1941eko abenduaren 7an hegazkin japoniarrek Pearl Harborri eraso zioten eta estatubatuarrak etsaiak alde guztietan ikusten hasi ziren –ohi baino gehiago–. Luftwaffek Londres bonbardatu izanak paranoia areagotu besterik ez zuen egin. Hartara, Eguberrien atarian, AEBetako goi kargu militar batek erasoez babesteko protokolo sorta diseinatu zuen.
Bonbardaketak gauez izan ohi ziren, eta horregatik Gabonetako argiak murriztu zituzten,eraikin publiko nabarmenetan batik bat. Etxebizitza partikularretan zuhaitza etxe barruan jartzeko gomendatu zuten. Gainera, eraikin nagusietako kupulak, teilatuak eta terrazak beltzez margotzen hasi ziren, gaueko iluntasunean kamuflatzeko. Etxe Zurian gortina beltzak eta leiho blindatuak jarri zituzten eta fatxada beltzez margotzeko asmoa ere bazuten, Franklin D. Roosevelt presidenteak ezezko borobila eman zuen arte. Baina Laffayette plazako ohiko zuhaitza ez jartzea onartu zuen eta horren ordez aurrerantzean ere Zuria izango zen Etxearen hegoaldeko lorategian ipini zuten.