argia.eus
INPRIMATU
Txip biodegradagarriak sortzen
Joxerra Aizpurua Sarasola 2014ko abenduaren 04a
Denbora laburrean desegiten den txipa garatzen ari da SINTEF.
Denbora laburrean desegiten den txipa garatzen ari da SINTEF.

Gero eta zabalduago dago biodegradagarriak ez diren hondakinen inguruko kezka. Berrerabilpena edo, txarren-txarrenean, biodegradagarritasuna da gero eta indar handiagoz bilatzen ari garena, baina orain arte, txipak daramatzaten tresnek ez dituzte aipatutako baldintzak bete.

Gailu elektronikoak zahartzean, bilketa guneetara eramatea baino ez zaigu gelditzen. Atal batzuk desmuntatu ondoren berrerabiltzea lortu badaiteke ere, txipekin ez da hori gertatzen. Txip erabiltezinak esponentzialki ari dira pilatzen, eta laster arazo galanta izango dugu.

Horri aurre egin nahian, Norvegiako ikerketa laborategi independenterik handienak, SINTEFek, erabili ostean desegingo diren osagaiak sortzen dihardu. Hain zuzen, ordu gutxian uretan disolbatzen diren magnesiozko elementuak kokatu dituzte litiozko xaflen gainean. Hala, txip horietan inprimatutako zirkuitu elektronikoak desagertu eta txiparen oinarria berrerabili ahal izango litzateke. Besteak beste, drone berrerabilgarriak ekoizten ari dira, itsasoan neurketak egiteko; euren lana amaitu ondoren, itsasoan disolbatuko lirateke.