argia.eus
INPRIMATU
Sarean
Jose Ignazio Ansorena 2014ko abenduaren 02a

Bi gazte jator etorri zaizkit, Sare mugimendukoak, euskal preso politikoen arazoaz nire iritziak entzutera. Bi ikuspegietatik erantzun diet: nola desio nukeen eta nola uste dudan joango dela.

Euskal herritar gehienok nahi genuke preso batzuk berehala kalera ateratzea, inoiz barruan ez zutela behar iritzita, eta beste guztiak pixkana askatasunerako bidean ipintzea, bitartean hurbileko espetxeetara ekartzen dituztelarik. Gure historiaren orrialde beltz hori erarik onenean eta gupidaz pasa nahi dugulako.

Nola uste dudan joango dela? Espainiako Gobernuak eskuen artean benetako bakea bideratzeko probestuko ez duen aukera duela uste dut. Bikingoek zapaldutako etsaiaren burua moztu eta harro erakusten zuten erabateko garaileak zirela frogatzeko. Horixe Espainiako Gobernuak. Hainbeste aldetatik likiskeria darien zirrikituak agertu zaizkion Gobernuak hementxe du burua altxatzeko eremu ia bakarra. Euskal Herrian ez bezala, Espainian nahikoa ongi ikusia.

Sare mugimenduak liburuxka argitaratu du eta zabaltzeko gonbitea egin. Bertan lau artikulu labur. Castillo Suárezek presoak laguntzeko sarea trinkotzea nahi luke, horri zor zaio bere aburuz orain arte sakabanaketari aurre egin ahal izana. Igor Elortzak eta Jule Goikoetxeak xehetzen dute dispertsioak nolako bidegabekeriak dakartzan. Eta Iñaki Lasagabasterrek –besteek ere alderdi hau aipatzen dutelarik– Europa eta Espainiako legedian oinarrituta, sakabanaketa legearen kontrakoa dela dio.

Nik ere, hainbat aldetatik –senitartekoak, adiskideak, ikasle ohiak, lankideak...– dispertsioaren drama gertu sentitu dut. Liburuaren diskurtsoan, baina, ez dut ekarpen eraginkorrik ikusten. Zein krudela den zabaltzea ongi dago, inor konturatu ez bada. Legearen aldetiko diskurtsoak eztabaidagarriak gertatzen zaizkit, muturreko kasuetan (gaixo terminalak...) ez bestetan, espetxe gutxitan euskal presoak batzeak euren erabilpen politikoa eragin lezakeela arrazoitu baitezake juridikoki Espainiako Gobernuak.

Gobernu zintzoak aukerak baliatu behar ditu arazoak ahal bezain azkar eta ondoen bideratzeko. Horixe du eginkizun. Eta horrela exijitu behar diogu Espainiako edo Frantziako edozein gobernuri. Ezker abertzale ortodoxoari eskatu behar zaion bezala presoak iraganean preso mantentzen ez jarraitzea. Beste guztia literatura da, zoritxarrez ez ona.

Ez gaitezen sare zaharretan katramilatu.