Nola konbentzitu gurasoak eskolako hizkuntzak kitxua behar duela izan

  • Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrak gonbidaturik, Gasteizen izan zen iragan urriaren hondarrean Utta von Gleich hizkuntzalari alemana Kultura arteko hezkuntza elebiduna Perun eta Bolivian mintegian. Von Gleich doktorea anitz urtez aritu da hizkuntza-kooperazioari loturiko gaiak ikertzen, eta kitxua-gaztelania eskolatze elebidunari dagozkionak berebat.

Itziar Idiazabal Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedraren koordinatzailea Utta von Gliech hizkuntzalari alemaniarrarekin.
Itziar Idiazabal Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedraren koordinatzailea Utta von Gliech hizkuntzalari alemaniarrarekin.

Iragan mendeko 70eko hamarraldian, pobreziaren kontrako borrokaren barne, hezkuntza egitasmoak aitzinatzen hasi zen Alemaniako Gobernua. Xedea, indigenen heziketa maila goititzea, haien hizkuntzak hezkuntzaraino eramanez. Pobreziaren kontrako kooperazio egitasmoek hizkuntza kooperazioa aintzatetsi eta lekuan lekuko hizkuntza indigenen egoera ontzat harturik gauzatzen hasi ziren, Munduko Bankuaren eta Munduko Banku Iberoamerikarraren funtsek lagundurik.

Zein da Europako eta Peru, Bolivia eta gainerateko herrialdeen arteko kooperazioaren historia? Deigarri da hizkuntza indigenak ere kontuan hartzea.

Alemaniaren eta Latinoamerikaren arteko kooperazioak aldebiko hitzarmenak ditu oinarri. 60ko hamarkadan hasi zen gisako kolaborazioa, Ekonomiaren Garapenerako Latinoamerikako Kontseiluaren bidez. Ez zen, beraz, hizkuntzaren gaineko kezkarik. Halarik ere, berehala jabetu ziren populazioaren zati handi bat bazterturik bizi zela Latinoamerikako herrialde guziz gehienetan. Horra, froga, Munduko Bankuaren azterketa, arras erakusten baitzuen indiar izateak pobre izatea eta hizkuntza galtzea erran nahi duela. Nazioarteko erakunde hau kritika latzak jasoa zen, aberatsentzako klub kapitalista hutsa zela eta hau eta hura egotzi zioten, baina garai hartan soziologo eta politologo talde bat eratu zuten, zenbait azterketa egiteko asmoz. Munduko Bankuaren eta Banku Iberoamerikarraren politika prestatzeko balio izan zuen.

Europan, hain zuzen, sasoi hartan Alemaniak zuen lidergoa. 70eko hamarkadan, pobrezia eta populazio indigenen bazterketaren kontra egiteko giroa sortu zen. Horixe zen leloa ere: “Pobreziaren kontra”. Eta zein da pobreziaren kontrako antidotoa? “Hezkuntza!”, erran izan da oraindaino. Jakina, berehala dator ondoko galdera: “Nolako hezkuntza?”.

Eta nolakoa zen ordu arteko hezkuntza Latinoamerikako herrialdeetan?

Ordu arte, gaztelania hutsez egiten zuten. Eta eskola uzten zuten, edo errepikatzen zuten ikasleen tasa, alimalekoa zen. Ez nago kopuruak azaltzeko moduan, baina, garai hartan, haur batek, Andeetan, hirugarren maila arte egingo zuen eskolan, eta bitartean, hiru aldiz errepikatuko zuen: zazpi-zortzi urte emanen zituen eskolan, eta handik irtetean, ez zuen jakinen leitzen ez izkiriatzen. Horixe zen egoera, eta huraxe hobetzea zen gure nahia. Gogoan ditut eztabaida teorikoak, eta egin ohi zen lehenbiziko galdera hura: “Haurrak espainolez konprenitzen ez duelarik, zer egin?”. “Bere ama-hizkuntzan erakutsi!”. Baina talde indigenak gutiengo sozial dira Latinoamerikan, ez dute botorik ez bozik parlamentuetan. Bazterkeriatik irteteko, gaztelania ikasi nahi dute! 70eko hamarkadan, horixe izan zen gure lehenbiziko egitekoa: “Haurrak lehenbizi bere ama-hizkuntzan ongi ikasten badu, errazago ikasiko du, gero, bigarren hizkuntzan. Garatuagoak izanen ditu hala alderdi kognitiboa nola emozionala”. Horixe izan zen Lehen Hezkuntza elebidunaren abiapuntua, eskola publikoan betiere.

Gutiengo indigenak, erran duzunez, gaztelaniaz ikasteko porrokatzen omen dira. Zuek, aldiz, kitxuaz irakatsi nahi diezue hasmentan.

Bide mingarria izan da. Laborariak, hasteko, erranen dizu gaztelaniaz ikas dezan igorri duela semea eskolara, kitxuaz badakielako lehendik ere. Gure eginkizuna da, bertzalde, gurasoei zuzen esplikatzea bi hizkuntza ikasi ezinik ez dela; erran nahi baita, aldi berean ikasi bi hizkuntzak. Nolanahi ere den, gure lana ez zen aski izan, eta kitxuaz ikasteko eskaintza egin ohi zen. Bertzalde, kanpotik zetorren zernahi proiektuk izugarri lagundu zuen eskolaren kalitatea hobetzen, eta horrek gurasoek jarrera aldatzea eragin zuen, erraten baitzuten: “Hezkuntza elebiduna bada ere, ontzat emanen dugu, baina eskolak maila ona duelako, ez bertze deusengatik!”. Edo, menturaz, bazkaria ere ematen ahal zen erran delako eskolan! Nazioarteko zernahi proiektu ere erakargarri zitzaion laborariari, oro har, salbu eta talde ttipi bati; fundamentalistak, errateko maneran: “Hemen ditugu behin, bitan eta hiruretan, misiolariak beti, gu antzaldatu nahirik, gizartearen gehiengoan integra gaitezen, gure kultura errespetatzeko asmorik ez deusik gabe!”. Horrela erraten zuten, guti goiti-beheiti. Eta oroit naiz “kultura” solasa ematen zutela, ez “hizkuntza”. Hezkuntza elebitan egiteko proiektuak aitzinatzen hasi ziren 70eko eta 80ko hamarkadetan, dela Perun, Bolivian edo Ekuadorren.

Zein ziren proiektuen ezaugarriak?

Batzuk trantsiziozko proiektuak ziren, ez zuten hiru urte bertzerik irauten. Handik goiti, gaztelaniaz hasten ziren ikasten. Nik “tranpolin proiektuak” deitzen ahal ditut, hizkuntza batean ari baitira lanean, baina bertze batean ikasteko esperoan. Ez dute emaitza onik eman, ez ama-hizkuntzan, ez bigarrenean ere. Erran nahi baita, haurrak lau-bost urte egiten baditu lehen hezkuntzako ikastetxe batean –ikasle pobrez osatutako batean guziz gehienetan–, eta lau horietarik bi geroan presentziarik izanen ez duen hizkuntza bat –amaren hizkuntza–, lantzen ematen baduzu, eta ondoren, bertze bi egiten badituzu espainola irakasten… bada, emaitzak ez dira onak, ez hizkuntza batean, ez bertzean. Horrek, zerutik jakina da, gogoeta ekarri zuen: “Zerbait aldatu behar dugu!”. Eta “zerbait” hori Kanadako eskola elebidunetatik heldu zen: lehen hezkuntza, osorik, ama-hizkuntzan egitea asmatu genuen, bi hizkuntzen estatusak berdintzeko.

Zer duzu “bi hizkuntzen estatusak berdintzea”?

Biek sarrera berdina izatea irakaskuntzan, erdia kitxua, erdia gaztelania. Hori zen gogoeta: eskubide berdinak behar zituzten bi hizkuntzek. Baina hori ere ez da aski, bistan denez. Bi edalontzi dituzularik, bata kasik guziz beterik, eta bertzea, aldiz, erdi hutsik, ezin zintezke berdin aritu. Gaztelania bigarren hizkuntzatzat irakasteak ez zuen emaitza onik… 80ko hamarkada arte, bertzalde, ez zen afera horren inguruko kezkarik. Irakasleak ere ez ziren behar bezain ongi prestatuak, segur! Gaztelania irakasten hasi eta erraten ahal zuten: “Tira, haurra aski poliki moldatzen da!”. Ondoren, metodo aspergarri bati lotu zitzaizkion, espainolaren gramatika eta bertze irakasten. Hortik ere ez zen onik heldu. Nolanahi ere den, 1986an berean kultura arteko hezkuntza elebidunari buruzko sinposio latinoamerikarrak egiten hasi ginen. Alemaniatik bultzatu genuen bilkura hura: aste bat hartu genuen, osorik, gogoeta egiteko. Gure lana hobetzeko bideak aztertzen hasi ginen, galdezka geure buruari: “Zer behar dugu? Gurasoak konbentzitu, ama-hizkuntza atxiki dezaten? Aldi berean, elebitasun egonkor bat soluzioa izan zitekeela esplikatu, “kitxua ala gaztelania” hautatu beharrik gabe?”…

Zein izatu zen erantzuna?

Hobetzea lortu genuen, zalantzarik gabe. Trantsiziozko hezkuntza hura baztertu eta mantentzeari buruz solasten hasi ginen, hau da, xedea zen ama-hizkuntza mantentzea, gehi gaztelania bigarren hizkuntzatzat ikastea. Gogoeta hartan bertako irakasleek, akademikoek eta populazio osoaren hezkuntza egoera hobetzeko presioa sentitzen zuten ministerioetako kideek esku hartu zuten.

“Kultura arteko hezkuntza elebiduna” diozu zuk behin, bitan eta hiruretan. Zerendako hori?

80ko hamarkadaren hasmentan, Perun, “hezkuntza elebidun bikulturala” erraten ohi zen. Baina “bikultural” solas horrek ez zuen arrakasta onik izan. Are okerrago, kalapita iturri izatu zen: kulturak banatzen zituen, bietan hazia zen haurra ez zen bitasun horretaz jabetzen, ez zituen bereizten ere. Bertzalde, kolonialismoaren ideologia zaharra ere indarrean zen: kultur zapalkuntza, hizkuntza zapalkuntza, ekonomi dependentzia… eta anitzek ez zuen begi onez ikusten hizkuntz eta kultur gutiengoak prestatzea, gizarte menderatzailearen baitan sartzeko. Hori ez da berdintasunaren bidea, ezta? Demokratikoa ez, inondik ere. Horrela, 80ko hamarkada fini baino lehen, “kultura arteko hezkuntza elebiduna” asmatu zen eta, ordurako ez ginen populazio indigenari buruz bakarrik ari, gizarte edo estatu bateko kide guziei buruz baizik. “Kultura arteko” solasa, finean, Venezuelako soziologo batek asmatu zuen, ordurako gisako esperientziak aitzinatzen ari baitziren herrialde hartan. Nola jokatu gutiengo linguistiko kulturalekin? Programa bereziak asmatu, edo ohiko eskolatzearen bidetik jo? Kultura artekoaren erronka zen, beraz, espainol hiztun elebakarrek gainerako kulturak ezagut zitzaten halako herrialde jakin batean.

Kulturak ezagutzea zen helburua.

Ezagutu, museoan ere ezagutzen zituzten, baina hizkuntza indigenak errespetatzea ere helburuen artean zen. “Hizkuntza? Ez, dialektoa da!”, erraten zuten. 70eko hamarraldiko eztabaida duzu, oraino irauten duena zenbait girotan. 1992tik hona, bertzalde, indigenen mugimendua indartsu dator horri kontra egiten. Latinoamerikaren “aurkikuntza” ospatzeari ekin ziotelarik, jendea ez zen pozik: nahiago du, anitzez, “kulturen arteko topaketa” baliatu, espainolen, edo “europarren” –espainolak ez sobera mintzearren–, eta indigenen arteko topaketaz jarduteko. Errateko, “espainol” solasak ez zuen konnotazio onik kasik guti arte, baina Peruko belaunaldi gazteek ongi ikusten dute Espainia. Haien irudiko, konnotazio txarrik ez du, ez baitakite historia ere, eta ondorioz, ez dute gisako arazorik. Kar, kar…

 

Kultura artekoa

“Eguneroko bizian, kultura artekoak erran nahi du interesa izatea, bertzea nola bizi den, zein iritzi duen, zer jaten duen, nola janzten den… jakiteko interesa, eta horrez gainera, diferentzia onartzea. Hizkuntzari dagokionean, ikasleak motibatzen saiatu dira, unibertsitateko jangeletan kitxuaz solastu daitezen. Ikerketa bat ere egina dute, eta kitxuaz noiz solasten diren galdeturik, haien erantzuna da: ‘Konfiantza dagoenean!’. Lagunak lagunari, bai. Baina unibertsitatean eskolarik kitxuaz ez dago. Garai batean bazen kitxuazko literatura eta linguistika departamendu bat, baina kendu zuten, Sendero Luminoso eta gero, menturaz. Garbiketa egiteko, omen. Hura kendu, eta Enpresa administrazioa jarri zuten, guziz ‘garrantzizko’ gauza baita, kiosko bat zuzendu nahi izanez gero!”


ASTEKARIA
2014ko azaroaren 30a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura aniztasuna
Bizipoza: aniztasun funtzionala, kulturala eta sexuala bistaratzen eta lantzen

Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]


Borderline Fabrika
Arteetatik komunitate arteko nahasketaz gozatzeko gunea

Tarte luze batez espazioa eraldatzen ibili ondoren, azkenik, 2021eko martxoan zabaldu zuten Borderline Fabrika; Hendaiako geltokiaren albo batean dagoen "lan egin eta topatzeko lekua". Proiektua ezagutzeko asmoz, bertako kide eta bultzatzaile den Ander Fernandezekin... [+]


"Ileapaindegi honetan inor ez da ilegala"

GureHaizeak Donostiako Gros auzoan irekiko duten ileapaindegi komunitarioa da. Bost lagunek abiatutako proiektua da, baina kultura desberdinak elkartuko dituen eta auzoan sustraituko den proiektua izatea nahi dute.


“Ongi etorri eskolara” programa
Nola utzi bizkarra emateari

Dorleta Mikeok esango digu elkarrekin baina nahastu gabe bizi garela, ez dagoela bizikidetzarik bertakoen eta beste jatorri batzuetatik etorritako familien artean. Mikeo eta Lola Boluda Donostiako Egia auzoan, Aitor ikastolako jolastokian, abiaburua izan zuen egitasmoa garatzen... [+]


Eguneraketa berriak daude