argia.eus
INPRIMATU
Confebask eta elkarrizketa sozialerako mahaia
Juan Mari Arregi 2014ko abenduaren 04a

Eusko Jaurlaritzak elkarrizketa sozialerako mahaia deitu du abenduko lehenengo astean. Gobernua, patronala eta sindikatuak izango lirateke protagonista. Baina azken egunotan gertaera larri bat jazo da eta Jaurlaritzak mahaia bertan behera utzi beharko luke. ELAk eta LABek sarbidea izan dute Confebaskek egindako dokumentu batera, eta bertan patronalak proposatzen du bi sindikatu horiek erakunde sindikalen erregistrotik ezabatu ahal izatea, “lan arlotik kanpoko” iritzi eta jarduerekin jarraitzen badute. Dokumentua ukatu egin du Confebaskek, baina sindikatuek esan dute egilea bera dela. Antza, Espainiako Gobernuak erakunde sindikal eta patronalen inguruan darabilen proiektu bati euskal enpresarien konfederakuntzak egindako ekarpena da. Hori baieztatzen bada, aldarrikapenak egiten dituen eta subiranoa den sindikatu oro legez kanpo uztea litzateke. ELA ez da handikerian erori Confebask “golpista” moduan deskribatu duenean.

Testuinguru horretan, elkarrizketa sozialerako mahaiak bertan behera geratu beharko luke, areago ELA eta LAB sindikatuek haren kontrako jarrera azaldu dutenean. Hori koartada bezala erabili dezakete sindikatu abertzaleak legez kanporatzeko, aldiz, haiek legez kanpo uztea helburu duen patronalarekin esertzea ere, helburu horri berari hauspoa ematea litzateke. Eusko Jaurlaritzak eta beste sindikatuek kontuan izan behar lukete egoera zein den, eta jarrera ez badu aldatzen, Confebask bakarrik utzi beharko lukete. Euskal Herriak egun dituen arazoak oso larriak dira: gazteen langabezia –gazteen erdiak baino gehiagok ez du ez lanik ez etorkizunik– eta 45 urtetik gorakoena, adibidez. Gehiengo sindikala osatzen duten ELA eta LAB legez kanpo uzteko moduan gaude… Confebaskek kontu hau argitu beharko luke neurri zehatzekin, hitzekin soilik ez du balio.