argia.eus
INPRIMATU
Otsoak artzain
Itxaro Borda 2014ko azaroaren 20a

Europako Batzordearen buru jarri dute Jean Claude Juncker entzutetsua, ez hain aspaldi. Luxenburgokoa da jatorriz eta guztiek dakigu dukerri hori Europaren baitako bizpahiru paradisu fiskaletatik bat dela. Aberatsetan aberatsena. Multinazional gehienak, Ikea, Amazon edo Apple, adibidez, bertan errotuak dira, han eta hemen eskuratzen dituzten uzta erraldoien gainean, ahalik eta zerga gutxien ordaintzeko. Nazio-estatuak izorratzeko helburua betea da eta moral neoliberala zaindua.

Bizkitartean, ironia balitz ederrago liteke, Europako Batzordearen lehen lana iruzur fiskalaren aurkako borroka indartzea dela erran dute goraki. Ez dituzte industria militarren eremuko enpresen pribilegioak kenduko, haien premia dutelako funtsean, arditari arditaren zukua ateratzeko oraino. Antza denez, intentzio deklarazioak dira nagusi. Ez dute deus eginen, merkatuen labanaz hiritar amilduen eskubideak urratzeaz aparte, jendetza horren beraren konplizitatearekin, Europaren salbatzeko sakrifizioak biderkatzeko prest dagoela erakusten baitute aburu ikerketa batzuek.

Otsoak artzain, hoberik ez da.