Nola interpretatuko ote da 2393. urtean gaur hemen bizi dugun XXI. mende hau? The Collapse of Western Civilization fikzio-zientziazko liburuan Naomi Oreskes eta Erik Conway historialariek kontatu dute nola gertatu zen –nola gertatzen ari den?– Mendebaldeko kontsumo zibilizazioa hondamendira eraman zuen kolapsoa.
Barruan mezua daraman botila basamortuan galduta, horra doi-doi 100 orritan mezu kezkagarria zabaltzen duen liburuaren azala: The Collapse of Western Civilization: A View from the Future (Mendebaldeko Zibilizazioaren kolapsoa, etorkizunetik ikusita). Harvard eta Kaliforniako unibertsitateetan historia irakasten duten Naomi Oreskes eta Erik Conwayk plazaratu berri dute. 2010ean argitaratu zuten Merchants of Doubt: How A Handful of Scientists Obscured the Truth on Issues from Tobacco Smoke to Global Warming (Zalantza saltzaileak: Nola zientzialari batzuek lortu zuten egia iluntzea tabakoaren kalteetatik hasita beroketa globaleraino).
Oraingo liburuan jarri dira 2393. urtean bizi den historialari baten larruazalean. Txinako Bigarren Herri Errepublikan bizi da, eta puntu honekin hasieratik markatzen dute beren hipotesiaren ezaugarrietako bat: beste ezein herrialdek baino aukera handiagoz Txinak iraun lezakeela XXI. mendean planetari egokituko zaizkion kalamitateen artetik pasa ostean.
Etorkizunetik begiratuta –fikzioa delako ez bedi gehiegi lasaitu irakurlea– 2023. urtean nozitu zuen Lurrak sekulako astinaldia, “urte osoan uda” izan baitzen. Idazkian diotenez, “500.000 pertsona hil zituen beroaldi handi hark, 500.000 milioi dolarreko kalteak eragin sute, uzta galtze eta azienden eta etxeko animalien hiltzearekin. Etxeetako katu eta zakurren galerak [jakien urritasunagatik, antza] bereziki asaldatu zituen Mendebalde aberatseko jendeak, baina 2023an berezia gertatu zen egoera hura geroztik normaltasun berria bilakatu zen”.
Geroztik, XXI. osoan zehar mamitu zen, inork hori saihestea lortu gaberik, zientzialariek eta beste askok aurretik iragarritako hondamendia: Afrika eta Ozeaniako populazio osoak desagertu ziren, klimaren aldaketak ekarri zituen mundu osoan zehar idorteak, janaririk eza, itsasoa lehorrean sartzea, liskarrak, gerra zibilak, 1.000 milioi jende baino gehiagoren migrazioa eta lege martzialak erabiltzen zituzten sistema politikoen nagusitzea.
Fikzio-zientziazkoa den arren, liburuan 2013a baino lehenagokoaz idatzitako guztia da benetan gertatua. 2013tik aurrera asmatu dutena, diote historialariek, idatzi dute oinarrituta dagoenekoz frogatuta dagoen ebidentzia zientifikoan. Urakanak gero eta bortitzagoak izango direla jadanik badakigu. Itsas maila igotzeaz eta Artikoaren mendebaldeko izotz geruza galtzeaz froga zientifiko oso sendoak dauzkagu jadanik. Klimaren berotzeak lehorteak eta janarien urritzea dakartzala dakigun moduan.
“Mendebaldeko zibilizazioko jendeak –dio 2393ko ustezko historialariak– bazekien zer ari zen gertatzen baina ez zen gai izan hura gelditzeko. Gertakizun haietan nabarmenena da hain zuzen zenbat informazio zeukan jende hark eta zer nolako ezintasuna zeukaten zekitena ekintza bihurtzeko. Ezagutza ez zen bilakatu ahalmen”.
Ingurumen aferez ari den Living on Earth (Lurrean Bizi) gunean elkarrizketatu dute bi idazleetatik Naomi Oreskes. Kazetariari azaldu dionez, bera bezala Erik Conway kezkatuta daude “jendea ez delako ohartzen klimaren aldaketak dakarrenaz, askok uste dute Artikoko hartz zurien kontua dela. Guk azaldu nahi diegu gu guztioi eragiten digula, gure bizimoduari baina baita gure instituzioei ere, erakunde ekonomiko, politiko eta sozialei”.
Aurreko Merchants of Doubt liburuan, historialariok azaldua zuten nola korporazioek antolatu duten klimaren aldaketari buruzko zalantzak zabaltzeko borroka, beldur zirelako egia zientifikoak auzitan jarri zitzakeela demokrazia liberala, enpresa librea, eta beste. Oraingoan nabarmendu nahi dute historiaren ironia, nola egia ukatzearen poderioz munduan eragin zuten kataklismoak ekarri zuen kapitalismo liberalaren suntsiketa.
Txina aipatzen dute XXI. mende gatazkatsua ondoen gainditu zuen herrialdetzat, bi arrazoirengatik. Batetik, historiarik luzeena daukan herrialdea baldin bada, bizirauteko probabilitate estatistiko handienak berak dauzka. Bestetik, aitortuz Txina urteotan aritu dela beste inor baino astoago ingurumenaren erabileran, Txinako sistemak erakutsi du ahalmena daukala justu kontrako norabidean ere jauzi handiak egiteko, diziplina eta antolaketa handiz.
Txina ez bezala, paradoxa iruditu arren, XXI. mendean pikutara joan ziren Mendebaldeko zibilizazioak gozatu zituen askatasun indibidualak, klimaren aldaketak eragindako larrialdiaren eraginez: “Ororen gainetik norbanakoaren askatasuna bermatu behar omen zuen neoliberalismoak ekarritako egoera latz hark berak eragin zuen gobernuen esku hartze izugarri handia”.
Baina zergatik ez ziren Mendebaldeko jendarteak gai izan XXI.ean egin beharreko trantsizioa burutzeko? Alde batetik, diote Oreskes eta Conwayk, merkatuko fundamentalismoa deitu dutenagatik: “Klimaren aldaketa benetan gertatzen ari dela ukatzen dutenetako askok halako fede batez sinesten dute merkatuak egingo duela zerbait magiazkoa bezala eta arazo hau konponduko duela merkatuaren esku ikusezinak mirakuluz bezala, pieza bakoitza bere lekura eramanez mirarizko soluzio bat aurkituko duela. (...) Aldiz, Munduko Bankuaren ekonomialari buru izandako Nick Sternek aitortua du klimaren aldaketa dela sekula ikusi den merkatuaren huts egite [market failure] handiena”.
300 urte beranduagoko begietatik hau guztia gertatu zen XXI. mendean boterea zegoelako erregai fosiletatik aberasten ziren indarren eskuetan, historialariok “the carbon combustion complex” deitu duten indar multzoak bahituta. Sare horrek biltzen zituen erregai fosilen ekoizleak, erregaiok merkaturatzen zituzten konpaniak (petrolioa ateratzen dutenak, horientzako ari diren eraikuntzako eta bestelako korporazioak, petrokimikakoak...), erregai fosil merkeetan oinarritutako industriak (automobilak eta hegazkingintza), gehi guztien kapital beharrak asetzen zituzten bankuak.
XXI. mendeko hondamendi klimatikoaren beste erantzule nagusiak, Oreskes eta Conwayrentzat, zientzialariak izan ziren. Bakoitza bere gai hiper-berezituan murgildurik, ikuspegi orokor bat edukitzeko miopeegi, edozein ondoriotara iristeko %95eko segurtasuna edukitzeko behar horrekin... “Zientzialariek oso-oso beldurti jokatu dute ‘otsoa datorrela!’ oihukatzeko orduan eta ondorioa izan da denok egon garela bibolina jotzen Erroma kiskaltzen ari zen bitartean, edo zehazkiago esanda, Groenlandia urtzen zen bitartean”.
Ekosistema askok itzulera gabeko puntuak dituzte, hau da, estresa maila berezi bat pairatuz gero –izan klima aldaketa, kutsadura edo kalte fisiko zuzenarengatik– desagertzen ahal dira, eta ekosistemak haien artean konektatuak izanez gero hurrenez hurren elkar... [+]
Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgen komunitateetan izan duen eragina aztertu du EHUko ikerketa-talde batek. Bizkaiko kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte eta ikusi dute egituratzaileak diren afinitate hotzeko... [+]
2023an, karbono dioxido isuriek %5,3 egin dute behera Espainiako Estatuan. Gehien isurtzen duten hamar enpresen artean, bakarrak egin du gora, Iberia hegazkin konpainiak, %10,7ko igoerarekin. Kutsatzaileen zerrendan aurrena Repsol dago.
Suitza zigortu du Estrasburgok, estatu horrek bideraturiko klima politikak adindunen eta oro har herritarren osasun eskubidea zangopilatzen duelakoan. Ebazpena txalotu dute talde eta norbanako ekologistek eta diotenaz, ondorioak izanen ditu gainontzeko estatuengan ere, besteak... [+]
Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.
Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]