EEE selektiboak izan ziren TSkoak, langile batzuk zigortzeko

EEE selektiboak izan ziren TSkoak, langile batzuk zigortzeko

Ion Basurko Flores naiz, mutrikuarra, eta 40 urte ditut. Hamasei urtez TS Fundicionesen lanean aritu ondoren, langabezian nago iazko azaroan enpresa itxi zutenetik.

Oso urte gogorrak bizitzen ari gara. Orainaldian diot, enpresa itxita egon arren, hartzekodunen lehiaketan sartuta baitago, eta egoerari buelta eman eta enpresa berriz martxan jartzeko aukera ikusten baitugu. Ez gaude etsitzeko. Ezagutzen ditugu enpresa itxi eta berehala amore eman dutenak, langileak batu ez direlako edo muturreko egoera horretan beren esku-hartzearen balioaz jabetu ez direlako.

2013ko azaroan itxi zuten TS Fundiciones eta 150 langile geratu ginen kalean. Ondorengo sei hilabeteak zentimo bat bera ere kobratu gabe igaro genituen, eta izugarrizko estutasunak pasa behar izan ditugu etxean. Bikotekidearekin eta bi seme txikirekin bizi naiz, eta hipoteka daukagu ordaintzeko. Bikotekideak denbora erdiz egiten du lan, eta iritsi ezinda ibili gara. Bi hilabetetan hipoteka ordaindu ezin eta desjabetzeko prozesu juridikoan sartzen zara. Ingurukoei laguntza eskatzea besterik ez zaizu geratzen, baina joan egin behar da familiarengana diru beharrean zaudela azaltzera… Semeei ere esplikatu behar diezu Olentzero gurasoak garela, eta aurtengoan ezin izango diegula zuhaitz azpian ezer handirik utzi. Momentu honetan ondo gaude, dagoeneko langabezia prestazioa kobratzen ari bainaiz, baina urtebeteren buruan bukatuko zait.

TS Fundicioneseko langileon borroka lehendik dator. Bospasei urte izango dira enpresak bi lantegi zituela, 345 langile. Une gorena zen, baina erortzen hasi zen pixkanaka. Inguruan ixten ari ziren enpresa batzuk ezagutzen genituen, baina gurea ez genuen hain muturreko egoeran irudikatzen. Bi lantegi izatetik bakarrera pasa ginen aurrena, taldetxoak kaleratzen hasi ziren eta ondoren EEEi heldu zion zuzendaritzak. EEE oso selektiboak izan ziren, aukeratutako jendea izan zen horietan sartu zutena, eta nolabaiteko zigorra izan zen batzuentzat. Horren ondorioz, gaur egun langabezia prestazioak oso desberdinak dira langile batetik bestera; batzuoi urtebetekoa geratzen zaigun bitartean, beste batzuek dagoeneko ez daukate ezer. Bitarte horretan, enpresaburuek mugimendu bereziak egin zituzten, inbertsioak han eta hemen, dirua xahutu…
2013ko urrian geratu zen enpresa, baina gu ez geunden kaleratuta oraindik eta lantegira joaten jarraitu genuen. Langile guztiok elkartu eta borroka estrategia prestatzen zortzi ordu ematen genituen egunero. Alde batetik, gure egoera kalera atera beharra geneukan, eta parodiak egin genituen Kutxa aurrean, hiru eguneko itxialdia enpresan… Eskualdean izugarrizko babesa izan dugu. Bestalde, hartzekodunen lehiaketan sartzekoak ginela eta, gure aldetik erostun bat bilatzen ahalegindu gara, TSko langileok lehentasunen artean jarriko gaituena. Eta gaurko egoera horixe da, presioa egiten jarraituko dugu, administratzaileak erostunen artean TSko langileon alde egingo duen enpresa bat aukeratu eta enpresa bideragarri egin dezan.