.

Hain justu, genero eta pelikula mota batzuk gutxietsita daude. Balorazioa eta exijentzia maila aldatzen dira, generoaren arabera?

A. Muñoz: Genero bakoitzaren barruan denetik aurki daiteke, helburuei, sakontasunari, antzezpenei… dagokienez. Daukadan egunaren eta aldartearen arabera, film mota bat edo beste bat aukeratuko dut, genero bat edo beste bat. Batzuetan ihesbide bat baino ez duzu bilatzen zineman.
A. Arregi: ETBn botatzen dituzten western-etan adibidez sekulako lanak daude eta harrigarria da zenbat gauza kontatzen dituzten 80 minututan, besteak beste ez dituztelako hainbeste minutu behar girotzeko eta testuinguruan kokatzeko. Genero guztietan aurki ditzakezu ezustekoak; musikalak berez arinagoak direla pentsatzen nuen lehen, baina begira West Side Story, Cabaret, All That Jazz, Singin’ in the Rain
B. del Teso: Zinema komertziala zaborrarekin alderatzen da sarri, baina komertzial izateko jaio zen zinema, ferietako atrakzio gisa.

Bi oinarri dituzte pelikulek: istorioa eta gidoia batetik, alderdi narratibo, formal, estetiko eta teknikoak bestetik. Montxo Armendarizek esana da istorio guztiak kontatuak daudela dagoeneko, istorioa kontatzeko modua eta zuzendariaren begirada direla aldatzen dena. Zuek zeri ematen diozue garrantzia?

A. Arregi: “Zer” eta “nola” kontatu lotuta daude eta inportanteak dira biak. Ikus-entzunezkoak irudia mugimenduan du, baina zuzendari batzuek dena gidoiaren bidez kontatzen dute, dena azaltzen diote ikusleari, puzzle osoa, eta niretzat politagoa da puzzlean hutsuneak daudenean, elipsiak… Informazioa iruditan eta elkarrizketetan errepikatu beharrean, bi horien arteko jolasa bilatzen duten filmak nahiago ditut, iradokitzaileak direnak, “nola” horretan indarra jarri eta ikusleari lan pixka bat eskatzen diotenak, dena azaldu eta mezu kategorikoak ematen dituztenak baino. Bi estilo dira: Kubrickek adibidez galderak planteatzen ditu bere pelikuletan eta Spielbergek erantzunak eman, eta Spielbergek arrakasta dauka, jende bat erosoago eta lasaiago sentitzen delako horrela.
B. del Teso: Unearen arabera batzuetan erantzunak nahi dituzulako eta beste batzuetan berriz, galderak planteatzea. Niri ere, Aitorri bezala, gustatzen zait zuzendaria nitaz fio denean, eskutik eramaten nauenean baina dena xehe-xehe eman gabe, azkarra naizela dakielako. Egungo film ugaritan zuzendariak minutuak eta minutuak jaten ditu zuk aldez aurretik bazenekiena azaltzeko.
A. Muñoz: Egilearen eta ikuslearen arteko konplizitate hori aberasgarriagoa iruditzen zait niri ere, eta Armendarizek dioenari helduz, zuzendariaren begirada oso garrantzitsua da. Loreak filma esaterako: istorioa mila modutara konta daiteke, eta zuzendariek egin duten modua iritsi egin zait, gertakariak eta pertsonaiak ulertzen saiatzeko ikusleari ahalegin txiki bat eskatzea, baina ahalegin atsegina, istorioaren partaide sentiaraztea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Film kritikak
2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Hauek izan dira Zinegoak jaialdiko film saridunak

Rita Baghdadiren Sirens dokumentalak irabazi du 2023ko Zinegoak Sari Nagusia, eta Dania Bdeir-en Warsha-k Publikoaren Saria eta Senior Epaimahaiaren Saria. Saridun gehienak emakumeak izan dira. Jarraian saritutako lanen zerrenda.


Iragana eskuetan

Eskuek askotariko sinbologia dute. Eskuekin gidatzen da mundua eta ukabil sendoekin bermatu agintea. Ukabilekin borrokatzen da boterea ere, atzamarrak bilduz eta eskuak gora altxatuz. Eskuak beharrezkoak dituzte bizitzan beti galtzaile izan direnek, hori baino ez baitute izan... [+]


2020-08-27 | Santi Leoné
Pyewacket

Gurasotasuna –amatasuna gehiagotan, aitatasuna baino– ohiko motiboa da beldurrezko zineman. Film anitzetan, gertatzen diren naturaz gaindiko fenomenoak –edo, naturaz gaindikoak izan gabe, fenomeno izigarriak– ama-umeen arteko harreman gatazkatsuen isla... [+]


Eguneraketa berriak daude