Plan bat proposatu nahi dizut

  • Laguna berandu datorrelako hasi ote zara hau irakurtzen tabernako barran? Postontzitik hartu ote nauzu egun luze baten ondoren etxera heldu zarenean? Badakit: norbaitek Facebooken jarri duelako –eman eskerrak gure partez– iritsi zara hona. Edonola, asko eskertuko dizut tarte txiki bat hartzea irakurtzeko.

Kontua da, ez dugula jakiten nola leitzen gaituzun. Eta zuk seguruenik ez dakizu nondik idazten dugun Argia. Etxe-orratzaren puntan dagoen erredakzioa etorri zaizu burura? Garaje bat? Salako sofan pijama jantzita lan egiten duen kazetari bat?

Harrigarria da: zenbat gauza esaten diogun elkarri eta ze gutxi dakigun batak besteari buruz. Eta, ez dakit zuk, baina guk batzuetan behar dugu bion artean dagoen kristala erretiratzea. Nor zaren jakin, zergatik zatozen astero aldizkari honetako orrietara edo edozein unetan webgunean jarri duguna ikustera.

Seguru ez garela oso diferenteak. Zuk ere lan egiten duzu, horretarako aukera duzunean, bizimodua aurrera ateratzeko. Dena errazagoa izango zela uste zenuen. Asko aldatu dira gauzak. Eskema zaharrak borratu behar izan dituzu azken urteotan, dena zerotik hasi behar dela dirudi. Aurrera zoaz hala ere. Barre egiten duzu, maite dituzunekin elkartzen zara, bizi zara ahal duzun hoberen, egun bakoitzak ematen dizkizu motiboak “merezi du” esateko.

Argia zuretzat arrazoi horietako bat izatea besterik ez dugu nahi.

Elkarrekin zerbait egiten hasi nahi dugu

Hotza egiten du erredakziotik kanpo. Zuretzako lerro hauek idaztera sartu naizen egunean etxe honetan lan egiten dugunok elkarrengandik gertuxeago sumatu ditut. Taldeko beroan neguak ez du hain gordina ematen. Prozesu baten erdian gaude, gure funtzionatzeko modua ahalik eta parte-hartzaileena izan dadin.

Eta etxe barrurako balio duenak kanporako ere funtziona dezakeela uste dugu. Elkarren arrimuan daukaguna baino hobea den zerbait lortuko dugula. Animatuko ote zinateke gurekin zerbait egitera? Elkartu besterik ez dugu egin behar.

Nola? Noiz? Aukerak ez dira faltako, baina momentuz, Durangoko Azoka datorkigu eta hortik has gaitezke. Zer iruditzen gure standetik pasatzea? Harpideduna bazara, opari bat daukagu zuretzat gordeta, Bixente Ameztoyk aldaketaz beteriko beste garai batean, Trantsizioan, aldizkari hau artean zerukoa zenean, guretzat egin zituen azalen bilduma.

Kaxa txiki batzuk ere aurkituko dituzu gurera bazatoz. ARGIAren harpidetza bana dago barruan eta hazi bat, buztinetan bildurik. Zu bezalako jendeak bere babes ekonomikoa ematen digunean, bizitza pixka bat ematen dio proiektu komunikatibo honi. Eta trukean zuri, edo gurekin gustura egongo dela uste duzun zure lagun horri, bizitza pixka bat ereiteko tresna eman nahi diogu.

Hazi bat oparitu eta negua pasatzean emango du landarea. Hazi asko oparitu eta komunikabide txiki hau baso bihurtuko da, haren gerizpean hitz egingo dugu aldatu denaz eta aldatu behar lukeenaz. Lagunduko diguzu?

Besterik ez nizun esan nahi. Orain zuk zer diozun entzun nahi dut.

ARGIAko harpidetza egin nahi izanez gero, egin klik hemen.


Eguneraketa berriak daude