Publizitate instituzionala

Gaztelaniazkoei %97, euskarazkoei %3

  • Erakunde publikoek milaka euro bideratzen dituzte publizitate instituzionalera. Euskal Autonomia Erkidegoan, foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak hainbat publizitate eta informazio ekintza mota bideratzen dituzte hedabideetara, hala nola, kanpainak, iragarki ofizialak eta babesak. 2013an, Eusko Jaurlaritzak 4.782.184 euro erabili zituen hedabideetan eta bestelako euskarrietan kontratazioak egiteko (euskarazko hedabideak sustatzeko erabili zuen diru-laguntzaren pare: 4.875.000). Publizitate horren diru kopuruaren %2,96 bideratu zuen euskarazko hedabideetara.

Onintza Irureta Azkune @oirureta
2014ko abenduaren 07a

Eusko Jaurlaritzak 2013an publizitate instituzionalean gastatu zuen diru kopuru osoa aipatu berri duguna baino handiagoa da. Zaku osoa 5.702.311,87 eurokoa izan da eta bi zatitan banatzen da. Batetik, publizitatearen sormena, ekoizpena, lokuzio eta irudi eskubideak ordaintzen dizkie enpresa esleipendunei, eta bestetik, hedabide eta bestelako euskarrietan publizitatea sartzeko kontratazioak egiten ditu. Diru kopururik handiena bigarrenean dago: 4.782.184,70 euro. Hedabideetara bideratutako diru poltsa horretatik, gaztelaniazko komunikabideek %97,04 jaso dute eta euskarazkoek %2,96. Publizitate instituzionala jaso duten euskal hedabideak ondokoak dira: Anboto, Argia, Berria, Gaztezulo, Hamaika TB, Hirinet, Bizkaia Irratia, Entzun! eta Euskal Herria. Hekimeneko (Euskal Hedabideen Elkartea) kideak soilik kontuan hartuta, portzentajea %2,48 da. Eusko Jaurlaritzak publizitatean gastatu duena eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskarazko hedabide ez publikoei emandako diru-laguntzak alderatuz gero, kopuruak oso antzekoak dira: 4.782.184,70 euro publizitatean eta 4.875.000 euro diru-laguntzetan.

Publizitate bidez, 4.678.271,51 euro gaztelaniazko hedabideetan, 103.913,19 euro euskarazkoetan. Desoreka nabarmena da, %2,96 euskal hedabideetan. Alde batetik, euskarazko hedabideek merkatuan duten hartzaile kopurua %2,96 baino handiagoa da, eta bestetik, publizitate banaketa horrek euskaldunak, hedabideak euskaraz kontsumitzen dituen herritar sektorea, kanpo uzten ditu. Desorekaz galdetu diogu Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendariari: “Desoreka begi-bistakoa da. Euskal hedabideek %3 hori baino askoz ere esangura komunikatibo handiagoa dute. Euskarri guztietan presente daude, eta haiek dira euskararen hiztun komunitatearekin lotura ziurtatzen dutenak. Irizpide politiko eta linguistikoen ikuspegitik, portzentaje hori ez da inola ere egokia”.

Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzak euskarazko hedabideetan kontratatutako portzentajeak aztertuz gero, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailarena da altuena: %5. Euskarazko hedabideetan 28.951 euro kontratatu ditu. Kopuru absolutuak kontuan hartuz gero berriz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila da euskarazko hedabideak gehien kontratatu dituena: 32.456 euro. Deigarria da euskararen normalizazioa sustatzeko eta babesteko ardura duen sailak diru kopuruaren %4,57 baino ez bideratzea euskarazko hedabideetara. Euskarazko hedabideak gutxien kontuan hartu dituen saila Segurtasun Saila da; 9.370 euroren balioko kontratazioak egin ditu, guztiaren %0,98. Gainerako sailen artean ez dago alde handirik.

Euskadiko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzko 6/2010 Legearen arabera, Eusko Jaurlaritzako Publizitateari buruzko Sailarteko Batzordeak bi txosten egin behar ditu urtero: amaitutako urteari buruzko memoria bat eta hasiko den urterako plan bat. Eman ditugun datuak 2013ko memoriakoak dira. Bi dokumentu horiek Legebiltzarrera bidaltzen dira urte bakoitzeko saioen lehen epealdian (otsailaren 1etik ekainaren 30era).

Foru Aldundiak

Eusko Jaurlaritzaren 2013ko memoria interneten aurki daitekeen moduan, foru aldundien txostenik ez dugu aurkitu sarean. Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi digunez, EH Bildu talde politikoak Batzar Nagusietan gai horretaz galdetu du, eta gaia landuko dute, baina instituzioa eta ahaldunak errespetatzeko asmoz, Batzar Nagusietan datuak ezagutzera eman arte ez dute informazioa zabalduko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak duela bi urtez geroztik publizitate instituzional guztia  Komunikazio zuzendaritzatik bideratzen du eta iaz hasi baziren ere, publizitate banaketaren informazio zehatza jasoko duen dokumentuaren aurrelana bukatzen ari dira, eta beraz, aurki aurkeztuko dute 2014koa. Publizitate banaketa egiteko irizpideez galdetuta, Xabier Lekuonak adierazi digu 1994ko foru araua dagoela, bere ustez, zaharkitua, besteak beste prentsa idatzia baino ez du kontuan hartzen. Arau horrek lau ardatz ditu oinarri: berdintasun irizpidea, proportzionaltasuna, eraginkortasuna eta euskara. Foru Aldundiak hedabide publikoak eta euskarazkoak lehenesten ditu, baita tokikoak ere. Euskarri oro kontuan hartuta, 70 hedabide baino gehiagotan jarri dute publizitatea 2014an. Foru arauak dio publizitatearen %8 euskarazko hedabideetan sartu behar dela. Lekuonak aurreratu digunez, 2014ko txostenak dio publizitate gehiago sartu dela euskarazko hedabideetan gaztelaniazkoetan baino.


 

Alberto Barandiaran, Hekimeneko zuzendaria
“Orain, datuak ezagutu ondoren, Jaurlaritzarengana jotzeko ordua da”

Zergatik jarri du Hekimenek (Euskal Hedabideen Elkartea) fokua publizitate instituzionalaren kudeaketan?

Hekimenek sortze beretik esan du publizitatea landu beharreko gaia dela. Publizitate instituzionala, eta publizitate komertzial bateratua. Publizitate bateratuaren inguruan urratsak egin ditugu aurten, eta Gipuzkoako Foru Aldundian eskaintza bateratua egin dugu Hekimeneko Gipuzkoako hedabideen artean, eta emaitza oso ona izan da. Orain, beste esparru batzuetara nola zabaldu aztertzen ari gara.

Publizitate instituzionalari dagokionez, iaz Legebiltzarrean eskatu genituen Jaurlaritzak egindako publizitatearen datuak, eta duela gutxi ezagutu ditugu. Guk uste genuena baino txarragoak dira: %2-3 inguruan dabil Jaurlaritzak euskal hedabide ez publikoetan egiten duen publizitatearen kopurua. Oso-oso gutxi da hori.

Zein irizpide erabiltzen ditu Eusko Jaurlaritzak publizitatea hedabide batean edo bestean banatzeko? Eta Hekimenen ustez, zeintzuk beharko lukete irizpideak?

Ez ditugu ezagutzen Eusko Jaurlaritzaren irizpideak publizitatea banatzeko orduan. Hekimenen ustez, irizpide horiek zentzuzkoak izan beharko lirateke, zuzenak eta objektiboak. Eta iruditzen zaigu elebiduna dela dioen administrazio batean, euskal hedabideetan, euskara hutsean transmititzen duten hedabideetan, kanpaina publikoek askoz ere presentzia handiagoa izan beharko luketela.

Gai hau lantzen ari al da Hekimen Eusko Jaurlaritzarekin?

Hekimen gaia lantzen ari da sektore barruan, identifikatzeko ondo nola egin behar dugun lanketa hori, eta identifikatzeko zein izan behar duten helburuek. Laster urratsak egingo ditugun itxaropena daukagu. Orain, datuak ezagutu ondoren, Jaurlaritzarengana jotzeko ordua da.

Foru Aldundiek nola kudeatzen dute gai hau? Badira txosten publikoak? Aztertu dituzue? Ados zaudete hauen irizpideekin?

Foru Aldundiek bakoitzak bere erara kudeatzen dituzte gai hauek, eta ez dago irizpide batasunik. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, esaterako, hainbat kanpaina eraman ditugu aurrera 2014an zehar, eta espero dugu aurrerantzean ere horrela jarraitzea. Oso balorazio ona egin dugu egin den lan horren inguruan. Bizkaiko Foru Aldundiari gaia proposatu genion, baina erantzun ziguten haiek ez dutela publizitaterik sartzen diruz laguntzen dituzten hedabideetan. Iruditzen zaigu hor ere badagoela zer landu: zer den diru-laguntza politikoa, eta zer den eskaintza komertziala. Horri guztiari heltzeko garaia da orain.


Euskara kanaletik interesatuko zaizu...
Beńat Garaio eta Ane Pedruzo
"EuskarAbentura hiztun gazteen aktibazio dinamika da, udaldian beteko dena"

Euskaldunaren aktibazioa helburu, hamaika ekimen berritzaile dira bazterretan. Horietan bat da EuskarAbentura, uztailaren lehenengoan Maulen hasi eta hil beraren 31n Getxon amaituko den ibilia. Zazpi euskal herrietako 110 gaztek hartuko dute parte; tartean, bi diasporakoak izango dira, bata Argentinako Patagoniakoa eta bestea AEBetako Washington Hirikoa. Ane Pedruzo Redondo (Gasteiz, 1985) Oihaneder Euskararen Etxeko teknikaria, eta Beñat Garaio Mendizabal (Gasteiz, 1990),... [+]


2018-06-20 | Booktegi
"Identitate aldaezin, finko eta esentzialistak ere gure artean daude, tamalez"
MULTIMEDIA - elkarrizketa

Lutxo Egia idazlearekin solasean. Besteak beste, 'Identitarteak' lanaren eta Euskaraldiaren inguruan hitz egin du. Liburua ondorengo estekan deskargatu daiteke: www.booktegi.eus/liburu.php?id=109


2018-06-20 | Udaltop topaketak
Bi gehi bi lau ez direnean: herrigintzaren magia. Hamaika gako herritarren aktibazioan
MULTIMEDIA - solasaldia

EHUko Zesar Martínez García, Soziolinguistika Klusterreko Imanol Larrea Mendizabal eta Emuneko Amaia Balda Etxarteren hitzaldia 2018ko Udaltop jardunaldietan.


2018-06-18 | Udaltop topaketak
Maleta bete belarritako
MULTIMEDIA - solasaldia

Bergarako Aranzadi Ikastolako Ane Barruso Lazkano eta Bergarako Udaleko Estepan Plazaola Otaduiren hitzaldia 2018ko Udaltop jardunaldietan.


"Mingaina dantzan" kanpaldia
Gaztetxoek euskaraz gehiago egiteko erremintak esperimentatzen

2017ko uda, Mundaka. Mingaina dantzan udalekuak antolatu zituzten Eusko Jaurlaritzak, Ebete hizkuntza-aholkularitza enpresak eta Ttakun Kultur Elkarteak. Helburua: 13-14 urteko gaztetxoek euskaraz ahalik eta gehien egitea. Baziren beste bi helburu ere: nerabeek ondo pasatzea eta erabilera areagotzeko tresnen baliagarritasuna probatzea. Nerabeak poz-pozik itzuli ziren etxera eta antolatzaileek esperimentua errepikatzea erabaki zuten. Uztailean Berrizen elkartuko dira gaztetxoak eta begiraleak.


2018-06-14 | Udaltop topaketak
Nola antolatzen ari da 2018ko Euskaraldia tokian toki? BAM, Baztan eta Zarautz
MULTIMEDIA - solasaldia

Baztango Udaleko Eneritz Rekarte Bengoetxea, Ipar Euskal Herriko Euskaraldia ekimeneko Jenofa Berhokoirigoin Hirigarai eta Zarauzko Euskaraldiko kide Rita Aldabaldetreku Glez. De Txabarriren hitzaldia 2018ko Udaltop jardunaldietan.


2018-06-13 | ARGIA
"Mediku on eta euskaldunak gara!"

Aurten ere, ozen mintzatu dira ikasleak EHUko Medikuntzako graduazio ekitaldian. Euskarazko ikasketak aldarrikatzeaz gain, praktiketan ikasleek maiz jasotzen duten tratu txarra eta emakumeek jasan behar izaten duten matxismoa salatu dute (bideoa albiste bukaeran).


2018-06-13 | ARGIA
Bilboko Erreka tabernan jasotako erantzun euskarafoboa salatu du bezero batek

Bilboko Plaza Berrian dagoen Erreka tabernan kafea euskaraz eskatu ostean gertatutakoa kontatu du Twitterren bezero batek. "Ez daukat euskaraz jakin beharrik, goi mailako ikasketak dauzkat, eta zuk?", erantzun ziola zerbitzariak salatu du.


2018-06-13 | Goiena
Sabin Salaberri: "Errepertorioaren erdia zentsuratuta genuen"

Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatutako hamasei lagunetako bat da aramaioarra, nahiz eta dioen "ohore handiegia" dela berak egindako lanerako.


2018-06-13 | Uriola.eus
Euskara: erosotasunetik homogeneo eta masibo izatera

Gemma Sanginesek eta Pello Jauregik azaroaren 23tik abenduaren 3ra Ahobizi eta Belarriprest gisa jarduteko argibideak eman dituzte Euskaltzaindian, Bilboko Euskaraldiak antolatutako berbaldian.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude