argia.eus
INPRIMATU
Corellarra
Jakoba Errekondo 2014ko abenduaren 04a
'Cinchona pubescens' espezieko aleak. Juan José Tafalla corellarrak 43 kina espezie aurkitu zituen Hego Amerikan egindako hainbat espedizio botanikotan.
'Cinchona pubescens' espezieko aleak. Juan José Tafalla corellarrak 43 kina espezie aurkitu zituen Hego Amerikan egindako hainbat espedizio botanikotan.

Espeletia, Uribei, Aristeguieta, Echeverria, Lardizabala, Larrea, Lastarriaea, Ercilla, Luzuriaga, Ochagavia eta Urmenetea izenez gain, botanikak badu beste euskaldun asko: Abasoloa, Aldama, Alzatea, Arrabidea, Azaola, Berroetea, Echeandia, Echeverria, Gardoquia, Iriartea, Iriartella, Ignatia, Lexarza, Mendoza, Mendozia, Saracha, Tafalla, Ulloa, Unanuea... Gehiago ere izan dira. Lasai, etorriko dira eta. Edo, nahi izatera, zerorrek ekarri.

Tafalla izenak historia bitxia du. Juan José Tafalla Nabasqués (1755-1811) corellarrari zor zaio. Ameriketak egitera joanda, soldadu ari zela, garai hartako bidaldi botaniko esanguratsuenetako batean laguntzaile hasteko aukera baliatu zuen. Expedición Botánica al Virreinato del Perú, Ruiz eta Pavón botanikari ospetsuek zuzendu zuten. Handik aurrera ez zuen beste ezer egin. Baita botanikariok Madrilgo Jardin Botanikoaren erosotasunera erretiratzea erabaki zutenean ere; bere gisa jarraitu zuen. Ekuadorko eta Peruko landaredia beste edozein europarrek ez bezala ezagutu zituen. Bereziki kina espezieak (Cinchona sp) landu zituen. Orduko sendagai begikoetako bat zen, eta etekin samurrak antzematen zitzaizkion. Bere irakasle eta nagusi izan zenak, Ruizek, zazpi espezie aurkitu zituen; Tafallak 43.

Landare ugari aurkitu eta haien haziak, landareak, bildumetarako laginak... zer ez zuen prantatu eta Espainiara igorri. Ordura arte ezezagunak ziren makina bat landare ere bai. Ikaragarrizko pagotxa zuten Madrilen. Tafalla jauna oihanean, aihotza astintzen, eta beraiek, belusezko besaulki erosoetan ospea puzten. Madrilen jarri zioten izena Ameriketan lehenengoz aurkitutako landare askori. Hango jauntxoak omentzen dituzten izenak, gehienbat: Unanuea, Cavanillesia... Bere izena jarri zioten genero bati, baina aurrez beste izen bat zuen hark... Propio egina ote? Gero, Tafalla izena beste genero bati ezarri zaio, eta botanikari askok bere omenezko bigarren izena eman diote beste batzuei: Mikania tafallana, Ornithidium tafalla, Solanum tafalla, Willoughbya tafallana...

Limako Jardin Botanikoa eta hango unibertsitateko botanika katedra ere sortu zituen. Egindako aurkikuntzak argitaratu balitu, bere garaiko botanikari handienetakotzat genuke corellarra.