Aukera bat izan dezagun

CARMEN GISASOLA izan da espetxe zigorrak betetzeari buruzko Europar Batasuneko arauak Espainian indarrean jartzean libre geratu den lehen euskal presoa. Frantzian bete zituen 10 urteak kontuan hartuta, kontaketa egin eta Auzitegi Nazionalak libre utzi zuen joan den azaroaren 24an.

Hamar egun geroago atera ziren Santi Arrospide eta Alberto Plazaola, hurrenez hurren, Alacant II eta Texeiroko espetxeetatik. Sona ez da Parot doktrinaren parekoa izan Espainian, baina brunete mediatikoak ez du aukerarik galdu eta Espainiako Gobernuak jadanik atera du lege bat –azaroaren 12an– Europar Batasuneko zigorrei buruzko araua ez betetzeko.

Ohi bezala, korapiloa handia da halakoetan, bai justizia administratizioaren eta exekutiboaren artean, eta baita justiziaren baitan ere. Auzitegi Nazionalean ez dira ados: Zigor Aretoko Lehen Sekzioak erabaki du bi preso hauek libre uztea, zigor urteen kontaketa berrian Frantzian betetako zigorra kontuan hartu ondoren. Bigarren Sekzioko epaimahai batek, aldiz, kontrakoa erabaki zuen Iñaki Bilbao presoaren zigor urteen birkontaketa egitean.

Lehen sekzioaren ustez, Europar Batasunak 2008an hartutako araua betetzen zen bere epaiarekin. Haren arabera, molde bereko delituetako zigorrak batu egin behar dira EBn, hauek estatu desberdinetan epaituak izan arren. Hau da, Frantzian ETAkoa izateagatik –han gaizkile taldeko kide– 10 urteko zigorra bete duen presoari, gero Espainiako bere zigorretik ezabatu beharko litzaiokeela denbora hori.

Hau da, EBn gero eta legedi gehiago batzen dira eta presoen esparrua arautzen duena ere batzen ari da. Hori bai, 2008an onartu zen neurria eta haren lehen ondorioa sei urte geroago iritsi zaie hiru presori. Ia beste hirurogeiri ere aurki eragingo lieke neurriak, Auzitegi Nazionalak bere osotasunean onartu izan balu, PPk berak onartu izan balu. Baina ez. Europatik bete behar dira Banku Zentralaren eta Merkelen aginduak, baina ez euskal presoei zigorrak murrizten dizkieten arauak.

Bigarren sekzioaren epaiak zioen itxaron behar zela nola garatzen zen Espainiako legedia, horrela Europako araua indarrean nola jarri ikusi ahal izango zelako. Espainiako Lege berri honek –7/2014– dio, arau hau aplikatzeko ez direla kontuan hartuko 2010eko abuztuaren 15aren aurretik beste estatuetako auzitegiek jarritako zigorrak. Horrela, Europako neurriak ez lieke eragingo dozenaka euskal presori, haiei Frantzian jarritako zigorrak 2010ekoak baino lehenagokoak direlako.

Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak ere helegitea jarri du Lehen Sekzioak hartutako erabakiaz, eta 2002an Auzitegi Gorenak emandako epai batean oinarritu da, orduan Gorenak atzera bota baitzuen beste estatu batzuetako zigorrak Espainiako zigorra murrizteko erabiltzea.

Baina zigorren batzea agintzen duen EBren araua 2008an sartu zen indarrean eta duela gutxi, Espainiako Auzitegi Gorenak oso bestela ebatzi du gaiaz, Joseba Urrusolo Sistiaga presoak jarritako eskaerari erantzunez. Langraitz bideko preso lesakarra izan zen Europako araua aintzat hartzea eskatu duen lehen presoa. Kontua da Gorenak erantzun ziola ez zegoela eragozpenik Frantzian betetako zigorra Espainian ere kontuan hartzeko.

Orain, fiskaltzaren helegiteaz eta Auzitegi Nazionaleko bi sekzioen epai kontrajarriez ebatzi beharko du Gorenak. Orain, gainera, badu legezko eragozpen bat, Espainiak onartu berri duen legea. Baina konstituzionala izango da lege hau Europar Batasunak onartutako arauen espirituaren kontrakoa denean goitik behera? Zer esango du Estrasburgoko Auzitegiak presoen zigorrez ad hoc egindako legeaz, honek presoen giza eskubideak urratzen dituenean?

Norbaitek behar badu, PPk darabilen mendeku politikaren beste froga bat gehiago, eta pertsona zehatzen eskubideak zanpatzeaz gain, bake prozesua eta elkarbizitzarako oztopo bat gehiago ere bai. Ez da nahikoa euskal gizarteak modu bateratu batean protesta egin dezan? Aski da esan dezan? Instituzio, alderdi, elkarte, herritar... guztiak batera euskal gizarteak behingoz merezi duen garai berriaren aldeko oihuan? Tristea da, baina gerrak bakeak baino gehiago batzen zuen gizartea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
26 urteko espetxealdia atzean utzita aske da Iñaki Garces otxandiarra

Astelehenean jakinarazi du albistea Etxerat elkarteak. Otxandioko preso politikoa baldintzapeko askatasunean zegoen 2023ko martxoaz geroztik.


Euskal preso eta iheslari politikoen aldeko jaialdia egingo dute Ezpeletan larunbatean

Kontzertuen bidez euskal preso eta iheslariak laguntzea da xedea. Aurten, Rakatapunk, Xutik eta Esne Beltza dira egitarauan.


2024-01-15 | ARGIA
Espetxe politikan salbuespeneko arauak desagertzeko exijitu dute 68.000 lagunek Bilbon

Hamarnaka mila lagunek Bilboko kaleak bete dituzte larunbatean, euskal preso politikoen eskubideak betearazteko eskatzeko manifestazioan. Sarek gogorarazi du ez direla pribilegioak eskatzen ari eta azpimarratu du “euskal gizarte pluralaren ahalegina” ezinbestekoa... [+]


Eguneraketa berriak daude