1
Soka luze bat trentzatu dugu
zentimetroz zentimetro,
trapu zahar zein oihal berriak
eguzkitan haizatzeko.
Zer ote euskal? Zer da kultura?
Zer dugu transmititzeko?
Zenbait galdera zintzilikatu
ditugu dagoeneko,
ez al da hori lehen baldintza
erantzunak aurkitzeko?
2
Zer dugu euskal? Konnotazio
ezberdindun bi silaba.
Beraz euskaldun, nor da euskaldun?
Mintzo duena euskara.
Hizkuntza bat da historia bat
eta euskara zer da ba?
Ez da gaurdaino biziraun duen
iraganaren alaba,
iraganetik honaino heldu
izanaren emaitza da.
3
Kultura zer da? Egunkari bat
osorik orririk orri.
Ta kulturgintza? Gure sorkuntza
artistikoen jatorri.
Bide luzea egin dugu ta
aitortza zor zaio horri;
Arantzazutik abiatuta
Urbiaraino etorri,
baina oraindik urruti samar
ikusten dugu Aizkorri.
4
Ondorengoei transmititzeko
euskaldunok zer dugu ba?
Lehengoengadik jasotakoa:
hizkuntza eta kultura.
Korronte hori da jarraidura
ostera irekidura,
da egotea herri txiki bat
zabal-zabalik mundura.
Zer gara beraz, izotz hauskorra
edo mugitzen den ura?
5
Sarasuaren hitz ho(r)iek denak
haizetara dakartzagu,
dagoeneko soka ez dago
hasieran bezain malgu.
Eskegi dugu teoria eta
praktika zelan daukagu?
Egungo Euskal Kulturgintzaren
isla baldin bagara gu,
jakin-mina du, gaztea da eta
emakume ahotsa du.
6
Aldiz gorputza dantzari baten
soin mugikorra litzake,
jai guztietan euskara hutsean
hartu ohi duena parte.
Izan Ziburu, Oion, Ituren,
Barakaldo zein Lasarte,
sua pizteko ez dago zertan
jo Zugarramurdira arte,
akelarrea nork bere herriko
plazan hasi baitezake.
7
Aktore baten aurpegia du,
antzik ez du inorenik,
ezezagunei ere euskaraz
egiten die lehenik,
baina ulertzen ez badiote
agurtzeko dioenik,
antzezpen bako irribarre bat
egiten die azkenik;
“ongi etorri”-ren sinonimo da
ta ez du behar itzulpenik.
8
Kulturgintzatik herrigintzara
pasa nahi dugun honetan,
sokaren bueltan bilduko gara
hilean behin gogoetan,
gure ideiak idatzi gura
genituzke oihaletan,
gero haizatu, josi, tolestu,
nahiz zintzilik laga bertan…
Ez daitezela behintzat geratu
preso kajoi bazterretan.