Kataluniako Gobernuak indarkeriaren monopolioaren transferentzia demokratikoa lortu nahi du jatorrizko (Espainiako) Estatuaren legalitatearen baitan. Baldintza horietan, Estatu berriaren nazioarteko aitortza automatikoa izaten da. Hala ere, erreferenduma baimentzen duten jatorrizko estatuek abantaila handiak dituzte sezesio prozesua geratzeko, besteak beste hiru arrazoirengatik:
A) Jatorrizko Estatuak erreferendumaren baldintzak eta denborak negoziatzeko abantaila du. B) Estatu batek erabakitzeko eskubidea onartu badio lurralde bati, erreferendumean botoa eman behar dutenen arteko parte batek independentziak sor dezakeen ezegonkortasun ekonomikoaren aurrean ezezkoaren alde egin dezake, sezesioa gauzatzeko denbora izango duela pentsatuz betiere. Eta C) Jatorrizko Estatuak estatu aparatu osoa dauka bere zerbitzura erreferendumaren kanpainan eta aurretik bere aldeko posizioak sendotzeko.
Bestela esanda, erreferenduma hasieratik adosten bada ez da egongo muturreko tentsio egoerarik eta horrek zaildu egiten ditu independentziaren aldeko posizioak indartzea. Katalunian, ordea, gertatzen ari dena kontrakoa da, tentsioa igotzen ari da nazio izaera aitortzeko eskaera ukatu diotelako eta ondoren erabakitzeko eskubidea ukatu nahi izan diotelako. Espainiak geroz eta beranduago adosten badu erreferenduma egitea Katalunian, orduan eta ahulagoa izango da bere posizioa agenda kontrolatzeko eta sezesioa saihesteko.
Azaroaren 9ko kontsulta zerbaitengatik izan bazen arrakastatsua, desobedientzia zibileko ariketa neurtua izan zelako da, mugatua baina oso adierazgarria lortu zuen babes mailarengatik. Botere esparru soberanoa irudikatu eta egikaritu zen Espainiako Estatuaren kontroletik kanpo. Kataluniako jendartearen parte esanguratsu batek bozkatu egin zuen Espainiako legeek eta erakundeek agindu zuten debekua desobedituz.
Hala ere, Espainiako Estatuak oraindik tresna ugari ditu bere esku Kataluniako desanexio prozesua oztopatzeko. Hauteskunde “plebiszitarioen” aurretik erreferenduma adosten badu, legalitate katalanerako trantsizio bidea geratu eta espainiar legalitatearen parametroetara bueltatzeko gaitasuna izango luke. Baina ez dirudi horrela izango denik. Hauteskundeen ostean eta balizko alde bakarreko independentziaren aldarrikapenaren aurretik egiten badu, Espainiak oraindik agenda eta erreferenduma kontrolatzeko boterea izango du partzialki, nahiz eta oso ahulduta egon. Berriz, Kataluniako Estatuaren aldarrikapen sinesgarriaren ostean negoziatzen badu, nazioarteko presio pean negoziazio orekatuagoa emango litzateke bi gobernuen artean eta Kataluniako legalitate berria indartuta legoke.
Hiru aspektu nagusi agertu daitezke negoziaketa batean: gutxieneko partaidetza eskatzea erreferendumean, desanexioa gauzatzeko eta denborak (datak) zehazteko gehiengo bereziak behar izatea. Gogoratu Eskozian edo Montenegron gertatua, jatorrizko estatuentzat bi desanexio proposamenak merkeak izan arren, baldintzak inposatu zitzaizkien. Eskozian nazionalistek hiru erantzun posible nahi zituzten, baina Londresek data eta bi erantzun inposatu zituen. Montenegron hiru baldintza inposatu ziren: hiru urtetan erreferendumik ez izatea, gutxieneko partaidetza %50 izatea eta desanexioa gauzatzeko baiezko botoek %55eko langa gainditzea.
Katalunia ez dago prest Abkhaziak edo Kosovok bizi duten linbo ezegonkorrean egoteko, negoziatuko du nahiz eta independentzia aldarrikatu. Espainiak aldiz, galtzeko hainbeste duenez, itsututa dago. Alabaina nazioarteko presioak negoziatzera behartuko du lehenago edo geroago.